Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Olatz Perez de Viñaspre: "Ikerketaz hitz egitean erregistro oso formal eta espezializatuekin ohituta gaude, eta kongresu honi esker dibulgaziora hurbildu gara, euskaraz gainera"
Erabiltzailearen akzioak

Olatz Perez de Viñaspre: "Ikerketaz hitz egitean erregistro oso formal eta espezializatuekin ohituta gaude, eta kongresu honi esker dibulgaziora hurbildu gara, euskaraz gainera"

2015/06/09 - Unibertsitatea.net
Olatz Perez de Viñaspre gasteiztarrak “Osasun-txosten elebidunak posible ote?” lana aurkeztu zuen IkerGazte kongresuan, baita Udalbiltzak banatutako sari berezia eraman ere. Sari bereziak, Euskal Herriko garapenari ekarpenik handienaren merezimendua zeukan, hori izan zen, beraz, gaztearen sariak izan zuen errekonozimendua.

Zertan datza egin duzun ikerketak?

IkerGazten aurkeztutako lanak ikerketa bide bat irekitzen digu batik bat. Osasun-txostenak euskaraz izateko lehen azterketa egin dugu, beharrak eta zailtasunak identifikatuz eta horiei irtenbidea aurkeztuaz. Eta gainera, gaur egungo teknologia egokitu egin dugu txosten horien itzulpen automatikoa errealitate bilakatzeko lehen urratsak gauzatuz. Dena dela, ikerketa bide baten hasierako urratsa baino ez da, eta osasun-txosten elebidunak izateko ikerketa ordu asko daude oraindik lantzeke.

 

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?

Euskararen normalizazio prozesuan aurrera urrats bat emateko aukera zabaltzen digu. Esan bezala, ikerketa bide berri bat zabaltzen digu eta osasun-txostenak automatikoki itzultzeko oinarria ezarri dugu. Horrela, gaur egun osasun-txostenak euskaraz ez idazteko arrazoi nagusiarekin apurtzen dugu: mediku elebakarrak eta eurek dakarten arriskuak. Gainera, osasun-txostenak euskaraz idazteko dauden berezko oztopoak aztertu ditugu eta hauei irtenbidea eskaini diegu, adibidez, Xuxen euskararentzako zuzentzaile ortografikoa medikuntzara egokituz.

 

Ikerketa amaitu baduzu zertan ari zara? Eta bukatzear bazaude...gero zer?

Hemen aurkeztutako lanak nire tesia zertarako erabil dezakegun erakusteko balio du. Izan ere, gure oraingo lehentasuna medikuntzako terminologia banku erraldoi bat automatikoki euskaratzea da. Etorkizunerako... lan honi jarraipena ematea eta osasun-txostenak elebidunak errealitate bilakatzea alde teknikotik behintzat.

 

Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan saria irabazteak?
Alde pertsonaletik autoestimu txute ikaragarria izan da, eta guk planteatzen dugun bideari babes ikaragarria. Beti izan dugu argi euskararentzat baliabideak sortzeko baliatu nahi genuela tesia, eta gure planteamenduak sari honen babesa izateak aurrera egiteko indarrak emateaz gain berau indartu egiten du.

 

Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?

Nire iritziz ekarpen nagusia ikerketa gizarteratzeko balio izan duela. Izan ere, hiru egunez komunikabideek Euskal Herrian egiten den ikerketa hizpide izan dute, eta ikerlari ezberdinak elkarrizketatuz ikerketa gizarteratzea lortu dugula esango nuke. Ikerketaz hitz egitean erregistro oso formal eta espezializatuekin ohituta gaude, eta kongresu honi esker dibulgaziora hurbildu gara, nola eta euskaraz gainera.

 

Eta euskarari dagokionez?

Bi norantzetako ekarpen ikusten ditut nik. Alde batetik IkerGaztek euskarari ikerketa eman dio, ikerketa euskaraz dibulgatu daitekeela frogatu baitu. Eta bestetik euskarak IkerGazteri identitatea eman dio, komunitatea osatzeko arrazoia eta beharra.

Gure egunerokoan normaltasunez erabiltzen dugun komunikatzeko hizkuntza (euskara), gizarteratzeko hizkuntza bilakatu da egun batzuez. Kanpora komunikatzeko ingelesera ohituta gauden honetan, biziki garrantzitsua deritzot gure hizkuntzan gure herriari egiten ari garena kontatzea. Hortaz, euskara ere aitzakia bilakatu da gure lana gizarterako.

 

Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena?

Ez da erraza zerbait azpimarratzea. Hiru egun oso intentsuak izan dira, edukiz eta bizipenez josiak. Baino zerbait azpimarratzekotan, sortutako giroa esango nuke. Lagunarteko giroa izan da nagusi, kongresuak formatu formala izan badu ere ez zait iruditu beste kongresu batzuetako hoztasuna egon denik. Gainera, jendea ezagutzeko aukera aparta izan da, eta beste ikerlari gazteak zertan ari diren ikusteko aukera izan dugu, gure eguneroko lan ultra-espezializatutik atereaz.

 

Luzeak egingo zaizkigu hurrengo bi urteak IkerGazte gabe!

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari