Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian UEUk Euskal Herriko pentsamendu kritikoari buruzko graduondokoa eskainiko du

Dokumentuaren akzioak

UEUk Euskal Herriko pentsamendu kritikoari buruzko graduondokoa eskainiko du

2012/06/14 - unibertsitatea.net
Datorren urtean UEUren ekimenez lau graduondoko berri egingo dira EHUn. Horietako bat Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan izenekoa da.

Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. Mendeetan da UEUren ekimenez egingo diren lau graduondokoetako bat. Graduondokoak helburu bikoitza du: alde batetik; beraien lanaren oparotasun eta kalitatearengatik Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturaren garapenean berebiziko garrantzia duten hainbat euskal autoreen lana berreskuratzea eta horien gainean hausnarketa sakona sustatzea; bestetik, aurrean aipatu zeregin horretan, diziplina ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea Euskal Herriko pentsamenduaren historia sortze horretan ikuspegi zabala eta aberatsa eskaintzeko.

Egungo errealitate sozio-politiko eta kulturala ulertzeko Euskal Herriko pentsamenduaren gaurkotasuna eta errelebantzia agerian uztea du xede. Graduondoko hau Gizarte Zientzien alorrean formakuntza eta Euskal Herriko pentsamenduan eta kulturan interesa duen ororentzat zuzendua dago. Jorratuko diren gaiei dagokionez: filosofia, historia, soziologia, antropologia, abertzaletasuna, ETA, marxismoa, queer teoria, ekologismoa, herri eraikuntza, euskal literatura, musika eta artea… alorrak ukituko dira. Irakasleetako batzuk Joxe Azurmendi, Mario Zubiaga, Imanol Galfaroso, Joseba Gabilondo, Ander Iturriotz, Edu Apodaka eta Julen Zabalo izango dira.

Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz. Halaber, ikasitakoa praktikan jartzeko ikasleek UEUko ikastaro bat antolatuz praktikak egiteko aukera izango dute.

 

Izena emateko epea ekainaren 31etik irailaren 28ra da. Kurtsoa urriaren amaieran hasten da eta klaseak ostiral arratsaldez eta larunbat goizez izango dira.