Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Xabier Landabidea: "Zoragarria da telebistak duen potentzialtasun kultural, sozial eta politikoa"
Erabiltzailearen akzioak

Xabier Landabidea: "Zoragarria da telebistak duen potentzialtasun kultural, sozial eta politikoa"

2014/03/06 - Unibertsitatea.net
Egun egiten diren produktuen kontrara, bestelako edukiak sortu, eta bestelako telebistak martxan jarri behar direla uste du ikus-entzunezkoetan eta komunikazioan aditua den Xabier Landabideak.

"Sehaskatik burua behin baino gehiago atera dudan arren, beti jaioterrira itzuli naiz". Hori dio UPV/EHUn Ikus-entzunezko Komunikazioan, eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatu den Xabier Landabideak (Bilbo, 1981). Jaioterrira itzultze horretan, ikus-entzunezkoen mundura itzuli izan da.

Izan ere, ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren jarraipen estua egin du beti bai formazioz, bai afizioz.  EiTB-Deusto Komunikazio masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean, eta master amaierako lan bezala, EiTBren DIGIBat bateratze prozesua landu zuen.

Eta haren azken ikerketa ere, nola ez, arlo horrekin lotuta egon da. "Belaunaldien telebistarekiko aisiazko harremanak: Bizkaiko lau adin-talderen kasu azterketa" izeneko ikerketa egin berri du; gainera, liburu gisa argitaratu nahiko luke.

Belaunaldi desberdinek telebista aisialdiko tresna gisa nola erabiltzen duten aztertu duzu aurkeztu berri duzun doktoretzaren bitartez. Zergatik aukeratu zenuen gai hori? Zein zen zure helburua?

Amoma eta aittitterekin, bazkalostean, telebista ikusten ari nintzela otu zitzaidan aldi berean gauza berari eta oso gauza desberdinei begira ari ginela. Aparailu berean, programa bera ikusten ari ginen arren, telebista desberdinen aurrean geunden: zeri erreparatzen genion, zeri ematen genion garrantzia, zer esanahi desberdin ematen genizkien gauzei... Labur esanda, telebista ikustearen esperientzia arras desberdina bizi genuela konturatu nintzen.

Baina, era berean, erreferentzia komuna, eguneroko elementu ezagun eta etxekoa osatzen du telebistak, eta lo eta lan egiteaz gain, giza denbora gehien eskaintzen zaion jarduera da, oraindik ere. Egun aisialdiko jarduera nagusia da. Denok ikusten dugu telebista modu batera edo bestera, eta denoi heltzen zaigu haren seinalea zuzenean edo zeharka. Hori horrela, adin-talde eta belaunaldiek telebistarekiko dituzten harremanak aztertzea aitzakia polita eta bide aproposa zela iruditu zitzaidan, telebista egun zer ote den eta telebista ikusteak euskaldunon egunerokoan zein esanahi hartzen dituen hurbilketa kualitatibo batetatik ikertu ahal izateko.

Zer esan nahi duzu hedabideak ulertzeko bilakaera eta integrazioa ezin ahaztu daitezkeela diozunean?

Komunikabideen paisaia zeharo aldatu da bateratze multimedia eta digitalizazio prozesuen eraginez. Telebista, irratia, zinema, prentsa eta abar izendatzeko hitz berak erabiltzen ditugun arren ―gauza  bera gertatu da eskuko telefonoekin oso urte gutxian―, hitz horien atzean dauden komunikabideen errealitateak zerikusi txikia du hogei, hogeita hamar edo berrogeita hamar urtekoa errealitatearekin. Espazio mediatikoaren iraultza hau normaltasun osoz hartu dugu bertan erabat murgilduta gaudelako.

Marshall McLuhanek zioen, komunikazioaren inguru bat atzean uzten denean, soilik zaigula ikusgarri bertan murgilduta gauden artean; bestela, ikusezina zaigula. Nire ustez, bizi dugun garaia bereziki da interesgarria komunikazio ingurugiro edo ekosistema berri bat aurrekoa ari delako ordezkatzen, eta prozesu horretan, pertsonek eta herriek komunikabideekiko dituzten eguneroko harremanen zenbait ezaugarri ari direlako azaleratzen.

Egun, zaharra eta berria elkarrekin daude; elkar-harremanean, gainera. Egungo joera transmediatiko eta multimediek aspalditik datozkigun inertziekin banatzen dute denbora eta espazioa. Aldi berean gara ikus-entzule zaharrak eta berriak, eta bikoiztasun hori oso interesgarria da komunikazioaren ikerketarako. Antonio Gramsciren aipua gurera ekarrita: “Zaharra hiltzen ari da, berria oraindik ez da jaio, eta argilun edo ilunabar-alde horretan, munstroak sortzen dira: gure buruari buruz asko esan diezakeguten munstroak”.

Ikus-entzuleak animalia bitxi bezala definitzen dituzu. Zergatik?

Hasiera batean, erraz definitzeko moduko animalia dela pentsa genezake, baina kontzeptua zehazten saiatzen hasten garen unean bertan hasten dira konplikatzen gauzak. Duela mende erdi, irratiko entzulea entzule zen, zinema ikuslea ikusle eta prentsa irakurlea irakurle. Bateratze multimediak, hein handi batean, denak hibridatu gaitu, eta geroz eta ohikoagoa da etengabe irakur-ikus-entzutea plataforma anitzetan. Ikus-entzuleriaren sailkapen argi, ondo zehaztu eta aratzak burutzea geroz eta zailagoa, eta, agian, geroz eta desegokiagoa da, gure eguneroko, benetako jardunean askotariko ikus-entzule bihurtu baikara.

Gauza bera gertatzen da publiko izatearekin: jatorrian zerbaiten lekuko zuzena izatearekin du harremana publikoaren ideiak, jazoera batean presente egotearekin. Mediatikoki hain saturatuta ez dagoen testuinguru batean, argi egon daiteke nor den eta nor ez den antzezlan baten, prentsaurreko baten edo gertaera baten publikoa. Baina gurean, gertaerak behin eta berriro gertatzen dira: kalean, telebistan, irratian, egunkarian, astekarian, Twitteren, Facebooken... Bitartekariez betetako publikoak gara, eta izatekotan lekuko partzial eta erdi-presenteak gara.

Egoera deseroso, problematiko eta aukeraz betetako honetan, ikus-entzuleriak ikertzeko, sailkatzeko eta ulertzeko modu zaharrek ez digute balio bere horretan. Hurbilketa berriak behar ditugu, euskaldunok, batez ere, ikus-entzuleriaren izate konplexu eta konposatua aitortuko dutenak.

Telebistaren azken funtsa eraikuntza etengabea eta etengabeko krisia dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Telebista, antzerkia bezala, beti egon da krisian, eta beste komunikabideekin harreman gatazkatsu eta emankorrean. Bere burua behin eta berriro berrasmatu duen komunikabidea da, edo, hobe esanda, behin eta berriro berrasmatu dugun komunikabidea. XXI. mendearen bigarren hamarkada honetan, ezin esan dezakegu telebista honako hau da eta ez honako beste hau modu definitiboan, ez baitago esaterik argi eta garbi noiz hasten den eta noiz amaitzen den. Telebista al da AEBetan edo Japonian aireratutako telesail baten azken atala Internet bidez jaitsi eta azpititulugile komunitateen euskarazko azpidatziekin tabletean ikustea? Whatsapp edo Telegram bidez albistegi baten Youtubera igotako tarte zehatz eta esanguratsu bat kuadrilarekin banatzea?

Tesian landutako hipotesiaren arabera, telebista berarekiko harremanean eraikitzen duguna da, eta, hortaz, gauza asko izan daitezke eta dira pertsona eta talde desberdinentzat. Ikerketan ikusi dugunagatik, garrantzia handia du gure buruak telebistaren aurrean nola irudikatzen ditugun aztertzeak, horrek telebista ikustearen jardueran eta esperientzian eragin zuzena duelako. Aztertutako adin-talde desberdinek, adibidez, belaunaldi batekiko edo gehiagorekiko partaidetzak aitortzen dituzte telebistarekiko harremanean, eta horiek, aldi berean, eragin handia dute azken emaitzan. Horregatik, telebista egunero elkarren artean negoziatzen dugun errealitatea ere bada: aurreko, ondoko eta hurrengoekin alderatzen dugu gure burua, elkarrengandik ikasiz, elkar imitatuz eta elkarrengandik aldenduz etengabe.

Bat zatoz egun egiten den telebistarekin edo beste erabatekoa egitea gustatuko litzaizuke?

Zoragarria da telebistak duen potentzialtasun kultural, sozial eta politikoa. Ohituta gaude telebista kutxa ergela eta telezabor bezala definitzera eta hitzegitera, baina ahaztu egin zaigu telebistaren sorrerak sortu zuen baikortasun intelektualeko giroa. Egia hutsa da egun Euskal Herriko telebista aparailuetarako ekoitzi eta banatzen diren eduki gehienak etsigarriak direla, baina, aldi berean, nire ustez, aukera guztiak zabalik ditugu gizartearen alde bestelako telebistak martxan jartzeko.

Nire iritziz, askapen edo emantzipazio bat gertu behar da euskaldunok telebistarekiko dugun harremanean. Ezin dugu besteen parametro beretan jokatzen jarraitu, Euskal Telebista Telecinco bailitzan antolatuz, pantaila kuotaren % 2 duenean, edo Ipar Ameriketatik edo espainiar edo frantziar estatuetatik datozen formatuak behin eta berriro kopiatuz. Ez du zentzurik hortan setatzeak. Joko horretan ezin dugu leihatu, jokoaren arauak gure kontra baitaude. Asma dezagun gure jokoa, eta jokatu dezagun horretan.

Telebista tradizionalak bizi duen krisia galdera berriak planteatu eta telebistaren inguruko gure diskurtso propioa garatzeko aukera bezala hartu beharko genuke. Eta aukera galtzen ari garela iruditzen zait.

Egoera ekonomiko ilunaren baitan erakundeek hartutako neurrien ondorioz, zalantzan jarri da telebista publikoen papera han eta hemen; batzuk itxi ere egin dituzte. Beharrezkoak dira telebista publikoak? Zergatik? Ze funtzio bete behar dute zure ustez? ETBk funtzio hori betetzen duelakoan zaude?

Behar-beharrezkoa ikusten dut irrati-telebista publikoaren figura, irrati-telebista publikoaren funtzioa betetzen duen artean. Horri, Interneteko plataformen erabilera gehitu behar zaie. Zentzurik ez duena da telebista pribatuen parametroetara makurtu nahiean eta ezinean dabilen komunikabide publiko bat mantentzea. Berriro ere, emantzipazio diskurtsibo eta praktiko bat eman behar dela uste dut, kalitatez eta harrotasunez funtzio publikoa beteko duten euskal komunikabide publikoen alde. Informazioa, formakuntza eta entretenimendua eskainiz aisiaren perspektibatik, giza garapenean lagunduko duten eragile komunikatibo publiko, eztabaidatu, ausart, interesgarri eta erreferentzialak osatzeko.

Konplexurik gabe eta eredu propio batetik abiatuta, funtzio publikoa beteko duten komunikabide publikoak behar ditugu. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait funtzio publiko horren berezitasuna aldarrikatzea eta defendatzea ehundura publikoa hurratzen ari diren edota garen garaiotan. Erreferenteak izateko aukera daukagu euskaldunok.

Egun, unibertsitatea eta ikerketa dira zure eguneroko eginkizun nagusiak. Zertan zabiltza?

Aisiaren alorrean, batez ere, kulturaren inguruan aritu naiz ikertzen azken urteotan: egunerokotasuna eta kultur agerpenak, komunikabideen bitartekaritza eta sarbide kulturala... Goi kulturaz eta behe kulturaz hitz egin baino, gure bizi-munduan aisi kulturalak  duen lekua interesatu zait, egunerokotasunetik abiatuta. Irakaskuntzan ere, batez ere, komunikazioaren arloan ibili naiz graduondoko mailan, interesa igorleengan baino hartzaileen protagonismo eta boterean jarrita.

Hemendik aurrera Deustuko Unibertsitatean Euskal Gaien proiektua indartzen ahaleginduko naiz. Ikerketa, irakaskuntza eta gizarte zabalkundean, iragana, oraina eta geroa uztartuko dituen diziplinarteko behatoki eta eragile unibertsitarioa martxan jartzea da gure asmoa.

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du"

#KZjaia

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari