Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ospitaletan infekzioak eragiten dituzten bakterioak kontrolatzeko metodoak zalantzan

Dokumentuaren akzioak

Ospitaletan infekzioak eragiten dituzten bakterioak kontrolatzeko metodoak zalantzan

2017/02/14 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko Zaloa Bravo mikrobiologoak egindako ikerketaren arabera, erradiazioek eta oxidatzaile batzuek mikroorganismoa egoera bideragarri ez-kultibagarrian sartzea eragiten dute. Ez dira ohiko kultibo-inguruneetan hazteko gai, baina badute nolabaiteko aktibitate metabolikoa.
Ospitaletan infekzioak eragiten dituzten bakterioak kontrolatzeko metodoak zalantzan

Zaloa Bravo. UPV/EHU

Acinetobacter baumannii bakterioa da mundu osoko ospitaletako epidemia askoren eragilea. Baldintza gogorretan denbora luzean bizirauteko gai da; lehortzeari zein antibiotiko eta desinfektatzaileei aurre eginez. Bakterio horren portaera ezagutu eta ospitaleko baldintza desberdinetan bizirauteko dituen estrategiak aztertu ditu Zaloa Bravo UPV/EHUko ikertzaile eta mikrobiologoak.

Besteak beste, hainbat garbiketa-metodoren eraginkortasuna aztertu du Bravok; erradiazio bidezkoak zein desinfektatzaileekin egindakoak. Bere arabera "A. baumannii bakterioa eragile horien eraginpean jarri ondoren lortutako emaitzek agerian utzi zuten aztertutako desinfektatzaile bat ere ez dela gai mikroorganismo hori erabat ezabatzeko".

Ikertzaileak ikusi zuen bakterioak ezabatu ala ez, erradiazioek eta oxidatzaile batzuek mikroorganismoa egoera bideragarri ez-kultibagarrian sartzea eragiten dutela (VBNC, viable but nonculturable). Zelulak ez dira ohiko kultibo-inguruneetan hazteko gai, baina badute nolabaiteko aktibitate metabolikoa.

VBNC egoeran dauden mikroorganismo patogenoak, oro har, ez dira gai gaixotasun bat eragiteko, baina birulentziari eusten diote eta, egoera lehengoratzen bada, infekzioa berriro has daiteke. Berez, "badira ikerketa batzuk frogatu dutenak beste mikroorganismo batzuk gai direla egoera horretatik berpizteko eta infekzio bat hasteko, baina egia da gai horren inguruan badela halako eztabaida bat komunitate zientifikoaren barnean".

Hori dela eta, Bravoren iritziz, ospitaletan egiten diren kultibo-hazkundean oinarritutako analisiez gain, "bideragarritasuna detektatzen duten beste metodo batzuk erabili beharko lirateke". Jakin beharko litzatekeela ea bakterio hori gai den VBNC egoera lehengoratzeko, eta ea infekzio-prozesu bat abiarazteko gai litzatekeen.