Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Xabier Landabidea: “Oso kalitate handiko kongresuetan egonda nago, eta oso kongresu hurbiletan ere bai, baina ez naiz sekula egon hain kalitate eta hain hurbiltasun handiko kongresu batean”

Dokumentuaren akzioak

Xabier Landabidea: “Oso kalitate handiko kongresuetan egonda nago, eta oso kongresu hurbiletan ere bai, baina ez naiz sekula egon hain kalitate eta hain hurbiltasun handiko kongresu batean”

2015/05/28 - Unibertsitatea.net
Xabier Landabidea UPV/EHUn Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da, eta egun, Deustuko Unibertsitatean dihardu irakasle eta ikerlari lanetan.

Batzorde Dinamizatzaileko Kide bezala hartu zuen parte  IkerGazte kongresuan, baina ikerlari bezala ere bai, baita Gizarte Zientzien alorreko saria eraman ere. Duela urte batzuk aurkeztutako “Euskaldunok eta telebista XXI. Mende hasieran: ikus-entzuleen hitzetan oinarritutako hurbilketa kualitatiboa”  tesia azaldu zuen. Hori dela eta, ikerketaz eta IkerGazte kongresuaz aritu gara berarekin.

 

Zertan datza egin duzun ikerketak?

 

Labur esanda, pertsonen telebistarekiko harremana aztertu dut Bizkaiko herri eta hiri ezberdinetako adin ezberdinetako pertsonekin luze hitz eginez eta jasotakoa modu sistematikoan kodetu eta aztertuz. 700 bat orrialde jaso ditut, behin ahozkoa idatzira pasatuta (tesia bera baino luzeago, beraz). Informazio guzti horrekin eta aisiaren eta audientzien ikerketan egindako lanetan oinarrituta egun telebistaren izaera zein den hobeto ulertzen saiatu naiz egunerokotasunaren ikuspegitik.

 

Oso lan enpirikoa da, landa lanean oinarrituta dago nire eredu teoriko osoa, baina ez dut orokortzerik bilatu, singulartasunak aztertzea eta singulartasun hauen azalpen posibleak formulatzea izan da gehiago asmoa.

 

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?

 

Uste dut telebista, audientzia, irakurlea eta ikus-entzuleria bezalako kontzeptuak problematizatu behar ditugula gizarte zientzietatik (are gehiago euskal gizarte zientzietatik). Ni oso kritikoa izan naiz audimetria tradizionala deitu izan diodan hedabidearekiko esposizioa besterik neurtzen ez duen tradizio industrial positibista horrekin (“buru kontaketa” ere deitu izan diodala uste dut). Gustatuko litzaidake pentsatzea lan honek “frogatzen” duela (kakotx guztiekin) badirela beste hurbilketa baliozko eta baliagarri batzuk.

 

Duela urte batzuk aurkeztu zenuen tesia, hala ere, ikertzen jarraitzen duzu...

 

Aspaldi nabil ikerlari eta irakasle lanetan unibertsitatean, eta zentzu horretan ez dut aldaketarik nabaritu behin tesia amaituta. Lan berriak, besterik ez.

 

Hala ere, iker-lerroari dagokionez Koldo Diaz eta Gorka Salcesekin batera Hekimen elkarteartearekin elkarlanean “bestelako ikus-entzuleriaren neurketak” proiektu/laborategia martxan jartzen ari gara (horren eta SelfieIKT kanpainaren berri ere eman dugu IkerGazten), eta 50. Durangoko Azokarako zerbait aurkezteko moduan egon nahi dugu. Pausuz pausu.

 

Aurreratu zenezake zerbait Durangoko Azokarako prestatzen ari zaretenaren inguruan?

 

Euskal Komunikabideen Urtekariarako artikulu bat prestatzen ari gara Gorka Salces, Koldo Diaz eta hirurok Hekimen Elkartearekin batera, burutzen ari garen komunikabideekin dugun eguneroko harremanekiko hurbilketa kualitatiboaren inguruko artiku bat, hain zuzen. Durangon lehen emaitza batzuk aurkezteko moduan egongo garela espero dugu.

 

Ze aldizkaritan argitaratuko da zure lana?

 

Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkarian argitaratu nahiko nuke. Berez tesian oinarritutako bi artikulu atzerriko aldizkarietan argitaratuta nituen ingelesez: “Television as an intergenerational leisure artefact: an interdisciplinary dialogue” Participations (Journal of Audience of Reception Studies) aldizkarian eta “Contemporary meanings and experiences of television in the digital age” Journal of Digital Television aldizkarian.

 

Zentzu horretan oso egoera kuriosoa da, tesia bera euskaraz idatzi nuen arren tesitik abiatuta euskaraz idazten dudan lehen artikulua baita IkerGaztera aurkeztu dudan hau -paradoxikoki, esango nuke-, baina uste dut egun ikerkeran gabiltzan asko islatuta sentituko garela egoera honekin. Normaltasun berri baten zeinu ere izan daiteke, euskara alde batera uzten ez dugun artean. Zentzu horretan Uztaron argitaratzeak “zikloa ixtearen” ideiatik badu zerbait, euskaratik euskarara, azkenean.

 

Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan saria irabazteak?

 

Erantzunkizuna. Hiru egun eman ditut IkerGazten parte-hartzaile bezala, eta ez dut komunikazio eskas bakarra entzun, ezta poster eskas bakarra ikusi. Ezta bat ere. Izugarrizko maila egon da eta dago, eta badakit nire lana ez dagoela besteenaren gainetik. Maila horretan egoteak jada erantzunkizun handia suposatzen du, eta hala errekonozitua izatea ohore bat da benetan.

 

Bestalde poz handia hartu dut Deustuko Unibertsitatera bi sari ekarri ditugulako. Deustuko ikerlari, irakasle eta ikasleentzat euskaraz ikertu eta argitaratzeko akuilu izan daitekeela iruditzen zait. Bagara nor, Lorea Agirrek zioen bezala.

 

Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?

 

Nire ustez pentsamenduak eta ezagutzaren aldeko lanak espazioak eta denborak behar ditu. Tarteak. Gizartea asko aldatzen ari da eta atzo balio zuenak jada ez digu balio. Euskarriak, kontsumoak, komunikazio moduak asko eta azkar aldatzen ari dira, eta ikerketa ez da salbuespena. Zentzu horretan IkerGaztek horma bat baino gehiago eraitsi du, eta ikerlari euskaldunontzat espazio/denbora/tarte bat zabaldu du, gure lanaren berri eman eta besteenaren berri jaso dezagun.

 

Asko hitzegiten da (nire inguruan behintzat) Berrikuntza Sozialaz, baina gutxitan ohartzen gara Euskal Herrian eta euskeratik zer-nolako potentzialtasuna daukagun berritzeko. IkerGaztek zentzu horretan euskal ikerketari bi ekarpen nagusi egin dizkiola iruditzen zait: “early stage researcher” deritzegunen (nazioarteko eta lehen mailako) ikerketa euskaraz plazaratu du (Berria egunkariak jaso zuen bezala “Ikerketak badaki euskaraz”) eta bigarren, ikerlari euskaldunon buruetan (eta gogorrak direla diote, ikerlarien garezurrak) euskarari lekua egin behar zaionaren ideia sartu duela iruditzen zait. Baduela balioa. Baduela zentzua. Merezi duela.

 

Eta euskarari dagokionez?

 

Euskarak ere espazio eta denbora berriak, espazio eta denbora guztiak behar ditu. Euskara biziko bada espazio komunikatibo gehiago behar ditu, erregistro ezberdinak, publiko diferenteak, hizlari, idazle, pentsalari, artista, olerkari... ikerlariak behar ditu euskarak. Niretzako plazerra izan da oraingoaren lekuko eta parte-hartzailea izan ahal izatea. Etorriko direnen askorek, normaltzat hartuko duten estandar berri baten lehena izan da aurtengoa.

 

Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena?

 

Kalitatea eta hurbiltasuna. Oso kalitate handiko kongresuetan egonda nago, eta oso kongresu hurbiletan ere bai, baina ez naiz sekula egon hain kalitate eta hain hurbiltasun handiko kongresu batean. Oso konbinazio potentea da. Elkarlanerako izugarrizko aukerak zabaltzen dituena.