Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Passion for Knowledge jaialdiak hamar Nobel saridun bilduko ditu Donostian

Dokumentuaren akzioak

Passion for Knowledge jaialdiak hamar Nobel saridun bilduko ditu Donostian

2010/09/15 - Unibertsitatea.net
Hamar Nobel saridun bilduko ditu Passion for Knowledge jaialdiak (ezagutzarekiko jakin-mina), Donostia International Physics Centerrek (DIPC) zentroaren sorreraren hamargarren urteurrenaren harira egingo duen jaialdiak.

Hasiera ekitaldia hilaren 27an egingo dute, Kursaalean. Han, hitzaldi bana egingo dute Robert Langerrek, Ikerketa Zientifikoko Asturiasko Printzea saria irabazitakoak, eta Aaron Ciechanover Kimikako Nobel saridunak. Langer biomaterial berritzaileez ariko da, eta Ciechanover, botiken garapenaz.

Goizez, Kursaalean zientzialarientzako lau tailer egingo dituzte. Bertan, azken urteetan DIPCk izandako lan ildoen inguruko hausnarketa egingo dute. Arratsaldeko egitaraua, berriz, irekia izango da. Bertaratzen direnek Jean Marie Lehn, Dudley Hershbach, Richard Ernst, Roald Hofffmann, Theododor Hansch, Frank Wilczek, Claude Cohen-Tannoudji, Ada Yonath eta Heinrich Rohrer Nobel saridunen hitzaldiak entzun ahal izango dituzte. Horrekin batera, Bernardo Atxaga idazleak eta Luis de Pablo musikariak, adibidez, zientziaz eta ezagutzaz duten ikuspegia azalduko dute. Hitzaldiek 45 minutu iraungo dute, eta sarrera doan da. Dena den, ezinbestekoa da izena ematea. Bertaratu ezin direnek www.dipc.tv webgunearen bidez entzun ahal izango dituzte hitzaldiak. Twitter eta Facebook bidez ere emango dute jaialdiaren berri.

Ikasleen eta irakasleen artean zientziaren ezagutza zabaltzeko asmoz ere, bi topaketa antolatu dituzte. Hilaren 28an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko hainbat ikaslek Roald Hoffmann eta Frank Wilczek Nobel saridunekin hitz egin ahal izango dute. Leku guztiak beteta daude jada. Hurrengo egunean irakasleen txanda izango da. Haiek Claude Cohen Tannoudji, Dudley Herschbach eta Heirnich Roherrekin izango dute solasaldia. www.dipc10.eu webgunean eman dezakete izena irakasleek. Topaketak Zientziaren Kutxagunean izango dira.

Aquariumean, Itsasoagatik Jakin-mina zikloa egingo dute. Charles A. Farwell, Fernando de la Gandara eta Silvya Earl ozeanografiako adituek hartuko dute parte bertan. Gaiari lotutako bi dokumental ere emango dituzte.

Aquariumean bertan eta Bretxan zientziari buruzko arte eta argazkilaritza erakusketa bana egongo da ikusgai. Jaialdia amaitzeko, urriaren 1ean eta 2an Europako Fisika Modernoko Elkartearen topaketak izango dira.

Informazio guztia HEMEN.