Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Paleolitoko obrak eta Erdi Aroko haziak ezagutarazteko mintegiak antolatu ditu Gordailuak

Dokumentuaren akzioak

Paleolitoko obrak eta Erdi Aroko haziak ezagutarazteko mintegiak antolatu ditu Gordailuak

2014/03/27 - Unibertsitatea.net
Gipuzkoan zehar izandako aurkikuntzen berri ematea da topaketen helburu nagusia, eta zazpi dira martxotik azarora antolatutako hitzaldiak.

Gipuzkoako Paleolitoko obrak eta Erdi Aroko haziak ezagutarazteko mintegi sorta antolatu du Gordailuak, Gipuzkoako Ondare Higigarriaren Zentroak. Bertan, Gipuzkoako kultur ondarea osatzen duten bildumak eta objektuak daude jasota: esaterako, margolanak, eskulturak edota etnografia objektuak.

Hori dela eta, Gordailuko altxorrak aurkitzen izeneko topaketak antolatu dituzte martxotik azarora ―guztira, zazpi hitzaldi― zentro horretan jasotako aurkikuntzen berri emateko, eta arkeologiako hainbat elkarterekin elkarlanean eskainiko dituzte.

Hona hemen egitarau osoa:

  • Martxoak 29 (10:00-14:00): Azpeitiko Ezkuzta kobazuloko Magdalen aldiko hagaxka apaindua hitzaldia, Marijose Iriarte, Ignacio Barandiaran eta Alvaro Arrizabalaga.
  • Apirilak 5 (10:00-14:00): Gipuzkoako erromatar zeramika eta Londres Museoko metodoa aurrez aurre hitzaldia, Pía Alkain, Lorea Amondarain eta Robin Symonds.
  • Maiatzak 10 (10:00-14:00): Urez asetutako materialen arkeologia: haziak, larruzko, egurrezko eta ehunezko gauzak hitzaldia, Pía Alkain, Aitor Moreno Larrazabal eta Leonor Peña-Chocarro.
  • Ekainak 7 (10:00-14:00): Brontze garaiko zeramikazko lapiko bat San Adrian-Lizarrateko kobazuloan (Aizkorri) hitzaldia, Miriam Cubas eta Anjel Armendariz.
  • Irailak 20 (10:00-14:00): Orioko Arano mendian aurkitutako harrizko aizkora. Brontze garaiko aztarnak Gipuzkoan hitzaldia, Jesus Tapia eta Josean Mujika.
  • Urriak 11 (10:00-14:00): Orio ontziko burdinazko barrak eta totxoak: Gipuzkoako burdinaren ekoizpenari buruzko historia ezagutzeko testigantzak hitzaldia José Luis Ugarte, Txomin Ugalde eta Mertxe Urteaga.
  • Azaroak 22 (10:00-14:00): Baserria; ondare balioak antzemateko giltzarriak: arkitektura, arkeologia eta dendrokronologia hitzaldia, Alberto Santana, Josué Susperregi eta Alfredo Moraz.

 

Mintegietan parte hartzeko tokia erreserbatu behar da Arkeolan Fundaziora deituta (943 638 218) edota Aranzadi Zientzia Elkartera (943 466 142).

(Iturria: Aranzadi Zientzia Elkartea)