Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Saturnoko jet korronte handiaren berezitasunak aztertu ditu UPV/EHUko ikerlari talde batek
Erabiltzailearen akzioak

Saturnoko jet korronte handiaren berezitasunak aztertu ditu UPV/EHUko ikerlari talde batek

2016/11/09 - unibertsitatea.net
Eguzki Sistemako planeta guztiek baino zorrotada korronte zabalagoa eta biziagoa du Saturnok. Ekuatorean mendebaldetik ekialdera dabiltzan haizeek 1.650 km/h abiadura har dezaketela ikusi dute, lurreko urakan haize suntsitzaileek baino hiru bider indar handiagoa.
Saturnoko jet korronte handiaren berezitasunak aztertu ditu UPV/EHUko ikerlari talde batek

Saturno planeta, 2015eko ekainaren 30ean Hubble Espazio Teleskopioko Wide Field Camera 3 kameraren bitartez behatuta. Laukian ekuatore ekaitza ikus daiteke

Saturnoko zorrotada korronte edo jet korronte handiaren berezitasunak argitaratu dituzte UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek Nature Communications aldizkarian. Jet korronte handiak 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak elikagaitzat dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik.

2003. urtean, Zientzia Planetarioen Taldeak, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez, haizeak hodeien mailara ahuldu zirela iragarri zuen, Voyager zundek planeta bisitatu zutenean behatutakoarekin alderatuta.

"Iazko ekainean, Aula EspaZio Gelako 28 cm-ko teleskopio soil baten bidez, ikusi genuen orban distiratsu bat zegoela Saturnoren ekuatorean eta 1.600 km/h abiaduran mugitzen zela. Abiadura hori ez zen 1980az geroztik inoiz ikusi Saturnon", azaldu du Agustín Sánchez Lavegak, lanaren lehen sinatzaile eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. Gerora egiaztatu ahal izan zuten abiadura.

Fenomenoa xehetasunez ikertzeko aukera ere izan zuten Hubble Espazio Teleskopioari esker eta Orban distiratsua -7.000 km inguruko ekaitz izugarria- osatzen zuten hodeien eta inguruko hodeien mugimendua aztertu ondoren, ikertzaileek informazio berri eta baliagarria lortu dute jet korronte handiaren egiturari buruz. Besteak beste, zenbat eta sakonago orduan eta handiagoak direla haizeak. 1.100 km/h abiadura izan dezakete goi atmosferan eta 150 km inguruko sakoneran, aldiz, 1.650 km/h-koa. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan, korrontearen abiadura eta zabalera oso aldakorrak dira, intsolazio zikloaren eraginez. Indartu egiten dira eraztunen itzalpean.

Eragina izan dezaketen bestelako fenomeno meteorologikoak ere aztertu dituzte. "Fenomeno horiek guztiak gure planetan ere gertatzen dira, baina beste eskala batean. Hori dela eta, fenomeno horiek beste mundu batzuetan baldintza oso desberdinetan ikertuz gero, horiek hobeto ulertu ahal izango ditugu eta ereduak eraiki".

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari