Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Paleolitiko garaiko artea. Galeria publikoetatik erakusketa pribatuetara

Dokumentuaren akzioak

Paleolitiko garaiko artea. Galeria publikoetatik erakusketa pribatuetara

2017/01/27 - unibertsitatea.net
Garai horretako margo edo grabatuen kokapena aukeratzerakoan zerbaitengatik izan ote zen jakiteko Asturias zein Kantabriako bederatzi barrunbe aztertu ditu Blanca Ochoa UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak
Paleolitiko garaiko artea. Galeria publikoetatik erakusketa pribatuetara

Blanca Ochoa ikertzailea.UPV/EHU

Blanca Ochoa UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzailearen esanetan Paleolitiko garaiko artearen azterketa da "historiaurreko taldeen kultura eta gizartea ezagutzeko dugun tresna urrietako bat". Nori begira egin ziren, talde osoarentzako ziren edo ez...Margo edo grabatu horien kokapena aukeratzerakoan zerbaitengatik izan ote zen jakiteko Asturias zein Kantabriako bederatzi barrunbe aztertu ditu Ochoak. Ikusgarritasuna aztertzeko metodologia propioa garatu dute horretarako. Irudiak dauden lekua aztertu dute batetik (aretoaren neurriak, irisgarritasuna, argitasuna...) eta irudien ezaugarriak bestetik. Hau da, lanen neurria edota erabilitako teknika. Margoa grabatua baino ikusgarriagoa baita.

Ochoaren esanetan, ondoriorik interesgarrienetakoa da Goi Paleolitikoan grafien banaketa topografikoa aldatuz joan zela. "Goi Paleolitoko lehen faseetan, tamaina ertain eta handiko marrazkiak egiten ziren batez ere, eta haitzuloetako galeria nagusietan. Madeleine aldian, orain dela 20.000 eta 12.000 urte artean, gora egin zuen haitzuloetako ibilbide nagusitik kanpo zeuden espazioen erabilerak. Areto txikietan egiten ziren; haietako batzuk, ezkutuan. Irudiek tamaina txikiagoa dute, eta grabatuen erabilerak ere gora egiten du. Baliteke Madeleine aldiaren aurreko artea komunitatearentzat sortua izatea. Madeleine aldian espazio txikiagoak erabiltzeak, berriz, adieraz lezake artearen erabilera mugatuagoa izatera igaro zela, edo bestelako funtzioren bat zuela".

Ikerketa berria izanik eta eremu geografiko mugatu batean egina, Ochoak argi du lehen ondorioak baino ez direla. Edonola ere, uste du lagungarria izango dela Paleolitiko garaiko artea nori zuzendua zegoen jakiteko bidean oinarriak jartzeko. "Gustatuko litzaidake ikerketarekin jarraitzea; izan ere, eremu honetako emaitzak oso interesgarriak izan dira; eta ikusi nahi nuke guk ateratako ondorioak beste eremu batzuetarako baliagarriak diren. Dena den, ziur asko desberdintasun geografikoak egongo dira, eta taldeek desberdin erabiliko zuten artea".