Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian ZORIONAK Iparrorratza!!!

Dokumentuaren akzioak

ZORIONAK Iparrorratza!!!

2008/10/17 - Unibertsitatea.net
Unibertsitatea.net-eko Iparrorratza orientazio zerbitzua "Ikasketa- eta Lanbide- Orientabiderako I. Educaweb Sariketan" finalista izendatu dute.

Cavaz eta pastelez ospatu dute saria Iparrorratzako lantaldeko kideek. Zortzi hilabete bete dituen orientazio zerbitzu gazteari aitorpena egin diote bart Bartzelonan. Espainiako Estatuan ikasketa eta lanbide orientazio arloan erreferentea den Educaweb Interneteko atariak bere hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu du Ikasketa- eta Lanbide- Orientabiderako I. Educaweb sariketa berezia eta ikasketa eta profesio aholkularitzan dabiltzan proiektuak saritu ditu.

Sariketan 25 proiektuk eman dute izena, eta Iparrorratza talde lanen arteko hiru finalisten artean geratu da. Lanak kalitate handikoak izan direla azpimarratu dute antolatzaileek, eta erabaki zail baten ostean, lehen saria Valentziar Komunitateko "Servicios avanzados de telecomunicaciones aplicados a la orientación de jóvenes sin formación ni experiencia laboral" proiektuak jaso du. Iparrorratza eta Sabadellgo beste proiektu bat finalista sariarekin joan dira etxera, bigarren eta hirugarren sariak banatzea zail egin baitzaie epai mahai-kideei.

Iparrorratza, bakarra da bere alorrean. Unibertsitate alorreko zalantzen gaineko informazio inpartziala eta pertsonalizatua eskaintzen du, euskaraz, on line eta doan. Hainbat gairi buruzko ikasketa-orientazioa eskaintzen da, besteak beste: titulazio jakin bat lortzeko lekuak, gradu eta graduondoko titulazioei buruzko informazioa, batxilergoko edo lanbide-heziketako ikasketen eta unibertsitatekoen arteko erlazioa, unibertsitatean hasteko irizpideak, matrikulazio-prozesua, curriculum-lerroen hautaketari buruzko orientabidea, lan-munduaren eta ikasketen arteko egoera...

Jadanik 100 galderatik gora jaso dira. Hauetatik asko dira web gunean argitaratutakoak eta galdera ohikoen FAQ atalarekin batera edonoren eskura daude kontsultatzeko. Galdera egitea ere erraza da, “Galdera egin” botoian klik egin, bertako galdetegi laburra bete eta hiru laneguneko epean emango da erantzuna.

Sari honek gure lanarekin aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkigu. Eskerrik asko bada Iparrorratza eta Unibertsitatea.net-en lagun guztiei UEUren partez!!!