Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Olatz Goñi “Estresa gatazka egoeren aurrean organismoak duen erantzun fisiologiko egokitzailea da”

Dokumentuaren akzioak

Olatz Goñi “Estresa gatazka egoeren aurrean organismoak duen erantzun fisiologiko egokitzailea da”

2017/05/17 - unibertsitatea.net
Olatz Goñi Balentziagak (1990, Donostia) ere komunikazioa aurkeztu du IkerGazten, "Tumoreak, estres sozialak eta estresari aurre egiteko estrategiek jokabide depresiboan eta garunaren aktibitatean duten eragina"z eta Osasun Zientzietako saria nagusia jaso du. Psikologian graduatua da Goñi eta EHU-ko “Psikologia: Gizabanakoa, Taldea, Antolamendua eta Kultura Unibertsitate Masterra” eta “Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikobiologia eta Neurozientzia Kognitibo Masterra” egin zituen gerora. Urte horietan guztietan Psikobiologia laborategian, BCBL ikerkuntza zentroan zein Bartzelonako Biomedikuntza Ikerkuntzen Institutuan egin ditu praktikak eta 2016an Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-aurreko beka eskuratu zuen. Tesiarekin ari da orain.

Zer da zuretzat IkerGaztea izatea?

Nire eginkizun eta ilusio den jarduna nire ama-hizkuntzan egitea, eta horrelako ekitaldiei esker, gure lana eta ekarpenak euskaraz azaltzeko aukera izatea.

Zerk ekarri zaitu ikergaztera?

Euskaraz lan egiten duten beste gazteen lanak ezagutzeko eta aldi berean gure lana haiei ezagutarazteko nahiak. Arlo berdin zein desberdinetako ikertzaileak ezagutu eta etorkizunean gure ezagutzak elkar trukatuz elkarlanean aritzeko aukera ezin hobea iruditzen zait.

Tumoreak, estres sozialak eta estresari aurre egiteko estrategiek jokabide depresiboan eta garunaren aktibitatean duten eragina. Horixe ikertu duzuna. Zerk eraman zaitu gai hori jorratzera?

Psikologia graduko praktikak egin nituenean ezagutu nuen ikerketa lerro hau. Gaurkotasun eta garrantzi handiko gaia iruditu zitzaidan, eta berehala sentitu nuen gaiaren inguruan gehiago jakiteko nahia.

Tumoreak hipokanpoko serotonina/triptofano maila eta sakarosarekiko preferentzia gutxitu dituela diozu. Zer esan nahi du horrek?

Triptofanoa serotoninaren aurrendaria da, hortaz, lehen datuak, tumoreak serotoninaren sintesia gutxitu duela esan nahi du. Bestalde, garunean emandako aldaketa hauek jokaeran eragina dute eta hau sakarosarekiko preferentzia frogarekin neurtu dugu, besteak beste. Froga honetan, gustuko estimuluarekiko azaltzen duten interes maila neurtu nahi izan dugu eta horretarako sakarosa eta ur kontsumoa neurtu ditugu. Tumoredun saguek sakarosarekiko preferentzia txikiagoa azaldu dute. Jokaera hau gizakietan depresio nahasteen ezaugarri den, anhedonia izenaz ezaguna, sintomarekin erlazionatuko genuke, hau da, plazerarekiko interes murrizketarekin.

Estresa gaitz askorekin lotuta dago.

Estresa gatazka egoeren aurrean organismoak duen erantzun fisiologiko egokitzailea da. Hortaz, ona eta beharrezkoa da, baina gatazka egoerak luzaroan irauten badu edo erantzun egoki bat emateko gai ez bagara, estresak sortutako aktibazioa mantendu eta organismoko immunitate eta nerbio sisteman aldaketak eragingo ditu, sistema hauekin erlazionaturiko gaitzak garatzeko aukera areagotuz. Hortaz, estres kronikoa denean, edota organismoa estres aurreko aktibitate mailara itzultzeko gai ez denean, ondorio negatiboak izango ditu maila fisiologikoan eta jokaeran.

Zein dira atera dituzun ondorio nagusiak?

Ondorio nagusiena, tumoreak serotoninaren sintesian aldaketak eragin dituela litzateke. Lehen azaldutako serotoninaren sintesi murritzagoaz gain, tumoreak kinureninaren bide toxikoa aktibatu du, eta honek neurotoxizitate maila altuago dutela adieraziko luke. Gainera, aldaketa biologikoez gain tumoreak jokaera aldaketak ere eragin dituela nabarmenduko nuke, tumoredunek jokaera depresibo handiagoa azaldu baitute.