Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Sarean da ikusgai "Tirabirak" dokumental interaktiboa
Erabiltzailearen akzioak

Sarean da ikusgai "Tirabirak" dokumental interaktiboa

2016/10/28 - unibertsitatea.net
Webdok-ean proiekturako egindako 21 elkarrizketa, 1.200 binetako artxibo digital osoa, bineta esanguratsuenetan murgiltzeko bisitaldi birtuala eta marrazkilarien sortze-prozesua bildu dituzte, besteak beste.

Tirabirak erakusketa ibiltari transmediak sarera eman du saltoa webdok formatuan, hau da, dokumental interaktibo moduan. Tirabirak proiektuaren erronka euskal gatazkaren eta honen ondorioen inguruko ikuspegi zabal, anitz eta integratzailea eskaintzea da marrazkilarien lanen bidez. Horretarako 1977 eta 2016 bitartean argitaratutako euskal gatazkari buruzko tirak jarri dituzte, besteak beste, ikusgai. Webdok-ean proiekturako egindako 21 elkarrizketa (11 marrazkilari, sei aditu eta lau kazetari), 1.200 binetako artxibo digital osoa, historia garaikidearen gertakari garrantzitsuenak erakusten dituen ardatz kronologikoa, bineta esanguratsuenetan murgiltzeko bisitaldi birtuala edota marrazkilarien sortze-prozesua bildu dituzte.

Egitasmo berezi hau UPV/EHUko EMAN ikerketa taldeko kideek, Donostia2016 Fundazioak eta EITBk burutu dute. Fréim taldeak ere parte hartu du. Ikus-entzunezko ikasleek osatzen dute talde hori.

Proiektua ez da hemen bukatuko. Besteak beste, Durangoko azokarako liburu transmedia aterako dute. Liburuak paperera ekarriko ditu erakusketako bineta esanguratsuenak, elkarrizketetan ateratako ideia interesgarrienak eta UPV/EHUko Udako Ikastaroan aurkeztutako ponentzien testu egokitua, laburra eta zuzena. Baina, batez ere, binetak bilduko ditu eta berezitasun bat ere izango du, gainera, liburuak; liburuko hainbat edukik QR kodea izango dute eta horri esker webguneko edukiekin lotzeko aukera izango dute irakurleek.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari