Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Onintza Enbeita: “ Hizkuntzari esker komunikatzen gara, eta komunitate baten mundu ikuskera, komunitate horren hizkuntzak definitzen du ondoen”

Dokumentuaren akzioak

Onintza Enbeita: “ Hizkuntzari esker komunikatzen gara, eta komunitate baten mundu ikuskera, komunitate horren hizkuntzak definitzen du ondoen”

2012/07/05 - unibertsitatea.net
Onintza Enbeita Kazetaritzan lizentziatua da. Zenbait hedabideetan lan egin eta gaur egun Diputatuen Biltzarrean Iñaki Antigüedad ordezkatu du.

Onintza Enbeita Kazetaritzan lizentziatua da. 2007an Euskal Kulturgintzaren transmisioa graduondokoa ikasi zuen eta zenbait hedabideetan lan egin du. Besteak beste, Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Mihiluzen, Wazemanken, Labayru Ikastegian eta Emunen. Horrez gain, Argian, Euskadi Irratian, Berrian, Busturialdeako Hitzan, Bizkaiko Hitzan, Frida aldizkarian, Bizkaia irratian, Euskal Telebistako hainbat mahai ingurutan kolaboratu du.

 

Txikitatik trebea izan zara bertsotan. Zorte hori duzuen askok kazetaritza ikastea erabakitzen duzue. Letretarako duzun dohain berezia toperaino lantzen ikasteko ikasi nahi zenuelako da? Edo beste arrazoi batengatik izan zen? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

Oso argi neukan kazetaritza ikasi nahi nuela. Nik uste dut kazetaritzak eta bertsolaritzak badutela gauza komun bat: komunikazioa. Niri gauzak kontatzea gustatzen zait, sentitzen dudana edo kezkatzen nauena azaltzea, eta kazetaritzak zein bertsolaritzak eman didate horretarako bidea.

Gainera, bai kazetariak eta bai bertsolariak gauza askori buruz jakin behar du zeozer, baina gutxitan du aukera ezertan sakontzeko. Beti adi egoteko behar horrek ere lotzen ditu niretzat kazetaritza eta bertsolaritza.

Gehien kazetaritza idatzia gustatzen zait. Ondoen moldatzen naizen espresio bidea delako akaso.

 

Ikasketak asterakoan imajinatutakoa topa zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea?

Hasi, gogotsu hasi nintzen, baina azken urtera orduko ikusten nuen ikasgai batzuk sobera zeudela. Lau urtean hainbat gauza errepikatzen ari ginela iruditu zitzaidan, eta zenbait gauza ikasi gabe uzten genituela. Hala ere, denborarekin konturatu naiz unibertsitateak lanbidearen oinarria eman behar duela. Gauza asko ezin dira ikasi lanean hasi arte, eta norberak frogatu arte zelan egin behar diren gauzak. Hori bai, nik uste dut edozein gaitan dela garrantzitsua oinarri sendoa izatea.

 

Zer bota zenuen falta?

Praktika gehiago egitea unibertsitatean bertan. Gutxi idazten genuen irudipena izan dute beti, eta ikus-entzunezkoak egiten ari zirenentzat bideo edizioa, argazkilaritza… gehiago lantzea falta zela uste dut.

 

Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen?

Guk material gehiena edo guztia euskaraz geneukan. Hala ere, pentsatzen dut dagokionak egin beharko lukeela euskaraz egindako lanak argitaratzeko eta bideratzeko.

 

Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

Hizkuntzak berez, zubiak dira. Hizkuntzari esker komunikatzen gara, eta komunitate baten mundu ikuskera, komunitate horren hizkuntzak definitzen du ondoen. Beraz, hizkuntza oztopoa dela esateak ez du zentzurik.

Hizkuntzak umetatik modu naturalagoan lantzearen aldekoa naiz, baina gurean ez dago hori. Daukazu edo gaztelania edo euskara, eta normalean elkarren etsaitzat hartzen diren hizkuntza bi dira. Zuk karrera egiten duzun hizkuntzan egiten duzula, lanean hasten zarenean zure ama hizkuntzan lan egiten baduzu, badaude bideak lanari zure ama hizkuntza eransteko.

Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den, baina ordua dugu edozein gaitan euskaraz lasai hitz egiteko aukera izateko.

 

Zortzi urterekin bertso eskolan hasi zinen baina ordurako aitonari ikasitako bertsoak bazenekizkien buruz. 1992an hasi zinen bertso lehiaketetan parte hartzen eta hortik aurrera, hainbatetan, finalista izan zara. Azkena, 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, final-aurrekoen bigarren itzulira heldu zinela. Horrez gain, kazetaria izan zara Egunkarian, Berrian eta Matrakan eta Labayru Institutuan irakasle gisa aritu zara. Guzti hori gutxi izango balitz, Diputatuen Biltzarrean Iñaki Antigüedad ordezkatu duzu. Nola moldatzen zara guzti horrekin?

Dena ez dut aldi berean egin, e?! Ahalik ondoen antolatu eta momentu bakoitzean esku artean daukadanari ilusioz heltzen diot. Beti ez naiz ondo moldatzen hartzen ditudan lan guztietan, baina saiatu egiten naiz. Behin biziko gara, eta bizitzak ematen dizkigun aukerak aprobetxatu egin behar, ahal dela egin gabekorik ez uzteko.

 

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Etorkizunean deskantsatu egin nahi dut, bizitza lasaiago hartzen ikasi, eta astia badut, liburu bat idatzi.