2010/05/11 16:12:01.267 GMT+2
Web 1.0 eta blogosferako kokapena
Laura Pascual Cantabrana,
Iñaki Agirre Pérez
(en
español aquí)
Joan den astean plazaratu “Euskal
unibertsitateak giza sareetan” txostenari jarraituz, gaur unibertsitateen web argitalpen osoa, alde batean, eta blog argitalpena, bestean, ikuskatuko dugu.
Webometricsen datuek Euskal Herriko Unibertsitatearen agerpen zabalagoa erakusten dute, atzean Nafarroako Unibertsitatea darraiola.
Kokapen datu hauek euskal unibertsitateen ikasle kopuruekin
erkatuz, unibertsitateen web 1.0 argitalpenen antzeko errendimenduak
dagertza, gutxi gora-behera ordena linealeko erlazioan. Deustuko
Unibertsitatea nabari da zertxobait. Adierazle konposatutik web
argitalpenaren tamainua erauzten badugu, Deustuko Unibertsitatearen
errendimendua are nabariagoa da.
Gure ustez, giza sareetako jarduera eta web argitalpenaren
tamainua ez daude lotuta. Erakundearen blogen aldeko politika
eraginkor batek argitaratutako web orrialdeen kopurua emenda dezake,
baina hasiera batean, giza sareetako guneetan jardun, mikroblogak idatzi edo gizartean etiketatzea ikuspena, onarpena eta azken batean eragina hobetzeko baliogarriak dira.
Webometrics sailkapeneko ikuspenari so, Nafarroako Unibertsitateko blog politika emankorra izan dela pentsa dezakegu, blogak sustatu bai, baina ikasleei ireki ez dizkien Euskal Herriko Unibertsitatea harrapatu duelako.
Hala eta guztiz ere, 4icu erakundearen ikuspen/onarpen adierazleak ez ditu berresten datu hauek. 4icuren arabera Euskal Herriko Unibertsitatea da nagusia, eta honen atzetik politika iraunkorra duen Deustuko Unibertsitateak zein blogik sustatzen ez zuen eta giza sareetan parte hartzen ez zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Unibertsitateari aurrea hartu diote.
Azkenik, Mondragon Unibertsitateak planet formatua aukeratu du unibertsitarien etxeko zein kanpoko blogak batzeko. Ondorio gisa, datu hauek oso kontuz erabili behar direla ohartu besterik ezin dugu egin. Izan ere, neurtresnen emaitzak ez datoz bat.
Ikuspegia osatzeko asmoz, surchur zerbitzuaren beste adierazle bat eskaintzen dugu,
ikasleak erakartzeko garaiko blogen onarpena, hain zuzen ere. Aipatu zuhurtzia ahaztu gabe, unibertsitate pribatuek (Deustuko, Nafarroako eta Mondragon Unibertsitateak) hobeto jokatzen ari direla esango genuke.
Nork: iagirre.2010/05/11 16:12:01.267 GMT+2
Etiketak:
web20
unibertsitatea
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (1)
2010/05/04 12:15:37.466 GMT+2
Euskal unibertsitateak giza sareetan
Online ospea/aipua eta web 2.0a
Laura Pascual Cantabrana, Iñaki Agirre Pérez
Sarrera
Artikulu sorta honetan Euskal Herriko unibertsitateen
online ospea aztertu nahi dugu. Unibertsitate hauek berandu iritsi
dira giza web sareetara. Alta, unibertsitate gazte hauentzat ospea
eta izen ona lortzeko aukera irekita dago. Azken hilabeteetan kokapen
eta mugimendu berri estrategikoki interesgarriak somatu ditugu, eta
txosten labur bat prestatzea deliberatu dugu. Gure helburua
komunikazio estrategia hauek ebaluatzea eta erkatzea izan da, unibertsitate bat hautatzear dagoen ikaslegaiaren ikuspuntutik.
Txostenaren lan eremua Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute.
Giza sareek gizartean merkatu-penetrazio handia lortu dute, batik bat erdiko eta goiko klaseetako gazteen artean. Izan ere, hauexek dira unibertsitate-ikasketako hasteko aldekoenak.
Espainian, adibidez, Tuentik Googlek baino %35 trafiko gehiago eramaten du. Eta datuak bildu genituen hilabetean Facebookek 584 mila erabiltzaile
gehiago lortu zituen Espainian bakarrik, hau da, %6,7ko igoera.
Internauten kopuruei dagokienean, Espainiako biztanleriaren %72ak erabiltzen du internet, munduko 6. sartze-maila (Internet World Stats 2009/08).
Ingelesez esaten duten bezala, fish
where the fish are, edo Willie Sutton banketxe-lapurrak zioen legez, go where the money is... and go there often.
Xperience Consultingek idatzi eta Universian
argitaratutako txostenaren arabera, unibertsitate ikaslegaietako %69ak karrera hautatzerakoan Interneten bilatzen du informazioa.
Erabaki hau hartzerakoan eragile nagusiak programen aniztasuna (1.a), salneurria (2.a), unibertsitatearen ospea (3.a) eta bekak eta laguntzak (4.a) dira.
Web orrietan gehien bilatzen duten informazioak honako hauek dira: titulazioak, onarpen irizpideak eta programen salneurriak. Bai eta bestelako informazio akademikoa, egoitzei buruzkoa edo bekei buruzkoa ere errazago aurkituko nahi lituzkete.
Izan ere, ikasketa-planei, onarpen-baldintzei, irteera profesionalei eta abarrei buruzko informazioaren banaketa gogoz eskertzen dute
gazteek.
Ikerlan honen jopuntua
giza sareak izan dira, unibertsitateen ospean bolo-bolo ahoz aho dabilen iritzia giltzarria delakoan gaudelako. Giza sareetan ikaslegaiek unibertsitateen kalitateari buruzko lehen eskuko informazioa lortzea daukate, eta informazio hau beraien erabakiaren eragilerik nagusienetakoa da.
Bigarren helburuz,
unibertsitateen marka irudia aztertzen dugu, Paul J. J. Payackek
dioen bezala, “ikaslegaiek, ikasle-ohiek eta enpresaburuek […]
tituludunak eskolaren ezaugarriak bereganatzen dituela uste
dute”lako.
Azkenik, unibertsitate
bakoitzak komunitatearekin lotzeko zer hizkuntza erabiltzen duen ere
aztertuko dugu.
Beste ikerlan batzuk
Guk dakigunez, gaur arte ez da
Espainiar Estatuan ez eta Europan argitaratu unibertsitateen online ospearik buruzko ikerlanik.
AEBetan Texasko Global Language
Monitor-rek interneteko zein prentsako hedabideetako agerpenen arabera unibertsitateak sailkatzen ditu.
CSICek munduko unibertsitateen
sailkapena burutzen du web argitalpenen arabera, webometrics
izenekoa. Sailkapen honetan web orrien kopurua, estekak, fitxategi
motak eta Google Scholar-reko emaitzak hartzen dira aintzat. 4icu.org erakundeak ere antzeko sailkapena mantentzen du.
Beste unibertsitate sailkapen batzuk,
QS-THES edo ARWU kasu, ospea aztertzen dute, baina inkesta
pertsonalen bitartez (QS-THES) edo Nobel bezalako bikaintasun agirien
bitartez (ARWU).
Hurrengo artikuluan web 1.0 eta blogosferako kokapena aztertuko dugu.
Nork: iagirre.2010/05/04 12:15:37.466 GMT+2
Etiketak:
web20
unibertsitatea
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (2)
2010/03/02 15:10:00.262 GMT+1
Ezaguna da euskaldunok Europako herririk zaharrena garela. Askoren ustez, franko-kantabriar herriaren oinordeko zuzenak gara. Hortaz, gure arbasoen artean munduko lehen margolan artistikoak burutu ziren, hala
Santimamiñen nola Altamiran edo
Lascauxen. Ez da kultura unibertsalari egindako ekarpen bakarra, munduko lehen txirula
Isturitzen topatu baita. Arkeologiak orain harro egoteko beste arrazoi bat erakutsi digu:
Zaragozako Unibertsitateko ikerlari talde batek Europako lehen mapa aurkitu du Nafarroako
Arraitz herriko Abauntz kobazuloan. Pilar Utrilla (
biografia erdaraz hemen) buru duen taldeak errekak, mazelak eta pasabideak harri batean zizelkaturik ikusi ditu, horretaz gain basahuntzak eta
oreinak, ehiza planak prestatzeko edo.
Hortaz, zure
GPSrekin euskal mapak marraztera ateratzen zarenean,
goi paleolitotik datorkigun ohiturari eusten diozula esan dezakezu.
Maparen deskribapen ederra hemen dago:
Abauntzeko mapa, irudiak eta kokapenaEta Luistxo Fernandezen esku,
Aintzinateko (agiango) beste mapa batzuk, non Europako maparik zaharrenean Taurus konstelazioa dagerrela dioen.
Jatorrizko artikuluak hemen:
- A palaeolithic map from 13,660 calBP: engraved stone blocks from the Late Magdalenian in Abauntz Cave (Navarra, Spain) / P. Utrilla; C. Mazo; M. C. Sopena; M. Martínez-Bea; R. Domingo in Journal of Human Evolution 57 (2009), pp. 99-111
- Ríos, montañas y charcas: una representación de paisaje en el bloque 1 de la cueva de Abauntz / María del Pilar Utrilla Miranda, C. Mazo; María Cruz Sopena Vicién; R. Domingo; Manuel Martínez Bea en Veleia: Revista de prehistoria, historia antigua, arqueología y filología clásicas, ISSN 0213-2095, Nº 24-25, 1, 2007‑2008 (Alearen gaia:: Homenaje a Ignacio Barandiarán Maestu / koordinatz. : Javier Fernández Eraso, Juan Santos Yanguas; Ignacio Barandiarán Maestu (hom.)) , orri. 229-260
Nork: iagirre.2010/03/02 15:10:00.262 GMT+1
Etiketak:
mapa
geografia
paleolito
arkeologia
antropologia
mapagintza
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (0)
2009/12/24 17:39:23.724 GMT+1
Hasi baino lehen aitortu behar dut
Monty Hallek ez zuela paradoxa hau proposatu. Monty Hall
Let's Make a Deal izeneko telebista saioaren aurkezlea zen. Nik ez dut inoiz ikusi, baina antzeko erabakiak hartu behar zituzten nire garaian jokalariek
Un, dos, tres, ... responda otra vez telesaioan. Imaginatu jokatzen ari zarela, eta kotxea irabazteko zein ateren atzean dagoen asmatu behar duzula. Hiru ate daude, biren atzean
kuia besterik ez duzu topatuko, eta bestearen atzean amestu duzun kotxe liluragarria dago. Noren atzean ezin jakin, ordea. Aztarnarik ez.
Kiko Legardek ate bat hautatzeko eskatzen dizu. Zure barneko ahotsaren aholkua entzunda, ate bat hautatzen duzu. Ate hori ireki baino lehen, Kikok zera diotsu: "Lagunduko dizut piska bat", eta beste ate bat irekitzen dizu, non kuia bat dagerren. Eta orduan galdetzen dizu: "Zure lehen aukerari eutsi nahi al diozu?".
Zer egingo zenuke? Hautatutako atea mantendu, edo bestea hartu oraingoan?
Jende gehienak berdin dela pentsatzen dut. Aukeratutakoari eutsi, edo iritzia aldatu berdin dela, itxita dauden ateen atzean kotxea eta kuia daude eta kokapena ekiprobablea delako. Eta horrela pentsatuta, askok eutsiko liokete lehen aukerari. Steve Selvinek plazaratu zuen paradoxa hau 1975an, baina ezaguna egin zen C. F. Whitaker-rek Marilyn vos Savant-i (garai batean munduko pertsonarik azkarrena) galdetu zionean 1990. Vos Savantek ondo erantzun zuen bere
Paradeko zutabean:
egokiena beste atea hartzea da.
