Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Trikuharrietan eta leizeetan hobiratutakoen arteko desberdintasunak argitzen

Dokumentuaren akzioak

Trikuharrietan eta leizeetan hobiratutakoen arteko desberdintasunak argitzen

2017/09/28 - unibertsitatea.net
UPV/EHUren Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailak eta Oxford Unibertsitateko School of Archaeologyk egindako ikerketa batek trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu ditu, haien dieta zein zen zehazteko, eta, hala, Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasierako gizartea nolakoa zen jakiteko.
Trikuharrietan eta leizeetan hobiratutakoen arteko desberdintasunak argitzen

Argazkia: UPV/EHU

PLOS ONE aldizkarian UPV/EHUren Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailak eta Oxford Unibertsitateko School of Archaeologyk egindako ikerketa baten berri dakar. Trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dituzte, haien dieta zein zen zehazteko, eta, hala, Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zein zen gizarte-egitura eta nolako gizartea zen jakiteko. 

Teresa Fernández-Crespo izan da ikertzaile nagusia eta berak aurrez egindako lan batean dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen arteko desberdintasuna demografikoak aurkitu zituen. Dolmenetan, gizonezko helduak ziren nagusi, eta leizeetan, berriz, ohikoagoak ziren umeak eta emakumezkoak.

Oraingoan harago joan nahi izan dute. Megalitoetan eta leizeetan hobiratutakoen dietak aztertuz. Dieta ez delako behar fisiologiko bati erantzuteko modu huts bat ikertzailearen esanetan, "portaera kultural eta sozial bat ere bada, zenbait parametrok baldintzatzen dutena".

Arabar Errioxan egin dute lan hori, leizeak eta trikuharriak elkarrengandik oso hurbil daudelako, "batez beste 10 km-ra". Eskura zituzten datazioei esker, dolmenetan aurkitutako Neolito bukaerako eta Eneolito hasierako hondakinak bereizi ahal izan dituzte, "leizeetan aurkitutako garai bereko sekuentziekin alderatu ahal izateko" bere hitzetan. Datuak eskuan karbono eta nitrogeno-isotopo egonkorrak neurtu dituzte hezur-kolagenoaren gainean. Fernández-Cresporen esanetan "iraganeko dieta berreraikitzeko erabiltzen dira isotopo horiek. Izan ere, pertsona bakoitzaren bizitzaren azken hamar bat urteetan jaten denak zehazten du giza hezurren osaera, hezur-ehuna birmoldatuz joaten baita". Eta alde handiak aurkitu dituzte leize eta megalitoetako hezurren karbono-isotopoen balioetan.

Hipotesi bi

Desberdintasunak azaltzeko bi irakurketa aipatu dituzte. Irakurketetako bat da " hobiratze-erritu desberdinak dituzten komunitate batzuen erabilera desberdina erakusten duela" ikertzaileak dioenez eta "komunitate horiek, halaber, bizirik irauteko ekonomia desberdinak dituztela, ez dituztelako ustiapen-eremu berak erabiltzen".

Beste irakurketa da komunitate berekoak izatea eta "baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea" eta trikuharrietakoek -eraikitzeko lan handiagoa eskatzen dutenak- lur hobeetara sarbidea izatea: lur zabalagoak, emankorragoak...".

Etorkizunera begira, zein hipotesiren alde egin jakiteko, beste ikerketa-bide batzuk zabaltzea pentsatzen ari dira. "Estrontzio- eta oxigeno-isotopoen azterketa bat egitea aztertzen ari gara, hala, populazio horien mugikortasuna aztertzeko. Izan ere, egile batzuen ustez, Neolitoaren amaieran eta Eneolitoaren hasieran, populazio-dentsitate handia zegoen lurralde horretan, kanpoko jendea iritsi zelako, agian. Hala, baliteke ehorzleku-mota batean edo bestean daudenak kanpotik etorritakoak izatea".

Iturria: UPV/EHU