Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Oier Lakuntza: “Itsu batentzat kimika kuantikoa da kimikaren adarrik eskuragarriena, lan guztia ordenagailuz egiten baita”

Dokumentuaren akzioak

Oier Lakuntza: “Itsu batentzat kimika kuantikoa da kimikaren adarrik eskuragarriena, lan guztia ordenagailuz egiten baita”

2013/04/09 - Unibertsitatea.net
Oier Lakuntza Kimika kuantikoan da doktorea; Nafarroako Unibertsitatean hasi zen Kimikako ikasketak egiten eta ondoren, beka baten bitartez, Euskal Herriko Unibertsitatean egin du bere doktoretza.

Oier Lakuntza (Iruñea, 1985) bertsolari bezala aurkeztu daitekeen arren oraingoan 2012an aurkeztutako Kimika kuantikoaren inguruan eginiko tesiari buruz galdetzeko gelditu gara berarekin. Nafarroako Unibertsitatean hasi zen Kimikako ikasketak egiten eta ondoren beka baten bitartez UPV/EHUn egin du bere doktoretza. Ikasten eta ikertzen jarraitzeko ez dira muga izan Wolfram sindromeak besteak beste eragin dizkion ikusmen eta entzumen arazoak.

1. Azal zenezake hitz gutxitan zertan datzan zure tesia?
Nire tesia metanoaren aktibazioaren ingurukoa da. Gaur egun, metanoa industria mailan energia iturri gisa soilik erabiltzen da, beste aplikazio batzuetarako, hala nola hidrogeno molekularraren produkziorako eta konposatu handiago eta baliotsuagoen sintesirako metanoa era kontrolatuan aktibatu beharko bailitzateke, eta hau, gaur egun oso garestia da. Hala, ikerketa mailan, gakoa metanoaren aktibazio hori errazteko katalizatzaile egokiak aurkitzean datza. Tesian, lehenik eta behin katalizatzaile jakin batekin, nikel hidrido hidroxidoarekin esperimentalki lorturiko emaitzak azaltzen ahalegindu nintzen, erreakzio hori pausoz pauso nola gertatzen zen jakiteko. Bestetik, katalizatzaile horren pareko beste konposatu batzuen egonkortasuna ikertu nuen, metanoaren aktibaziorako erabil ote zitezkeen ikusteko. Horretarako, nikel metalaren ordez paladio eta platino metalak erabili nituen, eta hidroxido taldea –SH taldeaz ordezkatu nuen. Hala, nikelaren taldeko metal hidrido hidroxido/sulfhidrido katioi zenbait, metanoaren aktibazioan erabiltzeko katalizatzaile egokiak izan daitezkeela ondorioztatu nuen.

2. Nola gauzatu zenuen tesia?
Kimikako karrera bukatzear nintzela, Jesus Ugalderekin harremanetan jarri nintzen, bere taldean doktoretza egin nahiko nukeela adieraziz. Hala, karrera bukatuta, 2007ko irailean bere ikerketa taldera batu nintzen. Lehen urtea batez ere doktoretzako kurtsoei begira pasa zitzaidan, eta bigarren urtean murgildu nintzen buru belarri nire ikerketan. Taldean sartu eta zortzi hilabetera edo, 2008ko maiatzean, Nafar Gobernuko doktoretza egiteko beka lortu nuen lau urterako. Bestelakoan, tesia egin duen beste edonoren antzeko prozesua jarraitu dudala esango nuke: dezente irakurri, kontzeptu zenbait ikasi, ordenagailuko programa batzuk erabiltzen ikasi, tarteka-tarteka taldekideei nire lanaren berri emateko hitzaldiak prestatu…
Noski, doktoretza batean ohikoa den bezala, artikuluak argitaratu nahian ere nahikoa denbora pasa nuen. Azkenerako, nire tesiarekin erlazionaturiko hiru artikulu argitaratzea lortu dut. Era berean, zenbait kongresutan ere parte hartu nuen, 2010ean Oviedon (ESPA2010) eta 2011an Santiagon (WATOC2011). Bi kongresu hauetan poster bana aurkeztu nuen. Bukatzeko, 2010ko irailetik abendura hiru hilabeteko egonaldia burutu nuen Tarragonako ICIQen. Horretarako, Nafar Gobernuak era honetako egonaldiak egiteko ematen zuen diru laguntza gehigarria lortu nuen, eta nire tesirako baliagarriak ziren gauza berriak ikasi, eta beste ikerketa talde batzuk ezagutzeko aukera eman zidan horrek. Onartu beharra daukat oso esperientzia aberasgarria izan zela hura niretzat. Eta azkenean, ba tesia idaztea egokitu zitzaidan. 2012ko urtarrilean hasi nintzen honetan, eta irailean aurkeztu nuen.

3. Zein da kimika kuantikoaren ekarpena?
Labur esanda, kimika kuantikoak sistema kimikoak aztertzeko beste modu bat eskaintzen digula esango nuke. Izan ere, laborategian esperimentalki ez ezik, modu teorikoan ere azter daitezke sistema kimikoak, mekanika kuantikoaren printzipioetan oinarriturik alegia. Honek, laborategian azter ezin daitezkeen sistemak aztertzea ahalbidetzen digu, edo ohiko teknika esperimentalen bidez lor ezin daitezkeen ezaugarriak jakitea. Hori bai, beharrezkoa da etengabe modu teorikoan lorturiko emaitzak esperimentalki lorturikoekin alderatzea, erabiltzen ari garen metodoa egokia dela ziurtatzeko.

4. Zergatik aukeratu zenuen kimika kuantikoaren esparrua?
Itsua izanik, niri ezinezkoa litzaidake laborategi batean lan egitea. Itsu batentzat kimika kuantikoa da kimikaren adarrik eskuragarriena, lan guztia ordenagailuz egiten baita. Zentzu horretan, izugarri eskertu nuen hasiera batean taldean egin zidaten harrera, uneoro laguntzeko prest ikusi bainituen denak. Denbora pasa ahala, gauzak nire kabuz egiteko moduak deskubritzen joan naiz, lan guztia nire kabuz egiteraino. Dena den, nik hasieran behintzat ez nuen nire etorkizuna ikerketa mundura bideratzeko asmo berezirik, besterik gabe, ikerketa munduan lau urteko esperientzia izateko aukera gisa hartzen nuen doktoretza. Noski, kimikako karreran kimika kuantikoari buruzko ikasgaiak gustatu zitzaizkidan, bestela ez luke zentzurik arlo horretan doktoretza egiten hasteak.

5. Orain, zertan zaude murgildurik?
Aurreko galderan aipatu bezala, nik doktoretza lau urteko esperientzia gisa planteatu nion neure buruari. Ez nuen etorkizunari begira aurreikuspen handiegirik egin, eta orain ere ez dut inolako aterik ixteko asmorik. Momentuz, Tarragonan postdoc-a egiteko Juan de la Cierva beketarako izena eman nuen, eta egokituko balitzait, hiru urterako Tarragonara itzuliko nintzateke, doktoretzan zehar egonaldia egin nuen ikerketa taldera. Bitartean, denbora probeste aldera, kazetaritza zientifikoko master bat egiten hasi naiz UNEDen. Izan ere, zientziaren dibulgazioan ere oso gustura arituko nintzateke. Are gehiago, etorkizunerako nire lehen aukera hori da, baina gaur egun gauzak dauden bezala egonda, beste aukerak ere ez ditut baztertzen. Irakaskuntzan aritzea ere burutik pasa zaidan aukera da, baina badakit itsu batentzat (are gehiago itsua izateaz gain entzumen arazoak dituen batentzat) zaila izan litekeela.

6. Zer esango zenioke kimikako ikasketak egin edo ez dabilen ikasle bati?
Nire ustez kimika karrera polita da. Konposatu ezberdinen arteko erreakzioen, materiaren barne egituraren, eta bere atomoen artean sor daitezkeen lotura mota ezberdinen mundura sartzeko aukera eskaintzen du. Horiek guztiak dira eguneroko bizitzan ikusten ditugun ezaugarri askoren erantzule nagusiak. Argi dago kimika ulertzeak abstrakzio maila bat garatzea eskatzen duela, bertan agertzen diren kontzeptu askok gure begien bistatik haratago doazen azalpenak eskatzen baitituzte. Baina hori lortuz gero, mundu liluragarri batean murgiltzea ahalbidetzen duela esango nuke. Era berean, kimikaren baitan oso adar ezberdinak daude, eta nik uste edonork aurki dezakeela bere gustuko zer edo zer bertan. Esate baterako, oso ezberdina da kimika organiko, ez organiko edo analitiko bateko laborategian egiten den lan esperimentala, edo kimika kuantikoko lan teorikoa. Egia da kimikako karreran hauetako adar batzuen oinarriak nahiko hankamotz gelditzen direla. Adibidez, karreran nahiko matematika gutxi ematen da, eta kimika kuantikoaren esparruan matematika oso garrantzitsua da. Dena den, norbaitek gero halako adarren batean aurrera egin nahi izatekotan, oinarri horiek mamitzeko baliabideak emango zaizkio.

7. Inoiz pentsatu duzu kimika ikasi beharrean beste zerbait ikastea?
Karrera aukeratu nuenean, nik oso garbi neukan kimika egiten saiatu nahi nuela. Jende askok ohartarazi zidan nik bezalako mugak dituen batentzat lan nekeza izan zitekeela, eta hobe nuela beste bide bat hartu. Nik ere oso presente neukan kimika ikasten hasi eta denbora gutxira ikasketa horiek alde batera uzteko aukera, baina banekien saiatu gabe amore emanez gero, oso posible zela nire baitan arantza moduko bat gelditzea. Horregatik erabaki nuen kimika ikastea, hori baitzen gehien erakartzen ninduena. Egia da baita ere niri matematikak asko gustatzen zitzaizkidala (baita orain ere), baina horretarako kanpora joan beharko nuke, eta horrek une haietan behintzat, oztopo garrantzitsua suposatzen zuen niretzat. Gerora, sarritan itsuegi jokatu izanaren irudipena izan dut. Izan ere, kimika ikasteak, halabeharrez beste aukera batzuk baztertzea dakar, eta orain ohartzen naiz bere garaian baztertu nituen ikasketa batzuk (ustez itsu batentzat errazagoak ziratekeenak) gustura ikasiko nituzkeela. Esate baterako, historia, kazetaritza eta euskal filologia bezalako gaiak erakargarriak zaizkidala ohartzen naiz. Baina beno, ez naiz damutzen egindako aukeraz. Nik une bakoitzean gustukoen nuena egin dut, eta inoiz ez omen da berandu beste zer edo zer ikasteko.

8. Pasa den urtean auzitegietan ibili zinen bi beka batera jasotzeko oztopoak jarri zizkizutelako. Nolakoa izan zen auzitegietako esperientzia mingotsa?
Nik, daukadan ezintasuna dela medio, ezintasun laguntza bat jasotzen dut. Nafar Gobernuak doktoretza egiteko beka eman zidanean, inork ez zidan ezer esan, eta bi urte pasatxotan, ezintasun laguntza eta ikerketarako beka biak batera jaso nituen. 2010ko urrian baina, beka eta ezintasun pentsioa bateragarriak ez zirela, eta beka neukanetik jasotako ezintasun pentsio guztia itzultzeko eskatu zidan Gizarte Segurantzak. Gero, zuzenketa bat eginez, lehen bi urteetan (kontraturik ez izatean), biak bateragarriak zirela onartu zuten, baina kontratua neukanez geroztik (bekaren hirugarren urtetik aurrera) jasotako ezintasun laguntza eskatzen jarraitu zuten. Guri ez zitzaigun bidezkoa iruditu, eta epaiketarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Funtsean, ezintasun laguntza edo pentsioa, nire gaixotasunak eragindako gastu gehigarriei aurre egiteko da, eta beka, doktoretzak dirauen denboran nolabaiteko autonomia bat lortzeko diru laguntza bat baino ez da. Batak ez du zer ikusirik bestearekin. Azkenean, epaileak doktoretza egiten ari denaren ikasle izaera aintzat hartu zuen, eta epaia gure aldekoa izan zen. Kasu honek oihartzun handia lortu zuen hedabideetan, eta inork gutxik ezagutzen zuen arazo bat ezagutzera emateko balio izan zuen behintzat. Egia esan, hori izan zen gure lorpenik handiena. Era berean, nire kasua etorkizunean sor daitezkeen antzeko egoeren aurrean aitzindari izatea nahi nuke, egoera berean aurki daitezkeen ezinduek bidea errazago izan dezaten.

txiotesia,elkarrizketa