Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uxoa Iñurrieta: "Norberaren gaiaren inguruan ezertxo ere ez dakien jendearen lekuan jartzeko esango nieke txiotesia4-ko parte hartzaileei"

Dokumentuaren akzioak

Uxoa Iñurrieta: "Norberaren gaiaren inguruan ezertxo ere ez dakien jendearen lekuan jartzeko esango nieke txiotesia4-ko parte hartzaileei"

2018/11/12 - Unibertsitatea.net
#Txiotesia3 lehiaketako Txiolari ulergarriena izan zen Uxoa Iñurrieta bioteknologoa.
Uxoa Iñurrieta: "Norberaren gaiaren inguruan ezertxo ere ez dakien jendearen lekuan jartzeko esango nieke txiotesia4-ko parte hartzaileei"

Uxoa Iñurrieta

Uxoa Iñurrieta itzultzaile eta hizkuntzalari konputazionala 2016ko azaroan egin zen #txiotesia3-ko Txiolari Ulergarriena izan zen (Izen+aditz konbinazioen itzulpena: azterketa linguistikoa eta tratamendu konputazionala). 4. edizioaren ateetan beste erronka bat bota diogu: #txiotesta.

 

Deskribatu erronka hitz batean.

Sintesia. Erronkaren alderdirik zailena, nire ustez, urteetako lana sei txiotan laburtzea da, eta gainera era ulergarrian. Sintesi on bat egin behar da, alegia.

Txioak aldez aurretik prestatuta ala eguneko inspirazioaren olatura igo.

Eguneko inspirazioaren olatura igota, erabat. Banuen buruan parte hartzea, baina, egia esan, gerorako uzten eta uzten joan nintzen eta, azkenean, eguna heldu arte ez nuen ezer prestatu. Presiopean hobeto lan egiten duten horietakoa naiz; nahiago nuke hala ez balitz, baina badirudi estres-puntu batek lagundu egiten didala etorria (inspirazioa) benetan etor dadin.

Konplikatuena?

Lehen esandako gauza bera: urteetako lana hain hitz gutxitara ekartzea, sintetizatzea. Nire kasuan, irudiak ere baliatu nituen adibide batzuk jartzeko, eta uste dut mesede egin ziotela ulergarritasunari, bestela oso zaila baita sei txiotan gauzak ondo azaltzea.

Dibertigarriena?

Irudietarako adibideak topatzea, nik uste; barre dezente egiten dut itzultzaile automatikoen emaitza batzuekin. Artikuluren bat edo tesia bera idazten ari naizenean ere gauza bera gertatzen zait: zaila izaten da adibide onak aurkitzea, baina, behin topatuta, testua asko janzten dutela iruditzen zait.

Sorpresaren bat?

Saria bera! Hainbeste jendek parte hartuta, ez nuen espero, egia esan.

6 txioak erakutsi dituzu?

Nik neuk erakutsi, ez dut uste, baina Twitterren zeudenez, nire inguruko jende askok ikusi zituen.

Besteenak irakurri?

Bai, kuxkuxean ibili nintzen Txiotesiaren egunean bertan. Nire txioak idatzi baino lehen, aurreko urtekoak irakurri nituen eredutzat erabiltzeko, eta, nirea bidalitakoan, besteenak ere irakurri nituen, kuriositatez. Oso gauza politak egon ziren.

Irabazle "gaientzako" aholku baliagarriren bat?

Ez dakit, ba... Norberaren gaiaren inguruan ezertxo ere ez dakien jendearen lekuan jartzeko. Ez da erraza, egunero-egunero lantzen ari garen gai batean normala baita berez konplikatuak diren gauza asko jakintzat jotzea. Hori gogoan izatea komeni da, kontziente izateko jendeak, normalean, ezer gutxi jakiten duela hain gai teknikoei buruz.

Zergatik parte hartu?

Ez daudelako hainbeste plaza ikerketaren berri euskaraz emateko, eta daudenak aprobetxatu behar direlako, nire ustez. UEUk lan handia egiten du halakoak eskaintzeko, eta ahal den heinean guk ere parte hartu behar dugula uste dut. Gainera, sariaren pizgarria ere hor dago, eta saiatzeagatik ez da ezer galtzen, ezta?

Etiketak: elkarrizketa