Nahiz eta ondo erantzun, hika-mika handia zabaldu zuen. 10etatik 9 ez ziren ados Vos Savanten erantzunarekin, unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak barne. Ulertzeko
baldintzazko probabilitatea ulertu behar da. Hasieran, asmatzeko probabilitatea heren bat da. Baina oker bazaude, Kikok emandako
informazioarekin, iritziz aldatuz gero, asmatuko duzu beti. Zuzen bazaude, aldatuz gero erreka joko duzu, noski. Hortaz, aldatzeko politikarekin zure kotxea lortzeko probabilitatea
bi herenekoa da.
Azalpen grafikoa
hemen duzue ingelesez. Estatu Batuetako telesaioan ahuntzak erabiltzen zituzten. Beste lekuren batean Perseo, bi gorgoiak eta printzesa bat erabili izan dira paradoxa hau adierazteko.
Paradoxaren dotorezia albo batera utzita, erabaki konplexuetan gaizki ulertzen ditugun jazoerak ekiprobableak direla pentsatzeko isuria dugula gogorazi nahi dut honetan. Hauteslearen isuriak kontuan hartu behar dira egoera askotan. Eta informazio berriarekin berriz pentsatu behar ditugu aukerak. Ez dadila izan dena "sostenella y no enmendalla".
Nork: iagirre.2009/12/24 17:39:23.724 GMT+1
Etiketak:
proiektuen_kudeaketa
paradoxak
probabilitatea
estatistika
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Erreferentziak: (0)
2009/10/06 15:30:10.251 GMT+2
Nafarroako Proiektuen Kudeaketarako Jakinmin Bereziko Taldearen bigarren bileran parte izan dut gaur,
CEINen. Oraingoan ere hiru pilula partitu ditugu:
- CEINeko Carlos Urtasunek proiektuetan hain garrantzitsua den alde psikologikoak jorratu ditu. DeMarco-ren bi liburu oinarri, Adrenaline Junkies and Template Zombies eta Peopleware, lankideak sailkatzeko eta beraiekiko harremanak kudeatzeko aholkuak eztabaidatu ditugu. Usain bezalako jende iaioa, saltsa bologniarrari eta prozedimenduei ken diezaiekeguna, ataza aunitz batera egiteagatiko errendimendu galerak eta lantaldearen inplikazioa kide berrien hautaketan izan ditugu mintzagai.
- CEINeko
Raúl Sanz de Acedok proiektuen kudeaketarako softwarezko tresna bat nola hautatu zuten kontatu digu. Azkenean software libreko Redmine aukeratu dute, web bitartez erabiltzen den tresna bat. Finaleko galtzailea TeamWork izan zuten.
- Thomson-Reuterseko Ángel Sanzek PMIko ziurtagiriak nola lortzen diren azaldu digu. CAPM eta PMP eskaintzen ditu erakunde honek.
Finean, bilera probetsugarria berriz ere.
Nork: iagirre.2009/10/06 15:30:10.251 GMT+2
Etiketak:
proiektuen_kudeaketa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (0)
2009/09/27 22:33:25.666 GMT+2
Herenegun
Navarpartyn Maria Ángeles Bueno
web erabilerraztasunaz aritu zitzaigun. "
Buenas prácticas para la creación de web accesibles" izan zen hitzaldiaren izenburua. Hasieran ebanjelizazio modua "ON" piztu zuen, eta gero ohar nahiko garbia bota zigun: Espainian 1494/2007 errege-dekretua eta 49/2007 arau-hauste legea atera dira; 2010an betetzen ez dituen webgunea isunak jasotzeko zorian dago.
Web erabilerraztasuna lantzeko arrazoien artean, legea ez da nagusia. Erabilerraztasuna norbanakoak pairatzen dituen gabeziak gainditzen ditu, eta hori ez da ahuntz gauerdiko eztula. Gainera, testu-ingurutik eratorritako murrizketak ere estaltzen ditu, terminal mugikor ahulak edo argiztapen exkaxa kasu.
Erabilerraztasuna zabaltzeko asmoz
W3C erakundeak
WAI ekimena bultzatu du. Bere baitan ATAG, WCAG eta UAAG arauak daude.
Hitzaldia WCAG arauaren inguruan ibili zen. Lehen bertsioan 3 maila zeuden, eta espainiar legediak 2-AA maila betetzera behartzen du. Zehazki, UNE 139803:2004 egiaztapen araua aipatzen du legeak.
