Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Wolfram Deuna!" Umorezko bakarrizketa zientifikoak izango dira bigarrenez Bergaran

Dokumentuaren akzioak

"Wolfram Deuna!" Umorezko bakarrizketa zientifikoak izango dira bigarrenez Bergaran

2016/10/31 - unibertsitatea.net

1783an Elhuyar anaiek lehen aldiz Wolframa bakartzea lortu zuten Bergarako seminarioan. Euskal zientziak taula periodikoari egin dion ekarpena dugu berau. W ikurra eta 74 zenbaki atomikoa duen hori. Hala ere, izenaren inguruan ez da eztabaidarik falta izan. Batez ere herrialde anglosaxoiek Tungsteno izenaren alde egin baitzuten. Azkenean, 2005ean, IUPAC Nazioarteko Kimika Elkarteak, Elhuyar anaiek elementuari izena jartzeko zuten eskubideari muzin egin, eta izen ofiziala tungstenoa izango zela erabaki zuen, eta ez wolframa.  Hala ere, W da oraindik ere bere ikurra.

Ez da kasualitatea, beraz, Bergaran bertan Elhuyar Fundazioak Wolfram deuna! izeneko ekitaldia antolatzea.

Bigarrenez antolatuko dute zientzia eta umorea uztartu nahi duten jai berezi hau. Oraingo honetan azaroaren 10ean izango da, 19:30ean, Aroztegi aretoan eta beste behin ere umorezko bakarrizketa zientifikoek osatuko dute ekitaldia. Bertan izango dira Ibon Cancio, Miren Karmele Gomez, Uxoa Iñurrieta, Edu Lartzanguren, Ainhoa Latatu, Josu Lezameta, Josu Lopez-Gazpio edota Idoia Torregarai.