Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Robotikari buruz euskaraz argitaratzen den lehenbiziko lanaren aurkezpen-ekitaldia
Erabiltzailearen akzioak

Robotikari buruz euskaraz argitaratzen den lehenbiziko lanaren aurkezpen-ekitaldia

2012/03/02 - Unibertsitatea.net
Gaur, arratsaldeko 16:00etan Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratu duen ‘Robot Mugikorrak. Oinarriak’ liburuaren aurkezpena egingo da EHUko Informatika Fakultatean, Donostian. Aurkezpen ekitaldiak egile-taldea bilduko du (Aitzol Astigarraga, Elena Lazkano, Iban Zaldua eta Antton Olariaga) bakoitzak bere arlotik (zientzia, komikiak, literatura) lan honi egindako ekarpena azalduz.

Robotikari buruz euskaraz argitaratzen den lehenbiziko lan honetan, Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkanok Robotika Mugikorraren oinarriak azaldu nahi izan dituzte modu praktikoan, hasiera-hasieratik robotak eraiki eta programatzen jarriz irakurlea.

Gaiari buruzko oinarrizko ezagutza teoriko eta praktikoak biltzea izanagatik asmo nagusia, irakurleak ez du topatuko ohiko eduki teknikoa soilik, ez. Jakina da literatura eta komikiak eragin handia izan dutela robotikan, eta baita lan honetan ere: liburua zabaltzeaz bat, Iban Zalduaren ‘Orbangabe’ sarrerako ipuinarekin topo egingo du irakurleak, teknologi berriak eta arazo zaharrak uztartzen dituen ipuin zoragarrian. Horrekin batera, kapitulu bakoitzeko atal teoriko eta praktikoaren artean, Antton Olariagaren komiki-tirak topatuko ditu irakurleak: ikusitakoari buruzko haren irakurketa zorrotz, original eta, nola ez, umoretsuekin.


Aurkezpen ekitaldiak egile-taldea bilduko du (Aitzol Astigarraga, Elena Lazkano, Iban Zaldua eta Antton Olariaga) bakoitzak bere arlotik (zientzia, komikiak, literatura) lan honi egindako ekarpena azalduz.

Baina robotikari buruzko liburua izaki, robotak dira bertako protagonista nagusi, eta aurkezpen ekitaldian, egileekin batera izango dira R-bot eta Xibot LEGO piezekin eraikitako robot mugikorrak ere. Lurrean marraztutako marra beltza jarraitu, objektuak ekidin, latak bilatu, ingurunea garbitu... eta beste hainbat portaera interesgarri erakutsiz.


Robotek bide luzea daukate egiteko oraindik, bai, baina ez izan dudarik, bidean dira.

Liburua UEUren DENDAN erosi daiteke.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari