Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uxoa Iñurrieta:"Ikerketaren zatirik garrantzitsuenetako bat da egindako lana beste batzuekin partekatzea"

Dokumentuaren akzioak

Uxoa Iñurrieta:"Ikerketaren zatirik garrantzitsuenetako bat da egindako lana beste batzuekin partekatzea"

2016/12/13 - unibertsitatea.net
Joan den azaroaren 22ko #Txiotesia3 lehiaketako txiolaririk ulergarriena izan zen Uxoa Iñurrieta (Donostia, 1990). Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen EHUn Iñurrietak eta ikasle zela hasi zen itzulpen lanetan. Gaur egun ikerketan ere sartuta dabil buru belarri. Hizkuntzaren Azterketa eta prozesamendua masterra egin ondoren, tesia egiten baitabil Ixa Taldean. Horixe laburtu du sei txiotan.

Lehenengo eta behin zorionak. Zer nolako lana suposatu du zure ikerketa lana era laburrean ulergarri egiteak?
Eskerrik asko! Ariketa polita izan da, baina dirudiena baino zailagoa. Ez dakit kanpotik nola ikusiko zuen jendeak; beharbada, Twitterreko erabiltzaileentzat, sei txio berezi samar besterik ez ziren izango. Parte hartu dugunok, ordea, urte batzuetako lana karaktere gutxi horietan bildu behar izan dugu, eta gainera, ahalik eta ulergarrien. Tesiek ehunka orrialde izaten dituztela kontuan hartuta, pentsa zenbateraino sintetizatu behar den... Ez da batere erronka makala!

Lehenengoz parte hartu duzu Txiotesian. Zerk eraman zaitu parte hartzera? Zer nolako esperientzia izan da?
Batez ere, zientzia-lanak dibulgatzeko oso modu originala iruditu zitzaidalako, eta bultzada eman nahi niolako horri. Baina horrez gain, lehen esan bezala, erronka polita zela pentsatu nuelako. Azken batean, doktoretza-tesia egiten ari garela esaten dugun bakoitzean, badago baten bat tesiaren gaia zein den jakin nahi duena. Baina, jakina, tesiaren izenburua bakarrik esanda, oso jende gutxik ulertzen du benetan zertan datzan. Azalpenak ahalik eta argien eman behar dira, baina labur, jendea aspertu gabe. Txiotesian ere gauza bera egin behar izan dugu, baina idatziz, seguruena ahoz baino are laburrago, eta lehiaketaren arauak betetzeko zailtasun gehigarriarekin.

2015ko IkerGazte kongresuan ere aurkeztu zenuen zure ikerketa lana. Garrantzitsua iruditzen zaizu ikertzaileon lana plazaratzea?
Bai, noski. Ikerketaren zatirik garrantzitsuenetako bat da egindako lana beste ikertzaile batzuekin partekatzea, elkarrengandik ikas dezagun eta beste batzuek egindakoa berrerabil dezagun, hutsetik hasi gabe. IkerGazte kongresua oso aproposa da horretarako, baina, gure lanak gure alor berean dabilen jendearekin bakarrik partekatu beharrean, beste alor batzuetako ikertzaileekin ere egoteko aukera eskaintzen du. Eta, gainera, euskaraz! Gaur egun, jende gehienak ingelesez argitaratzen du, nazioartean ere euren lana zabaltzeko. Ni saiatzen naiz euskaraz ingelesez bezainbeste argitaratzen, testu zientifikoak ere izatea behar-beharrezkoa delako euskara normalizatu dadin. IkerGazte bezalako ekitaldiek jende gehiago animatzen dutela uste dut, ikertzaile gazteontzako topagune interesgarria izateaz gain.