Ordutik WCAG 2.0 argitaratu dute (2008ko abenduaren 11ean), zeinek
hautemangarritasun, egingarritasun, ulergarritasun eta sendotasun oinarriak azpimarratzen dituen.
Hala eta guztiz ere, Maria Ángeles irudiko, ez da funtsean aldatu araua.
Gero, hizlariak erabiltzen dituen
praktika onak zerrendatu zizkigun. Ez ditut guztiak aipatuko, baina horra hor:
ALT, TITLE eta LONGDESC atributuak erabili.
- Kontuz koloreen erabilerarekin, gizonen %10a Daltonismok jota dago eta.
- Adierazgailu semantikoak (
STRONG, EM, H1, H2) erabili, eta utzi diseinua estilu-orrientzarako.
LANG atributuak erabili.
TABLE etiketa taula-formako datuentarako da, ez diseinua moldatzeko.
- Kontuan izan denboraren adierazleak, metadatuetan.
- Murriztu, ahal den neurrian, txertatutako interfazeak, eta alternatibak eskaini.
- Dispositibo guztietako idatzi, ahaztu "hobe zenuke nik gustoko dudan nabigatzailea erabili" bezalako mezuak.
Hitzaldi gozagarria izan genuen, lagun-giroan. Partaide batek galdetu zion:
Erabilerraztasunaren kontuan, zeintsuk dira ezagutzen dituzu webgunerik onena eta okerrena?
eta ezin diot azken erantzuna zuei xuxurlatzeko tentaldiari eutsi:
Telemadrid
Gaiaren inguruan informazio gehiago, erdaraz, Gaztela eta Leongo
INTECOn.
Nork: iagirre.2009/09/27 22:33:25.666 GMT+2
Etiketak:
web
usagarritasuna
erabilerraztasuna
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (0)
2009/09/23 15:45:00 GMT+2
Paradoxa itxuraz
zentzugabea edo buruaren kontrakoa dela dio hiztegiak. Alta, paradoxak, gure ustearen ustela agerian utziz, zentzu sakonagorako bideak erakusten dizkigu. Horregatik ditugu hain gustuko.
Gaurkoan ale bitxi bat ekarri nahi dizuet.
Daniel Bernoulli matematikari ospetsuak plazaratu zuen, 1738an
San Petersburgon emandako hitzaldi batean. Ideia, hala eta guztiz ere, bere lehengusu Nicolas Bernoulliri zor diogu.
Jo dezagun San Petersburgoko kasinoan joku berri bat asmatu dutela. Jokatzeko, sarrera ordaindu behar duzu, baina gero txanda guztiak dohainik dira.
Croupierrak txanda bakoitzean leon-kastillo botatzen du. Jokalariak kastillo (ifrentzua) ateratzen denean irabazten du, eta jokua bukatu da. Jokalariak irabazteko
probabilitate osoa du, gero. Hala eta guztiz ere, saria ez da beti berdina. Lehen txandan asmatuz gero, rublo bat poltsikoratzen du. Bigarrenean, bi rublo. Hirugarrenean, lau rublo. Oro har, 2^(n-1) rublo ematen du kasinoak, n. txandan asmatuz gero.
Zenbat ordainduko zenuke sarrera gisa San Petersburgoko loteria honetan jokatzeko? Daniel Bernoullik sariaren
itxaropen matematikoa erabili zuen sarrera hura kalkulatzeko. Lehendabizikoan asmatzeko probabilitatea 1/2 da, bider saria (rublo 1) berdin 1/2. Bigarren txandan asmatzeko probabilitatea 1/4 da, bider saria (2 rublo), berdin 1/2. Oro har, batuketaren termino bakoitza 1/2 da, eta hortaz sariaren itxaropen matematikoa infinitura doa. Zenbat ordainduko luke jokalari batek sartzeagatik? Daukan guztia!
Momentu bat. Sariaren itxaropen matematikoa infinitura doa, baina 1/2 probabilitatearekin rublo bakar bat irabaziko duzu. Benetan duzun guztia jokatuko zenuke? Ez, hortxe dago paradoxa. Jendeak asko jota 25 rublo jokatuko luke, baina ez duen guztia.
Paradoxa honek jendearen erabaki arrazionalak ulertzeko itxaropen matematikoa nahikoa ez dela erakusten digu.
Paradoxa konpontzeko ahaleginean Daniel Bernoullik
Baliagarritasun marginal beherakorraren legea zirriborratu zuen, baina auzia ez dago guztiz itxita. Baliagarritasunaren teorian aurrera eginez, baliagarritasuna atributu-anitza dela ebaki zuten batzuek 1970 hamarkadan. Horren ondorioz balioaren hirukia sortu zuen Atkin-ek 1990an, proiektuen kudeaketan urrezko edo altzairuzko hirukia (
iron triangle) esaten dioguna.
Katea kritikoa teknika barruan, baleko programazioa, azken finean, pentsamolde honetik datorkigu.
Beste batzuk paradoxa honen eta beste ezintasun batzuen ondorioz
positibismoaren eta ekonomia neoklasikoaren kontra jo zuten, eta ikuspuntu postmodernista batetik kontsentsuaren bila abiatu ziren. Proiektuen kudeaketan erabiltzen dugun Delphi metodoa ildo honetatik datorkigu.
Keynesek arrisku erlatiboa aipatu zuen paradoxa hau konpontzeko asmoz.
Proiektuen kudeaketan arriskua nola kudeaketu, eta teknika berriak nola aplikatu jakin nahiez gero, oraintxe duzue aukera "
Proiektuen kudeaketarako teknika berriak" ikastaroan.
Nork: iagirre.2009/09/23 15:45:00 GMT+2
Etiketak:
probabilitatea
estatistika
proiektuen_kudeaketa
ekonomia
paradoxak
erabakia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (0)
2009/09/21 08:40:18.811 GMT+2
Antza, irakurleak lortzeko
Technoratin izena eman behar. Bloga
aitortzeko prozeduran post bat gehitu behar duzu, hortaz
nire aurreko mezua.
Nork: iagirre.2009/09/21 08:40:18.811 GMT+2
Etiketak:
web20
blogak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (0)
2009/09/21 08:31:03.084 GMT+2
8xncutqzyi
Nork: iagirre.2009/09/21 08:31:03.084 GMT+2
Etiketak:
web20
blogak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (1)
2009/06/16 15:11:48.978 GMT+2
Nafarroako Proiektuen Kudeaketarako Jakinmin Bereziko Taldea sortu da gaur,
CEINen babespean. Aurkezpen ekitaldian hiru pilula banatu dizkigute:
- Thomson Reuterseko Juan Arraizak OPM3ri buruz hitz egin digu. Praktika onak eta gaitasunak zehazten ditu eredu honek, CMM-ren antzera, eta proiektuen kudeaketan proiektuaren, programaren eta proiektu-zorroaren dimentsioak aztertzen ditu. Dimentsio hauetaz gain erakunde-eragileak aipatu ditu.
- Indrako Carlos Monrealek administrazioarekin eramaten dituzten proiektuen berezitasunez jardun du. Barneko eta kanpoko proiektu kudeatzaileen arteko errol banaketaz, pertsonen garrantziaz (errotazioa gutxitu behar dela), arraskata neurtzeko aldeak (adibidez, bozketarako grina), hierarkiaren egonkortasunaz, arauez lotutako zuzendaritzaz eta horrelakoetaz mintzatu da, edozein proiektuan nagusiak diren arloak ahaztu gabe.
- Tracasako Mans Shapshak IT munduan sartu da, "Analista edo mamua" izenburupean. Bere hitzaldian software txarraren zioak gainbegiratu ditu, probatzeko metodologia kaskarra eta eragiketetako akatsak, kasu, eta diseinu alternatibak arakatzeko beharra defenditu du. Taldearen antolakuntzan The Software Design Studio/House proposatu du, arlo anitzeko teknikariak elkarrekin lanean jartzeko.
Talde bezala oso hasera polita izan dugu, ea gerora ere taxuzko gauzak egiten ditugun.
Nork: iagirre.2009/06/16 15:11:48.978 GMT+2
Etiketak:
proiektuen_kudeaketa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Erreferentziak: (0)
Hurrengoak