Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian UEU-k liburu bi argiratu berri ditu: "Elikagaien segurtasuna eta kalitatea XXI. mendean" eta "Ekuazio diferentzial arruntak askatzeko zenbakizko metodoak"

Dokumentuaren akzioak

UEU-k liburu bi argiratu berri ditu: "Elikagaien segurtasuna eta kalitatea XXI. mendean" eta "Ekuazio diferentzial arruntak askatzeko zenbakizko metodoak"

2012/10/09 - Unibertsitatea.net
XXI. mendean elikagaien tratamenduan erabiltzen diren prozesuei buruzko azalpena aurkituko dugu batetik eta bestetik, bigarren lanaren helburua da, ekuazio diferentzial arruntaren emaitza hurbildua lortzeko lana erraztuko duten baliabideak eskaintzea.

Elikagaien segurtasuna eta kalitatea XXI. mendean

Iñaki Etaiok eta Olaia Martinezek azalduko digute ikuspuntu didaktiko batetik elikagaien segurtasunarekin eta kalitatearekin lotutako gaiak. Segurtasunari dagokionez, elikagaietan ager daitezkeen arrisku nagusiak azaldu eta merkatu globalizatuan arrisku horiek antzeman eta kontrolatzeko dauden erremintak (informazioaren elkartrukerako sareak) aipatzen dira. Horretaz gain, Codex Alimentariusak proposatutako autokontrol-sistema (AKKPA/HACCP) ezartzeko eman beharreko oinarrizko urratsen inguruko argibideak eskaintzen dira. Segurtasun-bermea funtsezko ezaugarria bada ere, kontsumitzaileek bestelako alderdi batzuk baloratzen dituzte elikagaiak aukeratzeko orduan, besteak beste, nutrizio-ezaugarriak eta prestatzeko erraztasuna. Gai horiek guztiak kudeatzeko sistema integratu hedatuenak deskribatzen dira (ISO 9001, ISO 22000, IFS, BRC...).

Ekuazio diferentzial arruntak askatzeko zenbakizko metodoak

Zientzia, ingeniaritza, ekonomia, eta beste esparru batzuetan gertatzen diren fenomenoak deskribatzeko eredu matematiko bat darabilgunean, ohikoa da ekuazio diferentzialak agertzea. Gehienetan eredu hori hain da konplexua ezen ia ezinezkoa izaten baita haren emaitza zehatza zein emaitza hurbildua ordenagailuaren laguntzarik gabe eskuz aurkitzea. Horrelakoetan lagungarri dira ordenagailu bidezko simulazioa eta baita ekuazio diferentzialak ebazteko dauden zenbakizko metodoak ere.

Hasierako baliodun ekuazio diferentzial arruntak (EDAk) askatzeko zenbait zenbakizko metodori buruzko teoria eta hauen ordenagailu bidezko programazioa ikusiko ditugu MATLAB ® softwarea erabilita, Elisabete Alberdi Celaya egilearen eskutik.