Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Txoriak.eus: 20 urtez jasotako txori-izenak sarean
Erabiltzailearen akzioak

Txoriak.eus: 20 urtez jasotako txori-izenak sarean

2017/02/17 - unibertsitatea.net
Asier Sarasua Aranberri biologoak azken hogei urtetan herririk herri batutako euskarazko txori-izenekin osatutako datu-basea sarean jarri du, denontzat eskuragarri

"Biologoa (eta txorizalea), filologoa (eta dialektologiazalea),... nik uste kondenatuta nengoela horrelako lan bat egitera! Badira hogeitaka urte honetan hasi nintzela, han eta hemen txori-izenak jasotzen. Eibarko baserritarren artean egin genuen azterlan etnolinguistiko bat izan zen guztiaren abiapuntua, 1994. urte inguruan. Orduan konturatu nintzen, ordura arte nik liburuetan ikasitako hainbat txori-izen ezezagunak zirela nire herriko bertako baserritarrentzat; eta eurak esaten zizkidaten berbak ere, nik ez nizkiela ulertzen. Zer ziren abijoia, urmakinistia edo txinbo karkarra? Zer abendua eta frutabatzailea?" halaxe hasi zen Asier Sarasua Aranberri izen bilketan. Lehenengo inguruan eta apurka apurka Euskal Herri osoan zehar. Txori-izenak ez ezik, baita txorien inguruko hainbat kontakizun ere. Hainbat urtetako lan horren fruitua da txoriak.eus webgunea. Hala idatzi du Asier Sarasuak berak webgunea aurkezteko unean.

Euskal Herriko hegaztien datu-basea da txoriak.eus eta bi eratako informazioa biltzen du. Batetik txori-espezie bakoitzaren biologikoa (ornitologikoa) jasotzen du eta, bestetik, txorien euskarazko izenen datu basea da. Hau da, txori bakoitzak zer izen hartzen dituen eskualde, euskalki eta hizkera bakoitzean; nori jaso zaion izen hori, eta bibliografian nola/noiz/nork erabili duen. Kasu batzuetan, lekukoen hitzak ikusi eta entzuteko aukera ere badago, Ahotsak proiektuan jasotako grabazioei esker.

"Oraindik ere lehenengo bertsio bat besterik ez da" dio Sarasuak. Une honetan Euskal Herriko 100 txori-espezie nagusienen informazioa dago ikusgai, "baina nire asmoa da 200 espezie ingurura heltzea eta, horrekin batera, espezie bakoitzaren inguruko informazioa ere osatzea. Txori-izenei dagokionez, 2.000 izen ezberdin daude honezkero plataforma horretan kontsultagai. Eta Txoritokiak izeneko atal bat egitea ere interesgarria iruditu zait, Euskal Herrian (eta inguruan) txoriak behatzeko dauden lekurik aproposenak zerrendatuz eta bakoitzaren inguruko informazio praktikoa eskainiz".

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari