Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Elhuyarreko Aitziber Lasa eta Danel Solabarrieta: "Zientzia Azokaren helburua proiektu bikainak jasotzea baino gazteek konpetentziak garatzea da"

Dokumentuaren akzioak

Elhuyarreko Aitziber Lasa eta Danel Solabarrieta: "Zientzia Azokaren helburua proiektu bikainak jasotzea baino gazteek konpetentziak garatzea da"

2018/04/19 - Unibertsitatea.net
Zientzia Azoka antolatzen duten Elhuyarreko bi arduradun elkarrizketatu ditugu: Danel Solabarrieta Arrizabalaga eta Aitziber Lasa Iglesias.

Elhuyarrek kultura zientifikoa gizartean sustatzeko egiten dituen ekimenetako bat da Zientzia Azoka (#zientziazoka). Ekimenean 12-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte eta 2018ko edizioan 33 ikastetxetako 911 ikasle ari dira proiektua lantzen.

Larunbat honetan (apirilak 21) ospatuko da Zientzia Azoka Bilboko Plaza Berrian. Bertan elkartuko dira hilabeteotan lanean aritu diren ikasle, ikertzaile eta irakasleak eta beraien lanen berri emango dute.

UEUk bat egin du proiektuarekin eta lanean aritu diren bost talderen esperientziak jaso ditugu (hemen dituzu zientziazoka-ko elkarrizketak).

Ildo honetatik, ezin utzi jaso gabe Zientzia Azokaren antolaketan buru belarri dabiltzan Elhuyarreko arduradunen hitzak. Aitziber Lasa Iglesias eta Danel Solabarrieta Arrizabalaga elkarrizketatu ditugu.

 

Nondik eta noiz jaio zen Zientzia Azokaren ideia?

Zientzia Azoka ideia-lehiaketa moduan jaio zen 2004an, “Nanoskopioa” izenarekin. Hurrengo urteetan “Teknoskopia” izenarekin jarraitu zuen, 2013. urtera arte. 2014an zientzia-azoka formatua hartu zuen, eta ordura arte ibiltaria zen ekimena Bilbon finkatu zen, babesletza eta antolamendu arrazoiengatik.

Zientzia Azoka bihurtzean, eskarmentutik eta kanpoan ikasitakotik hainbat hobekuntza gorpuztu ziren: gazteen bizipenei lehentasuna ematea lehiari eman beharrean, komunitate osoaren parte-hartzea indartzea, ikertzaileekin harremanak gehitzea, eta abar luze bat. Izan ere, urtez urte antolatzen den ekimena izanda, urtero proposatzen dira hobekuntzak: hala nola gazteei laguntzeko baliabideak, Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren ikuspegia txertatzea, Nazio Batuen 2030 agendako Garapen Iraunkorreko Helburuen sentsibilizazioa edota ikerketa eremu profesionala eta hezkuntza eremua gerturatzea.

 

Zergatik hurbildu gazteak zientziara?

Gure ikuspegia da gaur eguneko gazteek zientzia eta teknologia konpetentziak beharko dituztela edozein dela hautatzen duten lanbidea izanda ere. Eta ez hori bakarrik, bai eremu profesionalean bai pertsonalean ere beharrezkoak dira, gaur egun, jakintza eta trebetasun gutxiengo batzuk, eta ikuspuntu horretatik lortu behar dugu zientziarekiko jarrera ireki eta kritiko bat izatea.

Horrez gain, zientzia eta teknologia ikasketen ikuspegi errealago eta zabalago bat aurkezten dugu gazteek haien ikasketak aukeratu baino lehen ezagutu dezaten eremu profesionala bertatik bertara, eta, adibidez, kimika ikasteak ate asko zabaltzen dituela hainbat lanpostuetan lan egiteko, ez bakarrik laborategi batean jarduteko.



Zenbat ikaslek parte hartzen dute? zenbat ikastetxe? Zenbat ikertzaile? Zenbat elkarte/erakunde laguntzaile?

Aurtengo ekitaldian 33 ikastetxeetako 256 talde ditugu parte hartzen, guztira 911 gazte (452 neska, 449 mutil, 10 besterik). Unibertsitate guztietako 248 ikertzaile izan ditugu gazteei laguntzeko prest (139 emakume eta 109 gizon), eta, gazteek landutako gaiek baldintzatuta, parte hartu duten ikertzaileak, berriz, 146 izan dira, horietako 82 emakumeak. Proiektuan kolaboratzen hainbat erakunde ditugu: unibertsitateak (UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, UEU, Ikerbasque eta Digipen), korporazio teknologikoak eta ikerketa-zentroak (Tecnalia, IK4, Neiker eta CIC Nanogune), enpresa pribatuak (Euskaltel, Iberdrola eta Erabi) eta irabazi asmorik gabeko erakundeak (Unesco etxea, Bizkaia Talent). Datu gehiago Zientzia Azokaren webgunean aurki daitezke. Orokorrean, oso pozik gaude duen harrera bikainagatik.



Ze eratako lanak lantzen dituzte ikasleek?

Ikerketa-proiektu eta proiektu teknologiko kategorien barruan zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika eremuetako proiektuak jasotzen ditugu; zehazki, ingurumenarekin, osasunarekin eta teknologiarekin lotutakoak izaten dira ugarienak. Gaia aukeratzea izaten da zailtasun handienetako bat, eta gazteei beti gomendatzen diegu egingarria den erronka bat aukeratzea, zailtasunak bidean beti agertzen dira eta. Horretan, gazteek eta irakasleek duten eskarmentua berebizikoa izaten da, zenbat eta gehiago izan orduan eta errazago lortzen dute prozesuaren amaierara arte iristea. Gure paperetako bat hor laguntzea izaten da, zuzenean edo ikertzaile profesionalekin harremanetan ipinita.


Apirilaren 21ean ikusiko duzue guztiok elkar Bilbon. Nolakoa izaten da eguna?

Gazteek urte osoan egindako proiektuak aurkezten dituzte standetan, bi ordu goizez eta beste bi arratsaldez. Egun horretan Bilboko Plaza Barria jendez betetzen da, eta gazteek hainbat aldiz ematen dituzte azalpenak; benetan nabaria izaten da lehen orduko azalpenetik azkenera dagoen aldea, bai beraien konfiantzan bai azalpenak ematerako erraztasunean. Festa handia da Zientzia Azoka.

Horrekin batera, azoka janzteko ekintza batzuk ere egiten ditugu: gaztetxoen esperimentuen erakusketa, Unibertsitateetako ikerketa erreala gerturatu etab. Egunaren amaieran sariak banatzen ditugu, lehiaketa kutsu handiegirik ez ematen saiatuta. Horregatik, sari guztiak zientzia-bizipenak izaten dira: egonaldiak, kanpoko beste azoka batzuetara joateko aukerak, bekak, ikastaroak, etab., eta ahalik eta banatuen egoteko filosofiatik.



Elkarlanak badu garrantzia egitasmo honetan, ze mailatan?

Elhuyar ZTIM Hezkuntza arloaren leloa “Bizipenak eta komunitatea” da, hortaz, elkarlana egitasmoaren oinarrian dago. Hezkuntzak komunitate osoaren parte hartzea behar duenaren filosofiatik, guk zubi lana egiten dugu, gizarteko aktore desberdinen arteko harremanak sortzeko eta sendotzeko: ikastetxeak, familiak, herritarrak, unibertsitateak, ikerketa taldeak, korporazio teknologikoak, enpresak… , betiere arlo honetan izan dugun eskarmentuaren eta ikerketen emaitzen ondorioz puntu honetara iritsita.

Azken urteetan jendeak hezkuntzarekiko duen sentsibilizazioa hazi egin da; halere, maiz zail egiten da elkarlana egiteko aukerak zehaztea, nahiz eta horretarako borondatea egon. Zientzia Azokarekin behar horri erantzuten diogu.

Zein erronka dituzue aurrera begira?

Guk garbi dugu Elhuyar Zientzia Azoka hezkuntza proiektu bat dela, hau da, helburua, proiektu bikainak jasotzea baino, gazteek konpetentziak garatzea da: jakintza barneratu, trebetasunak garatu, jakin-mina piztu, talde-lanean trebatu, eredu errealak hurbildu, inguruko ikerketaren berri gazteen artean zabaldu... Hortaz, sarritan azpimarratu nahi izaten dugu hobe dela lan xume batekin edo gaizki atera den proiektu batekin asko ikastea, oso ikusgarria edo kanpoko laguntza gehiegi jaso duen proiektua aurkeztea baino.

Bestalde, azken bi urteetan Zientzia Azokak gazteengan, irakasleengan eta ikertzaileengan duen inpaktua neurtzeko ahalegina egin dugu, ikerketa eta berrikuntza arduratsuaren ikuspegitik (RRI). Ikerketaren emaitzak edizio honen bukaeran jakingo ditugu, baina badirudi datuek erakusten dutela, emaitzarik adierazgarrienak irakasleekin eta ikertzaileekin gertatzen direla. Beraiek dira guretzat gazteengana iristeko zubia, eta haien ahalduntzean eta trebakuntzan ikusten dugu gakoetako bat.

Bide horretatik, filosofia horrekin proiektua hobetzen jarraitu nahi dugu, ditugun mugak zabaltzeko asmoarekin: gazteei proiektuak aurkezteko aukerak gehitu, gazteen eta ikertzaileen arteko harreman-bizipenak aberasteko ekintzak diseinatzen jarraitu, ikastetxe moten eta jatorrien arteko oreka lortzeko lanean jarraitu, beste publiko batzuetara iritsi, eskolaz kanpo edo aisialdian dabiltzan eragileekin ere harremanak estutu Zientzia Azokan haien gazteekin parte har dezaten, ikertzaile boluntarioekin dugun harremana estutu, proiektuaren urteko aurrekontua lortzeko lanean jarraitu etab.

 

 

logo_elhuyar            ueu_logo

 

Zientzia Azoka