Informazio sistemen garapenaren atzerriratzea eta unibertsitatea

Informazio sistemen garapena gero eta usuago egiten da Ekialdean, India edo Txina bezalako herrietan. Hango informatikariak trebeak dira, eta askoz merkeagoak. Ohikoa da ondo definitutako lan puska handiak hara bidaltzea. Ondorioz, gero eta programatzaile gutxiago behar dira Europan eta Amerikako Estatu Batuetan. Kontuan izan, gainera, Gartner Group-ek munduan 2010ean sistemen garatzaileen beharra %30 murriztuko dela uste duela.

Amerikako Estatu Batuetako unibertsitateetan informatikako ikasleak %60-70 gutxitu dira. Gazte amerikarrek ez dute uste informatikan lanik topatuko dutenik. Informatikako graduatu berriak ez daude informatikako lan baten bila ere, bestelako lan baten bila baizik. Hala eta guztiz ere, bertako Lan Estatistiken Bulegoak sortzen diren baino informatikari gehiago beharko direla uste du. Zer gertatzen ari da?

Nonbait, komunikabideek gehiegitu egin dute arazoa. Mendebaldean oraindik informatika lan asko egingo da. Eta profesional gutxiegi dagoenik, atzerritik ekarri behar dutela uste du, besteak beste, Espainiako Adeccok. Hirschheim-en eta beste batzuen ustez, programatzetik modelatzera pasako gara neurri handi batean. Lan konplexuenak eta bezerorengandik gertutasuna behar dutenak mantendu eta haziko dira. Hala nola, negozio modelatzea. Epe ertainean hardwarearen diseinua ere mantenduko da. Eta sareen kudeaketa edo mantenimendua bertan egin beharko da orain eta epe luzera. Baina programazioa edo laguntza zentroak murrizten ari dira dagoeneko.

Nola eragingo die atzerriratze joera honek Mendebaldeko informatika ikasketei?
W. Kingen ustez, software interfazetan, kontratuen kudeaketan eta teknologia aholkularitza estrategikoan sakondu behar da. Beste batzuek ikasketetan kanporatzearen eta atzerriratzearen kudeaketa sartu behar direla uste dute. Zehazki, atzerriratze-azpiegituraren kudeaketa, atzerriko sistemen garapenaren kudeaketa, atzerriko eragiketaren kudeaketa eta atzerriko kanporatzearen kudeaketa.

Gehiago jakiteko, irakurri Offshoring and its Implications for the Information Systems Discipline / R. Hirscheim; C. Loebbecke; M. Newman; J. Valor, eta, kontrapuntuan, Espainiako Adeccok eskatzen duena.

Iñaki Agirre Pérez