Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Prest gaude hasteko

Dokumentuaren akzioak

Prest gaude hasteko

2012/09/27 - Fernando Mijangos
Ezinezkoa ote da masterrak edota graduondoak euskaraz eskaintzea? Arrazoia ote zeukaten fisika nuklearra euskaraz azaltzea ezinezkoa dela esaten zutenak? Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak, Graduondoko berri bat euskaraz. Prest gaude hasteko.

HondakinakIkasturte berri bat martxan jartzen den garai honetan ohiko nerbio eta tentsioak sentitzeko eta dastatzeko dugu aukera. Baina aurtengoan bada nobedade berri bat niretzat behintzat. Hain zuzen ere, graduondo bat euskaraz emateko urtebete baino gehiago daramagu lanean eta azkenean iritsi zaigula ordua. Prest gaude hasteko.


Urte askotan egon naiz ikusten unibertsitatetik irteten diren lizentziatu berriei formazioa osatzeko eskaintzen zaizkien graduondokoak eta masterrak erdaraz direla, nahiz eta lizentziatu berri hauen ia erdia euskalduna izan eta karrera euskaraz ikasita eduki. Ezinezkoa ote zen masterrak edota graduondoak euskaraz eskaintzea? Arrazoia ote zeukaten fisika nuklearra euskaraz azaltzea ezinezkoa dela esaten dutenak?


Bestalde, beste kezka bat izan da gure buruan: ze gaia aukeratu. Hau da, ikasleen interesak nondik nora joan daitezkeen asmatzea; horretarako ere euren formakuntzan dagoen hutsune bat estali nahi izan dugu programa eta edukiak aproposak eskaintzen. Gaurkotasunez beteriko gaiak, multidisziplinarrak, gizarteak dituen premiei ondo egokitzen zaien formakuntza eta abarreko ikuspuntuak jorratu ditugu azken bi urte hauetan eta, azkenean, iazko abenduan erabaki genuen aurrera jarraitzea graduondokoek eskatzen duten prozedura administratibo akademikoarekin.


Ez da erraza izan. Unibertsitateak, eskaini nahi dugun Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak izeneko graduondoko honen kalitate zientifikoa, programen egokitasuna, helburuak, metodologiak, irakasleen multzoa, baliabide materialak eta abar luze bat, zorrotz aztertu ondoren, aurtengo ekainean titulu propioari semaforo berdea jarri dio.
Seguru nago zuek ni bezalaxe harriduraz jarraitu duzuela azken urte honetan prentsan agerturiko hainbat berri hondakinei buruz, zarama eta bere kudeaketari buruz, eta piztu den eztabaidari buruz. Bat batean trending topic bihurtu da gure artean.


Graduondoko honetan, hondakinak gaia ikuspuntu desberdinetatik aztertuko dugu, ahalik eta ikuspegi zabalenarekin: bai zuzenbideak Legislazioak markatzen duen hierarkia, konpetentziak, ardura eta abarren aldetik; bai ekonomiak finkatu nahi duen kudeaketaren aldetik, zein arlo teknikoak eskeintzen dituen aukerak eta aurrerapenak. Horretarako, Arrasateko, Errioxako, Nafarroako, UPV/EHUko eta UEUko ekonomia, zuzenbidea, kimika organikoa, analitikoa, kimika fisikoa, Kimika eta Ingurumen sailetako irakasle batzuk osatu dugu gure lan taldea. Erabat multidisziplinarra. Prest gaude hasteko.

 

Fernando Mijangos, Dani Zuazagoitia eta Miren Larrion (Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak izeneko graduondokoaren batzorde akademikoa)