Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko diru-poltsak
Erabiltzailearen akzioak

Unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko diru-poltsak

2017/06/13 - unibertsitatea.net
UEUk Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, unibertsitate-mailako euskarazko ikasmaterialak sustatzeko hiru poltsarako deia egiten du.

Udako Euskal Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko hiru diru-poltsaren deialdia ireki du. Unibertsitateko edozein jakintza-arlotakoa izan daiteke ikasmateriala. UEUren sailetakoak bakarrik ez (antropologia, antzerkilaritza, arkitektura, artea, bertsolaritza, ekonomia, filosofia, fisika, glotodidaktika, historia, hizkuntzalaritza, ikasketa klasikoak, informatika, itzulpengintza, kazetaritza eta komunikazioa, kimika, fisika, klimatologia eta meteorologia, literatura, matematika, musika, natur zientziak, osasuna, pedagogia, psikologia, sexualitatea, soziologia, soziolinguistika, zuzenbidea, kultura-gaiak, folklorea eta gastronomia), beste unibertsitate-arlo batzuetakoak ere izan daitezke (ingeniaritza, filologia, geografia...).

Deialdi hau autore ororentzat dago zabalik, baina orain arte testugintza unibertsitariora hurbildu ez direnen lana sustatu nahi da batik bat, autore unibertsitarioen esparrua ahalik eta modurik zabalenean egituratzen joan dadin, idazle arituen lanari gazteena gehitu dakion. Hartara, bereziki baloratuko dira hala autore gazteen lan-proiektu indibidualak nola talde-proiektuetan autore gazteak integratzeko ahaleginak. Diru-poltsa bakoitza 1.000 eurotakoa izango da eta 12 hilabeteko iraupena izango du.

Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2017ko ekainaren 28tik urriaren 3ra arte egongo da zabalik, biak barne.

Interesatuek Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean (www.ueu.eus) eskuratu ahal izango dute eskari-orria, “Deialdiak” atalean. 2017ko urriaren 3a baino lehen, honako hauek helaraziko dira UEUren Bilboko bulegora, hala posta elektronikoz nola paperean (ale bat):

  • Eskari-orria, behar den bezala beteta.
  • Liburuaren lagin bat (liburu osoaren % 5, gutxienez)
  • Eskatzailearen curriculum vitae-a. Lantaldeen kasuan, partaide guztienak.
  • Autore gazteen kasuan (25 urtetik beherakoak), unibertsitate-ikasketetako espediente akademikoa.
  • Eskatzailearen edo eskatzaileen nortasun-agiriaren fotokopia.

 

Harremanetarako eta informaziorako helbidea:

Unibertsitate-liburuen DIRU-POLTSA

Erribera kalea 14, 1. D48005 Bilbo (Bizkaia)     

E-mail: argitalpenak@ueu.eus

Tlf.: +34 946790546

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari