Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Uxoa Anduaga: "Umorea zer den eta zer ez den botereak definitzen duela erakutsi dit ikerketak"

Dokumentuaren akzioak

Uxoa Anduaga: "Umorea zer den eta zer ez den botereak definitzen duela erakutsi dit ikerketak"

2014/09/18 - Unibertsitatea.net
Uxoa Anduaga Soziologian lizentziatua da eta egun "Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidezko euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia" tesia egiten ari da.

Uxoa Anduaga, 28 urteko Hondarribitarra da. 2009an amaitu zituen Soziologiako ikasketak UPV/EHUn eta ikerketa ereduen inguruko masterra egin zuen ondoren. 2010ean tesia egiteko diru laguntza jaso eta Kanadan (University of Ottawa) eta Buenos Airesen (Universidad de Buenos Aires) egoteko aukera izan du. Gaur egun, tesia amaitzeko lanetan dihardu: "Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidezko euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia".

“Umore diskurtso bidezko euskal nazio eraketa” tesia lantzen ari zara, zergatik aukeratu zenuen gaia?

Lizentziaturan nengoenetik, errealitate sozialaren erreprodukzio mekanismoek liluratuta eduki naute. Egunerokotasunean “normala” dena eta normatik kanpo geratzen dena nola barneratzen dugun eta zapaltzen gaituzten diskurtsoak zergatik asimilatzen ditugun ezagutzea garrantzitsutzat jotzen dut, hor kokatzen baitut, hain zuzen ere, komunitate baten burujabetza eta emantzipaziorako gaitasun maila: inertziazko praktiken problematizazio politikoan, alegia.

Interes partikular horri beste bat gehitu zitzaion masterra egiten nenbilela: Euskal Herrian umoreak urte gutxiren buruan izan zuen zabaltze izugarria alegia. Telebista saioetatik hasi eta gizarte mugimenduetaraino umorearen erabilera eta zehazki euskaldunen inguruan egiten den umorearen arrakasta deigarria egin zitzaidan eta horretan gehiago sakontzea erabaki nuen.

Bi iturri hauetatik edaten saiatu naiz tesian beraz: umorea euskal nazioaren inguruko irudikapenak barneratzeko (edo iraultzeko) mekanismo bezala planteatuz.

 Zein irizpide erabili dituzu zure tesia aurrera eramateko, hau da, nola gauzatu duzu?

Umorearen gaia aski ezezaguna da soziologian eta hau aztertzeko teknikak ere ez dira gehiegi landu oro har. Horrek egoera gazi-gozo batean jarri nau hasieratik. Gozoa, dena ikertzeke egoteak nahi izan dudan horretan askatasun osoz zentratzeko aukera eman didalako, aurre-muga teorikorik apenas izan gabe. Hala, nire gustuko helburuak lantzen ibili naiz, eta zehazki, euskal nazioaren eraketa sinbolikoan gure buruaz egiten dugun umoreak duen eraginkortasun politikoa ezagutzea bilatu dut ikerketan. Bi urrats eman ditut horretarako: alde batetik edukiak aztertuz, hau da, umore bidez zer nolako baloreak, ideiak eta juzkuak proiektatzen diren ikusi eta honetatik euskal nazioa nola irudikatzen den aztertu dut; eta bestetik, autoretzak kontuan hartuz, hau da, umorea gizarte sozialak edo instituzioek egindakoa den ikusiz eta horrek umorearen onarpenean ze eragin duen begiratuz.

Alde gazia ere izan du ikerketak ordea, eta hau landa lanarekin etorri zait. Gaia ezezaguna izateak ikerketaren beharretara moldatuko den metodologia malgu bat izatera behartu bainau: etengabeko egokitzapen metodologikoak egitea tesiko lan nekagarriena izan da.

Errealitateak umorea baldintzatzen duela uste duzu, hau da, umorea errealitatearen isla dela? Zergatik?

Umorea eta errealitatearen artean dagoen lotura umoreak behar bezala funtzionatzen ez duenean ikusten da argien: txiste bat harrapatzen ez denean edota txantxa batek iraintzen gaituenean adibidez. Hartzaile eta emaileak errealitatea ulertzeko modu desberdinak dauzkatelako gertatzen da honakoa: batentzat sakratua dena bestearentzat profanagarria delako eta ondorioz batentzat umoretsua dena bestearentzat birao, irain edo diskurtso matxista izan daitekeelako adibidez. Umorea fenomeno sozial bezala ulertu liteke beraz, taldean ikasi eta erakutsia den praktika kultural bezala eta ondorioz dagokion taldearen baloreak, erreferenteak, ikuspegiak, sinesmenak… erabiliko ditu bere eraketan. Hala umorea ulertzeak gizarte batek bere burua eta gainontzeko errealitateak ulertzeko eta sailkatzeko erabiltzen dituen eskema soziala eta botere-harremanak nolakoak diren agertarazteko modu bat izan daiteke.

“Txiokatu zure tesia 6 mezutan” lehiaketan zuk idatzitako galdera berbera egingo dizugu, ze umore diskurtso mota daude Euskal Herrian? Nola sortzen dira diskurtso horiek?

Umorea aztertzeko botere-harremanei garrantzia handia eman diet tesian, uste baitut umore diskurtso guztiek ez dutela zilegitasun eta hedatzeko erraztasun berdinik izaten eta ondorioz nazio irudikapenak sortzeko gaitasun berdinik ere ez. Ikuspegi honetatik begiratuta eta laburrean esanda, umore diskurtsoetan hiru eredu nagusi topatu ditut oro har.

Alde batetik, erakundeek erabiltzen duten umorea, gizartean zabaldu eta indartsuena izango dena eta errealitate hegemonikoari men egingo diona (euskal nazioaren lurraldetasuna EAEra mugatzen duena; gaztelaniaren mesedetan euskara gutxiesten duena; euskaldunen topikoak indartzen dituena …).

Bestetik, gizarte sozialak sortutako bi diskurtso agertu dira: lehena, instituzioetatik bultzatzen diren edukiak birformulatu eta bestelako irakurketa bat eskaintzen dutenak (gaztelaniaren kaltetan euskara goraipatzen dutenak, instituzioen aurkako burujabetza sozio-politikoa aldarrikatzen dutenak…) eta azkenik  instituzioek esandakoa bazterrean utzita, logika propioei eta talde afera intimoagoei erantzungo diotenak (autoparodia eta autokritikan oinarrituak bereziki).

EITBk otsailean egindako elkarrizketan zenion: “euskaldunak oso serioak garen topikoa gezurra da”. Euskaldunon umore faltaren ustea nondik dator?

Euskaldunok umoretsuak bagarela ikusteko gure kultur jarduerei erreparatzea besterik ez dago: hor dauzkagu inauteriak edo bertsolaritza adibidez, eta zer esanik ez azken urteetan indartzen ari den umore industria kontuan hartzen badugu (bakarrizketak, antzerkia, telebista saioak…). Baina egia da ere serioak garelaren topikoa oso barneratua daukagula. Uste honen sorrera XIX. mendeko gertaerekin uztartzen dut nik. Garai hartan nazionalismo euskaldun eta katalana sortzearekin batera Espainiak Estatu-nazio bezala zuen zilegitasuna lurralde katalan eta euskaldunean ahultzeko arriskua ikusi zuela deritzot eta honen aurrean erabilitako errepresio moduetako bat umorearen erabilera ere izan zela pentsatzen dut: bai identitate zeinu partikularren inguruko umorea eginez (euskal hiztunen inguruko txisteak eginez adibidez) eta bai topiko, klixe eta estereotipoak sortuaz ere: euskaldunak apustuzaleak, mozkortiak, burugogorrak eta serioak bezala identifikatuz. Orduz geroztik estereotipo horiek Espainian ez ezik Euskal Herrian (hegoaldean bereziki) guk geuk ere sinesten amaitu ditugu.

Umoretsua kontsideratzen zara? Tesia burutzeko umorea erabili duzu?

Umorea estimatzen dut baina oso txiste kontalari eskasa naiz eta tesia ere hala atera zait: umoretik asko du baina zoritxarrez ez da umoretsua. Idazkera akadamizatu estandarretik aldentzen saiatu naiz hala ere, zer esaten den garrantzitsua izateaz gainera nola esaten den kontuan hartu behar dela pentsatzen baitut eta formatu zientifikoaren hoztasunetik urruntzen den narrazio bat sortzen saiatu naiz. Ez dakit lortu ote dudan, baina hala izan bada meritu guztia elkarrizketatuei egozten diet: haien parte-hartze eta ikuspegirik gabe lan hau burutzea ezinezkoa izateaz gainera, lanari izaera hurbil eta epela eman baitiote haien ekarpenek. Asko ikasi dut lau urte hauetan; umoretik ere bai.   

Aski ezaguna da “8 apellidos vascos” filmaren arrakasta, Euskal Herrian umore politikoa bakarrik jorratzen al dakigu?

Umoreak errealitatea birsortu edo eraldatzeko duen gaitasuna kontuan hartzen badugu, umore oro politikoa dela esan genezake. Beste kontu bat da umore horren eragin politikoak zein esparrutara zuzentzen diren ikustea, hau da, generoari dagozkion edukiak tratatzen dituen; beldur edo tabu kolektiboei dagozkionak diren (heriotza kasu); gaurkotasun politikoari loturikoak edota eduki etnikoak ote diren. “8 apellidos vascos” azken multzo honetan kokatzen dut nik, hau da, euskaldunei, talde etniko-nazional bezala ulertuta, dagozkion edukiak lantzen dituen umore bezala hartzen dut eta hein horretan euskal nazioaren ikuspegiekiko eragin politikoa duen baliabidetzat jotzen dut. Edonola ere, egia da euskaldunen arteko umoreak bestelako esparruak asko ukitzen baditu ere, umore etniko autoerreferentzialak (gure buruez diharduenak) arrakasta eta onarpen itzela lortu duela gizartean. Baina horretan ere badira interesak eta botere-harremanak, nazio ikuspegi konkretu bat bultzatzearen nahiak eta proiekzioak: zergatik ematen da telebistaz bestela Vaya Semanita eta ez Pirritx, Porrotx eta Marimotox? (Diario Vasco-n jasotako albistea: Covite pide a EITB que no contrate a "Pirritx eta Porrotx")

Euskaldunok benetan geure buruaz barre egiten dakigu?

Baietz esango nuke, beste edonork bezainbeste. Baina nire ustez “gure buruez barre egitea” zer den zehaztean datzala gakoa. Norberaren buruaz barre egiteko beharrezkoa da botere-harremanik gabeko testuinguru bat egotea, hau da, emaile, hartzaile eta ikusleak talde eta botere posizio komun bat konpartitzea eta ondorioz  intimoa eta parekidea den inguru batean sentitzea,horrek berdinen arteko hartu-eman bat bermatzen baitu eta ondorioz, gutxiespenik gabeko autoparodia egitea ere bai (lagunarteko afari batean adibidez).

Baina umore etniko euskaldunaren kasuan, ordea, “gure buruez” uste baino gutxiago barre egiten dugula esango nuke, baldintza horiek ez baitira gehienetan ematen. Askotan euskaldunei egozten zaizkien ezaugarri hiperbolizatu edo tipifikatuen inguruan egiten da umorea (edaleak, astapotroak, sexualki erreprimituak…) baina ez dugu gure burua halakoa ikusten ziurrenik. Hala, euskal umore etnikoa erabiltzen dugun gehienetan ez diogu gure buruari barre egiten, gure taldekide kontsideratzen ditugun (euskaldun bezala identifikatzen ditugun) beste kideei bazik (baserritarrak, giputxiak, Bilbotarrak…).

Edonola ere, egia da “gure buruaz barre egitearen” inguruko diskurtsoa oso zabaldua dagoela eta gainera kutsu positiboa dariola “sanoa” edo “beharrezkoa” delaren ideia zabaldu baita urte gutxiren buruan. Baina egiazki hain ona bada, zer dela eta ez dio boterean dagoenak bere buruari barre egiten? (Naiz-en jasotako albistea: Denuncian que EITB ha censurado un sketch sobre recolocacion de politicos en empresas electricas).

Zeintzuk dira tesian momentuz ateratako behin behineko ondorioak?

Buf… hemen gehiegi luzatu naiteke eta, orokorrenak aipatzea izango da hoberena. Bata, umorearen definizioa botere-harremanei zuzen-zuzenean lotzen zaiola baieztatzea izan da. Hau da, umorea gizartean ikasia, irakatsia eta negoziatutako zerbait dela pentsatuaz hasi nuen tesia, baina botereak (eta bereziki instituzio eta erakundeak) umorea zer den eta zer ez den definitzen dutela erakutsi du ikerketak. Hala, errespetua, bizikidetza, demokrazia edo sen onaren izenean umorez jorratu daitezkeen gaiak eta jorratu ezin direnen arteko marra gorria eraikitzen da eta hau publikoki igarotzen duenak bazterkeria, zentsura edo ondorio judizialak pairatzeko arriskua jasan dezake.

Beste ondorio orokor bat, umoreari dagokionez  euskal gizarteak nazio eredu propio bat jorratzeko esku-hartze gutxi duela ikustea izan da: oro har gizartea instituzioetatik etorritako umore diskurtsoen erreproduktore pasiboa da eta espazio oso mugatuak dauzka euskal nazioa bere gisara irudikatu eta birdefinitzeko. Egoera honetan zer esan handia du Euskal Herriak azken hamarkadetan jasan duen egoera sozio-politikoak, bai eta azken urteetan eman diren aldaketek ere: umorearen erabilera ez dago oraindik guztiz barneratua eta onartua zenbait diskurtso eta ideologia garatzeko orduan eta autozentsurarako joera handia da oro har.  

Beste proiekturen bat duzu esku artean une honetan? Etorkizunera begira?

Tesia ganoraz bukatzea dut momentu honetan nire proiektu nagusia, baina badauzkat etorkizun hurbilean martxan jarri nahiko nituzkeen beste zenbait: duela gutxi Galiziako eta Kataluniako umorea eta nazio eraketa ikertzen dabiltzan beste irakasle batzuekin elkarlanean aritzeko eskaera jaso nuen, eta litekeena da hori aukeretako bat izatea.

 

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

(txiotesia 1, txiotesia2)