Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uztarok, giza eta gizarte-zientzietako aldizkaria, 82. alea erdietsi du

Dokumentuaren akzioak

Uztarok, giza eta gizarte-zientzietako aldizkaria, 82. alea erdietsi du

2012/11/16 - Unibertsitatea.net
1990. urtetik arlo ezberdinetako lanak kaleratzen ditu: ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia eta geografia. UEUk, Jokin Apalategiren zuzendaritzapean, argitaratzen dituen aldizkari akademikoetako bat da Uztaro.

Euskarazko goi mailako ekoizpen akademikoa argitaratzen da batez ere Uztaron. Hartara, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen lanez gain idazle eta ikertzaile ezagunenak ere publikatzen dira, egile zahar eta berrien arteko oreka bat bilatuz. Helburu honek eskatzen duen kalitate akademikoaren bila ahalegin handia egiten ari da. Bide horretan, idazlanak argitaratu aurretik:

  • Edukiaren kalitatea zainduz, artikuluei gutxienez bi iragazki igaroaraziko zaie, onartuak izateko.
  • Euskararen zuzentasuna landuz, ulergarritasuna eta hiztegi teknikoaren estandarizazioa kontuan hartuz, bi zuzentzaileren lanarekin artikulu oro gutxienez hiru aldiz zuzenduko dira.

UEUren ekimenaren bitartez sortzen diren lanek (jardunaldi, ikastaro nahi mintegietan) argitalpen honetan lehentasuna duten arren, ugaritzen ari dira kanpotik proposatzen diren lanak.

Gainera, egungo goi mailako formazioaren beharrizan teknologikoei erantzuteko asmoarekin aldizkariaren edukiak on-line eskuratzeko aukera badugu 0 zenbakitik. 82. ale honetan esate baterako, kontsulta zuzena egin daiteke bi artikuluetan: Jose Ramon Etxebarria eta Xabier Bilbaok idatzitako Magnitude fisikoekin eratzen diren <izena + aditza> motako kolokazioak euskaraz, bost magnituderen kasuan eta Pruden Gartziak eginiko liburu-aipamena Emilio Majueloren La idea de historia en Arturo Campion liburuari buruz. Aurrerago gainontzeko artikuluak sareratzen dira.