Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Xabat Oregi: "Zenbait sektorek negozioa ikusi dute eraikinen birgaitze-energetikoan eta ohikoa da egunerokotasunean birgaitze desegokiak ikustea"

Dokumentuaren akzioak

Xabat Oregi: "Zenbait sektorek negozioa ikusi dute eraikinen birgaitze-energetikoan eta ohikoa da egunerokotasunean birgaitze desegokiak ikustea"

2018/05/21 - Unibertsitatea.net
Xabat Oregik Arkitekturako ikasketak egin zituen UPV/EHUn. 2015ean defendatu zuen bere doktorego tesia: “Bizi-zikloaren ikuspegitik eraikinen birgaitze energetikoen prozesuen analisi teknoekonomikoa”.
Xabat Oregi: "Zenbait sektorek negozioa ikusi dute eraikinen birgaitze-energetikoan eta ohikoa da egunerokotasunean birgaitze desegokiak ikustea"

Xabat Oregi

Xabat Oregik (Markina-Xemein, 1983), Arkitekturako ikasketak egin zituen Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (UPV/EHU). Unibertsitate berean burutu zuen “Energia Eraginkortasun eta Jasangarritasunaren Ikerketa Industrian, Garraioan, Eraikuntzan eta Hirigintzan” masterra eta 2015ean berriz bere doktorego tesia defendatu zuen “Bizi zikloaren ikuspegitik eraikinen birgaitze energetikoen prozesuen analisi teknoekonomikoa”. Egun, Tecnalia ikerkuntza zentroan ari da lanean, energia eta ingurumen sailean.

Eraikinen birgaitze energetikoaren gaia ikertu zenuen tesian.

Energiaren inguruko zalantza eta mahai inguru ugari daude martxan azken urte hauetan. Horien artean zutabe garrantzitsua bilakatu da Europan eraikinen portaera energetiko ezegokiaren gaia. Honen aurrean, birgaitze energetikoa irtenbide bat izan zitekeela eta aztertu beharreko gaia iruditu zitzaidan. Hala ere, gai honen inguruan azterketa ugari daude eginak eta oso zaila da zerbait berria aztertzea. Hori dela eta nire tesian “bizi-ziklo” kontzeptua uztartu nuen birgaitze energetikoaren gairekin. Bertan bizi-ziklo metodologiak birgaitze energetikoan izan dezakeen eragina aztertzen da.

Ingurumeneko inpaktua murrizteko egungo eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetu behar dela diozu.

Eraikinen eraginkortasun energetikoak beraien ingurumen inpaktua murriztuko luke besteak beste. Horretarako, birgaitze energetikoek edo energia berriztagarrietan oinarrituriko proiektuek eragin zuzena izango lukete. Hala ere, ezin da ahaztu, egoera askotan, eragin handiena etxebizitza edo eraikin bakoitzaren erabiltzaileak duela. Ondorioz, nahiz eta nire tesia oso gai tekniko baten oinarritu, gure eraikinaren portaera energetikoan gutako bakoitzak eragin zuzena du.

Donostian, Amaran, 1963an eraikitako etxebizitza bloke bat erabili zenuen zure eredua aplikatzeko. Zein ondorio nagusi atera zenituen?

Donostiako eraikin zehatz hau tesian proposaturiko metodologia egiaztatzeko erabili zen. Bertan lorturiko emaitzek garbi adierazten dute bizi-ziklo analisi metodologiaren zenbait etapek ez dutela inongo eraginik birgaitze desberdinen artean lehenesteko garaian. Etapa hauen artean garraio, eraikuntza, mantentze edo deuseztatze etapen eragin txikia adierazten da.

Europako beste leku batzuetako ereduak begiratu dituzu ikerketarako...

Nire lanaren emaitzak Donostiako eraikin bakar batera mugatuz gero, tesiaren emaitzek ez lukete inongo oinarri sendorik izango. Beharrezkoa izan da sentsibilitate analisi baten barruan beste eszenatoki berri batzuk ere aztertzea. Hauetan besteak beste klimatologia desberdinetan bizi-ziklo analisi metodologiaren etapa desberdinek birgaitze estrategien artean lehenesteko garaian duten eragina zenbatu da eta ondorio interesgarriak lortu dira.

Lorturiko emaitzek garbi adierazten dute bizi-ziklo analisiaren etapa guztiak aztertzeak eta zenbatzeak ez duela eragin kritikorik izango birgaitze energetiko desberdinen artean lehenesteko garaian; eta nola, kasu askotan, eraikinaren erabilera etapan izango den aldaketa zenbatzearekin asko izango dela.

Zeintzuk dira Euskal Herrian zuk planteatzen duzun metodoa aplikatzeko dauden oztopo nagusiak?

Teknologia eskura daukagu eta jakintza ere badago. Hala ere, eraikinen birgaitze-energetikoak duen indarra ikusirik, zenbait sektorek “negozioa” ikusi du birgaitzean eta horren ondorioz “txapuza” edo birgaitze ezegoki asko ikus daitezke eguneroko bizitzan. Askotan beldurra ematen dit “komertzial” askok sektore honetan duten indarrak…

Tecnalian diharduzu lanean. Eraikinen birgaitze energetikoaren gaiarekin jarraitzen duzu ala bestelako proiektuetan sartuta zaude?

Momentu honetan eraikin eskalatik salto egin eta auzo eta hirien plangintza energetikoaren arloan nabil lanean. Oraindik ere lan-eskala honetan lan asko egiteko dagoela ikusirik, badaukagu urte batzuetarako ikerkuntza!.

Euskal ikertzaileen lana gizarteratzeko twitterreko "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" (#txiotesia) lehiaketan parte hartu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Esperientzia berria, inoiz ez baitut twitterra erabili… Nire tesia 6 txiotan laburtzen saiatu nintzen (ikusi hemen), baina horrelako gai tekniko bat txioetan laburtzea oso zaila egin zitzaidan. Beste parte hartzaileen txioak irakurri nituen eta batzuen hitz-jokoa goraipatzekoa izan zen!

Zein erronka dituzu eskuartean?

Batez ere eguneroko erronketan oinarritzen naiz. Alde batetik gure lantaldea zenbait ikerkuntza proiektutan murgilduta gabiltza, eta hauetatik ahalik eta gehien ikasten eta lantaldearen balorea hobetzen saiatzen gara. Bestalde, garatu dugun jakintza artikulu desberdinen bidez publikatzea da nire erronka, gure garapenak ikerkuntza sektorean ez baldin baditugu zabaltzen, “alferrikako ikerkuntza” dela iruditzen baitzait.