“Izen+aditz konbinazioen itzulpena: azterketa linguistikoa eta tratamendu konputazionala” horixe 6 txiotan laburtu duzuna. Itzulpen Automatikoak eta Unitate Fraseologikoak lantzen ari zara. Zertan da ikerketa?
Bada, Unitate Fraseologikoak hizkuntza guztietan gertatzen den fenomeno linguistikoa dira. Esanahi bakarra adierazteko, hitz bat baino gehiago behar dira, eta, askotan, hitz bakoitzari bere aldetik begiratuta, ezin izaten da hitz multzo osoaren esanahia ulertu. Esate baterako, norbait antzarak ferratzera bidaltzen baduzu, ez diozu benetan antzara artera joateko agintzen, edo norbaitek ordainetan odolkiak jasotzen baditu, ez du bat-batean odolkirik aurkitzen parean... Ezta gutxiagorik ere! Ordenagailuek ez dute jakiten horrelakoak ondo interpretatzen, eta are gutxiago automatikoki zuzen itzultzen; horixe da hobetu nahi duguna. Gaztelaniatik eta ingelesetik Unitate Fraseologikoak itzultzean sortzen diren akatsak konpondu nahi ditugu pixkanaka.

Matxin euskarazko lehenengo itzultzaile automatikoa eta Konbitzul datu-basea izan dituzu esku artean. Zerk eraman zaitu gai hori lantzera? Non du abiapuntua?
Abiapuntua Matxin bera dela esango nuke, eta Konbitzul da nire tesitik ateratako produktua. Matxin itzultzaileak zailtasun handiak izaten ditu UFak itzultzeko, eta Konbitzul datu-basean hainbat UFri buruzko informazioa gehitzen ari gara, zailtasun horiei aurre egiten laguntzeko. Niri fraseologia oso gai interesgarria iruditzen zitzaidan, batez ere itzultzailea naizelako eta ondo dakidalako horrelakoak itzultzeak zer-nolako buruhausteak dakartzan sarri. IXA taldean Matxini bultzadatxoa eman nahi zioten, eta tratua egin genuen: nik UFak aztertuko nituen, eta azterketa horretatik ateratakoa Matxin hobetzeko erabiliko genuen.

Zuri irakurria da esaldi konplexuenak ere zuzen-zuzen itzuliko dituen tresnaren bat lortzea oso zaila izango dela. Zein fasetan gaude?
Oso urruti! Esaldi sinpleak itzultzean ere akatsak egiten dira oraindik, eta, testuen konplexutasuna handitu ahala, hanka-sartzeen kopurua ere esponentzialki igotzen da. Hizkuntzarik handienek ere akats pila bat egiten dituzte oraindik (ingelesak berak, adibidez); bada, pentsa txikiek, baliabide urriak izanik. Gainera, oso-oso sistema onak lortuta ere, hizkuntzak etengabe ari dira aldatzen, eta beti agertzen dira hitz eta esamolde berriak. Eta noski, hori, kontuan hartu gabe itzulpen perfekturik ez dela existitzen... Eman esaldi konplexu bat hamar (giza) itzultzaileri, eta ikusiko duzu nola denek itzuliko dizuten desberdin. Zein da zuzena? Ziur asko, denak, nork ebaluatzen duen! Aurrekoan oso zaila izango zela esan nuen, eta berriro diot. Zenbat eta tresna hobeak lortu, orduan eta gauza gehiagotarako erabili ahal izango dira, adibidez, atzerriko hizkuntzetako testuak geure ama-hizkuntzetan ulertzeko, edo itzultzaileei euren lanean laguntzeko, baina ez euren lana ordezkatzeko.

Oraindik tesia bukatzen ari zara, baina beste proiekturik esku artean?
Proiektuak, asko, eta ez daitezela falta! Tesiaz gain, itzulpenak ere egiten ditut tarteka, eta aurten irakaskuntzan ere aritu naiz unibertsitate mailan. Momentuz, hirurak gustatzen zaizkit; denborak esango du zein(tzuk) aukeratuko d(it)udan.

txiotesia,elkarrizketa