Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Trenbideetako komunikazioa gaurkotzeko eta seguruago egiteko sistema
Erabiltzailearen akzioak

Trenbideetako komunikazioa gaurkotzeko eta seguruago egiteko sistema

2017/11/06 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza sailak CAF enpresarekin elkarlanean egindako ikerketa batean, sistema gaur egungo IP teknologiara egokitzeko komunikazio-arkitektura bat proposatu du Igor Lopez Orbe ingeniari eta UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko ikertzaile izandakoak
Trenbideetako komunikazioa gaurkotzeko eta seguruago egiteko sistema

Arg: UPV/EHU

Burdinbide Trafikoa Kudeatzeko Sistema Europarra (ERTMS, ingeleseko sigletatik) deritzo abiadura handiko tren-zerbitzuetako nazioarteko kudeaketa-estandarrari.Trenbideetako trafikoa kudeatzeko erabiltzen den sistema honek, segurtasun handiz kontrolatzen du trenen abiadura eta haien arteko segurtasun-distantzia, baina komunikatzeko darabilen teknologia zaharkituta dago. UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza sailak CAF enpresarekin elkarlanean egindako ikerketa batean, sistema gaur egungo IP teknologiara egokitzeko komunikazio-arkitektura bat proposatu du Igor Lopez Orbe ingeniari eta UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko ikertzaile izandakoak. Komunikazioen segurtasuna, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna bermatzen duen sistema da.

 

ERTMS sistema 1990eko hamarkadan zehaztu eta martxan jarri zenetik, asko aldatu dira komunikazio-sistemak eta teknologiak, eta bigarren belaunaldiko teknologia mugikorra darabilen ERTMS sistema gaurkotzeko beharra dago Lopezen esanetan. "Teknologia horrek ez du funtzionatzen gaur egungo IP teknologiarekin (Internet Protocol, gaur egungo telefono, ordenagailu eta abarrek erabiltzen dute), eta dagoeneko zaharkitua gelditu da, ez dago ia hornitzailerik, eta merkatuak inposatzen duen teknologiara pasatu beharra dago", argitu du gaur egun CAFeko langile den Lopez Orbek.

 

Mezuak estrategia erredundante desberdinak erabiliz bidaltzea da, oinarrian, Lopezen proposamena, hau da, mezuak teknologia desberdinetatik bidaltzea aldi berean; hala nola GPRS bidez, LTE bidez eta wifi bidez. "Sare-arkitektura bat sortzen da, eta sareetako batean akatsen bat baldin badago, mezua besteren batetik iritsiko dela bermatzen dugu. Horrek erresilienteago egiten du sistema, fidagarritasun handiagoa ematen dio komunikazioari, eta sendoago bihurtzen du".

 

Erresilientzia hori bereziki lehentasun handiko mezuetarako bermatzea izan da helburua, atzerapen txikiagoarekin iritsiko direla bermatzeko. Izan ere, ERTMS arkitekturak bi mezu-mota bereizten ditu komunikazioetan: lehentasun handikoak eta normalekoak.

 

Proposatzeaz gainera, ikerketarako berariaz diseinatutako sare-simulatzaile baten bidez balioztatu zuten komunikazio-arkitektura berria. Aurrerapauso handitzat jo badu ere, Lopez jakitun da bide luzea gelditzen dela proposamen hori etorkizuneko kudeaketa edo komunikazio sistema izatera iristeko, inoiz iritsiko bada: "Honelako arkitekturak estandarrak izan behar dira, noski, edozein fabrikatzailek egindako trenak elkarrekin komunikatu ahal izan daitezen. Eta estandarizazio eta baliozkotze hori UNISIGen esku dago". UNISIG da ERTMS sistemaren espezifikazio teknikoak zehazteko ardura duen partzuergo industriala.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari