Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Urdaibai Biosfera Erreserba izendatzeak herritarren bizi-kalitatea hobetu du ikerketa baten arabera

Dokumentuaren akzioak

Urdaibai Biosfera Erreserba izendatzeak herritarren bizi-kalitatea hobetu du ikerketa baten arabera

2017/06/09 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko ikertzaileek ondorioztatu dute izendapen horrek ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta litekeena dela horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana

1984an izendatu zuen Unescok Urdaibai Biosfera Erreserba eta 1993. urtean Urdaibai Biosfera-Erreserbako Erabilpenerako eta Kudeaketarako Plan Gidaria ezarri zuen dekretua onartu zen, 2003. urtean zatika aldatu zena. Ordutik gaur egunera arteko ingurumen-bilakaera zein bilakaera sozioekonomiko eta kulturala aztertu dituzte UPV/EHUn, eta ondorioztatu dute izendapen horrek ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta litekeena dela horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana. Busturialdeko eta Uribe Kostako aldagai sozioekonomikoak eta kulturalak eta lurraren erabilerarekin lotutako aldagaiak aztertu ondoren atera dituzte ondorio horiek.

Biosfera Erreserba izendatu zenetik hona hainbat jarduera debekatu eta hainbat ustiapen-mota mugatu dira, eta horrek eztabaida handia eragin du biztanleen artean: Urdaibaiko herritar asko ez dago ezarritako muga horiekin ados eta, beste batzuen ustez, ezarritako neurriak ez dira nahikoak kontserbazioa ziurtatzeko.

Eztabaida hori argitzearren, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du Nekane Castillo UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako hainbat aldagaik Plan Gidaria onartu zenetik gaur egun arte izan duten bilakaera aztertu eta alderatu dute ikerketan, “bi eskualdeok elkarrengandik hurbil baitaude eta antzeko ezaugarriak  baitituzte”. Zehazki, hiru aldagai-mota aztertu dituzte: lurraren erabilerari buruzko aldagaiak (labore-lurrak, hiri-lurrak, pinu-landaketak, eukalipto-landaketak, baso autoktonoa…), aldagai sozioekonomikoak (enplegua eta langabezia, BPGa, biztanleria…) eta kulturalak (euskararen erabilera, hezkuntza-maila…). Bestalde, ingurunearen jasangarritasun-indize bat atera dute, kontsumitzen den uraren araberakoa, sortzen den zaborraren araberakoa eta abar.

Adierazle horien guztien azterketa estatistikoak egin ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute bi eskualdeek antzeko joera izan dutela. “Alde batetik, landa-jarduera tradizionalak bertan behera utzi dira, eta ingurumenean hainbeste kalte eragiten duten pinu-landaketak urritu egin dira, haien ordez hiri-lurrak eta tokiko espezieak zabalduz”. Ikertzaileek ikusi dute hirugarren sektorea, turismoarekin lotutakoa, hazi egin dela, bai eta ongizatea (errenta, barne-produktu gordina, goi-mailako hezkuntza eta enplegua) eta jasangarritasuna ere.

Ikertzailearen esanetan, “oro har, Urdaibai Biosfera Erreserbaren azaleraren erdia pinudi-landaketak diren arren kontserbazio-baldintza hobeak eta landa-eremuko baldintza hobeak ditu Uribe Kostak baino, eta aldagai sozioekonomikoak eta kulturalak pareko mantentzen dira”.