Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Victoria Nash: “Zaila da ulertzea fenomeno sozial, ekonomiko eta politiko asko on-line bizitza ere aztertu gabe”

Dokumentuaren akzioak

Victoria Nash: “Zaila da ulertzea fenomeno sozial, ekonomiko eta politiko asko on-line bizitza ere aztertu gabe”

2017/06/21 - unibertsitatea.net
UEUren "Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian" jardunaldian, besteak beste, Oxford Internet Institute-n esperientzia ezagutzeko aukera izango da bihar Victoria Nash zuzendari ondoko eta ikertzailearen eskutik. Institutuaren sorreraz eta honek egindako ekarpenaz jardun dugu berarekin.

Noiz eta zer dela eta sortu zen Oxford Internet Institute? Eta nola finantzatzen da?
OII 2001. urtean sortu zen Dame Stephanie Shirley-k egindako dohaintzari esker. Teknologia arloko enpresaria eta filantropoa da bera, Xansa software konpainia arrakastatsua sortu zuena. Horri Higher Education Funding Council of Englandek jarritako dirua gehitu behar zaio. Finantziazioa onartu zen bai Oxford-eko unibertsitatetik eta baita Erresuma Batuko gobernutik ere Erresuma Batuan kokatutako ikerketa zentro baten beharra argi ikusten zelako, interneten eraginez azkar sortzen ari ziren erronka politikoei helduko ziena. Departamenduaren sorrera ez litzateke posible proiektua babestu zuten pertsona klabe batzuen ahaleginik gabe. Batez ere une hartan Balliol College-ko zuzendari zen Andrew Graham, berak gidatu baitzuen Unibertsitatearen babesa lortzeko prozesua eta lekua aurkitu departamendu jaio berriarentzat. Oraindik ere gure kokaleku nagusia den horretan. Eta Richard Susskind, Balliol-ko kide ohia. Berari esker jarri ginen harremanetan Dame Stephanierekin; eta Derek Wyatt, orduan Parlamentuko kide zena, bultzada politiko hori lortzen lagundu zuena.

Arrazoi gakoetako bat OII sortzeko zen mundua agente politikoen erantzun gaitasuna baino azkarrago zihoala, eta beharrizan handia zegoen pentsamendu politikoak punta puntako ikertzaile akademikoen eskutik informazioa jasotzeko.

Hasieran jasotako dohaintza OII and Balliol College-n artean banatu zen, hiru katedratako gastuak ordaintzeko eta baita lokalaren gastuak ere. Erresuma Batuko gobernuak emandako dirua, ordea, lehen 5 urteetako gastu operatiboetarako erabili zen. Gure lehen diru iturriak ikerketa kontseiluek finantzatutako ikerketetatik eta ikerketa beketatik (batez ere Europako ikerketa bekak) etorri ziren arte, hain zuzen ere. 2006an gradu ondoko ikasketekin hasi ginen eta gaur egun sarrera iturri esanguratsua dira master eta doktoretza programetako ikasleen matrikulak. Une honetan autofinantzatzeko gai gara.

Zuen webgunearen arabera, pertsonek zein kolektiboek online duten portaera ikertzea ezinbestekoa da gure mundu sozial, ekonomiko eta politikoa ulertzeko.
Hori hala da. Interneta gaur egun gure bizitzako arlo askotako osagai garrantzitsua da. Zaila da ulertzea fenomeno sozial, ekonomiko eta politiko asko online bizitza ere aztertu gabe. Horren adibide on bat dira hauteskundeak. Europan oraindik ere norberak eramaten du bozka edota posta bidez bidali, eta telebistako hauteskunde kanpainak edota karteletako iragarkiak arretaz araututa daude. Baina jendeak euren bozka nola erabakitzen duen ulertu nahi badugu, online zein komunikabidetatik edaten duten eta zein parte hartze ohitura dituzten ere begiratu behar dugu, baita social media eztabaida nazionala eta hautagai politikoen engagement-a ere. Beraz, beharrezkoa da ikuspegi holistikoa izatea, bai on-line eta bai offline portaerena.

Institutuko kideak diziplina desberdinetakoak dira. Zergatik da horren beharrezkoa?
Oso galdera ona. Eta oraindik ere ez da ohiko hurbilketa. Ekonomiakoa edo soziologiakoa legez Oxfordeko Unibertsitateko departamentu arrunta da gurea, Gizarte-zientzien dibisioan kokatua. Baina beste departamenduen aldean gurea ez da diziplina bakarrean oinarritzen. Gure ikertzaileek ez dute diziplina akademiko bera baizik eta ikergai bera. Geografoak ditugu, legelariak, psikologoak, politologoak, filosofoak, baita fisikari bat eta historialari bat ere. Elkarrekin gai dira bizitza errealeko fenomenoen ikuspegi desberdinak atzemateko. Adibide moduan, hor dugu merkataritza ilegalaren mapeoa dark net edo sare ilunean. Proiektu horrek informatikan adituak eta geografoak elkartu ditu. Informatikan adituak badaki nola aztertu sare ilunetako salerosketa guneetako informazioa eta geografoak badaki nola konparatu online eskainitako salerosketen kokaleku geografikoak offline salmenta ilegala egiten dela dakigun lekuekin. Politologo moduan, eta arauen aplikazioan aditua, lankide psikologo batekin egiten dut lan. Berak laguntzen dit haurrak online babesteko helburu duten esku-hartze desberdinen eragin psikologikoak aztertzen. Diziplina arteko kolaborazioak laguntzen digu gakoak diren gai sozialen alderdi desberdinak ulertzen.

Zein izan da zure ustez Oxford Internet Institute-n ekarpena?
Uste du lagundu dugula agerian uzten bizitza digitalaren gaineko ikerketaren sinesgarritasun intelektuala eta garrantzi politikoa. Gure fakultateak teoria eta metodo berriak garatu ditu laguntzen digutenak aztertzen eta ulertzen gure mundu digitala, bien bitartean gure programa akademikoek interneten aditu diren ikertzaileen eta agente politikoen belaunaldi berria formatzen dute. Oso harro nago lortutakoarekin.