Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Vicente Riscoren pentsamendua eta literaturari buruzko hitzaldia

Dokumentuaren akzioak

Vicente Riscoren pentsamendua eta literaturari buruzko hitzaldia

2012/02/23 - Unibertsitatea.net
Gaur eguerdiko 13:00etan, Emilio Cambeiro irakasleak Vicente Risco politikariari buruzko hitzaldia eskainiko du Deustuko Gizarte eta Giza zientzien fakultatean.

Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak Lisboako Universidade Novako Emilio Cambeiro irakaslearen hitzaldia antolatu du gaur "Vicente Risco: pentsamendua eta literatura" izenburupean. Vicente Risco (Ourense 1884-1963) politikari, intelektual eta literato galiziarra, Nós belaunaldiko kide esanguratsuenetako bat izan zen. Bere ekarpenak oinarri izan ziren galiziar nazionalismoarentzat baita galiziar narratiba berriarentzat ere.

Emilio Xosé Cambeiro López irakaslea Galego-Portugesa Filologian lizentziatua da, A Coruñako Unibertsitatean. Unibertsitate arteko maisu titulua lortu zuen tesi hau eginda: A poesía de Pilar Pallarés: a procura do ollar pausado do mundo desde lonxe. Lanak aztertzen du zein lotura dagoen paratestuen eta gaien artean Pilar Pallarés olerkari galiziarraren obran. Egun, Hizkuntza eta Literatura galegoko irakasle lektore dihardu Nova de Lisboa Universidadeko Ikaskuntza Galegoen Zentroan (Portugal); La Habanako Unibertsitatean (Kuba) ere aritu zen horretan lehenago.

Emilio Cambeiroren azterlana guztiz lotua dago Pilar Pallarés olerkariarekin (A Coruña, 1957) eta Vicente Risco politikari eta poligrafoarekin (Ourense, 1884-1963); izan ere, autoreoi buruzko zenbait artikulu argitaratu ditu argitalpen espezializatu batzuetan, eta zenbait hitzaldi ere eman ditu iberiar penintsulako askotariko unibertsitateetan. Pilar Pallarésen paratestuak, literatur eraginak eta gaiak lantzen ditu batik bat; Vicente Riscori dagokionez, aldiz, bilakaera ideologikoari, batez ere, atxikitzen zaio, eta beraren obrako umore eta esperpento alderdiari.