Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian NUPeko Unibertsitateko XI. Eztabaida Liga irabazi duen taldeak G-9 taldeko Eztabaida Ligan parte hartuko du hurrengo astean

Dokumentuaren akzioak

NUPeko Unibertsitateko XI. Eztabaida Liga irabazi duen taldeak G-9 taldeko Eztabaida Ligan parte hartuko du hurrengo astean

2012/02/27 - Unibertsitatea.net
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko XI. Eztabaida Liga irabazi zuen taldeak Unibertsitateen G-9 Taldeko IV. Eztabaida Ligan parte hartuko du hurrengo astean. Eztabaida Liga Oviedoko Unibertsitatean egingo da otsailaren 29tik martxoaren 2ra.

Irabazle gertatu den taldeak 700 euroko saria jaso du, eta kide hauek osatzen dute: Iñaki Gironés García, Adriana Maldonado López, Daniela Garlobo Arias eta José Ignacio Moure de la Espada. Gainera, Adriana Maldonadok hizlari hoberenarentzako Joaquín Pascal saria lortu zuen.

Finalean Ainhoa Jorajuría Mendiburu, Silvia Traibuenas Peralta, Laura Jaén Pérez, Xabier Esparza Adot eta Daniel Domínguez Catenak osatutako taldearen aurka jokatu zuten. Azken kide horri errebelazio hizlariaren aipamena eman zion epaimahaiak. Bigarren lekuan sailkatu zirenek 500 euroko saria lortu zuten. Azkenik, hirugarren lekuan sailkatu zen taldea (300 euro) kide hauek osatzen dute: Ricardo González Elurzaga, Adrián Elizalde Berruezo, Carmen Velasco Guijarro, Ana Cañas Palacios eta Alicia Roncalés Agüera.

NUPeko Eztabaida Ligako hamaikagarren edizioa asteazkenean, otsailaren 22an, hasi zen sailkapen faseko lehiarekin. Guztira sei taldek parte hartu dute, eta talde horietatik lau lehiatu ziren azken fasean. Edizio honetan hautatu den gaia hau da: "Elikagai transgenikoak dira gosearen aurkako panazea?" Eztabaidetan, talde parte-hartzaileek aurkako jarrerak defendatzen dituzte, eta eztabaida hasi baino minutu batzuk lehenago zozketa egiten da nork zer defendatuko duen erabakitzeko.

Puntuak ematerakoan, epaimahaiak hainbat alderdi hartu zituen kontuan, esaterako, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, eztabaidaren galderari erantzuna ematea, ahotsa zein isiluneak menderatzea, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ikusizko kontaktua, hasiera liluragarriak, argudio zehaztuak, bukaera irmoak, hizkera askotarikoa eta egokia, besteei hitz egiteko aukera ematea, txandak egoki erabiltzea, erantzunen arintasuna eta taldearen jokaera.

Eztabaida Ligak Nafarroako Parlamentuaren laguntza du eta bere helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea , betiere, elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Gainera, torneo honetan parte hartzen duten ikasle guztiek hautaketa libreko kreditu bat edo 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek hautaketa libreko 2 kreditu edo ECTS kreditu bat jasoko dute.

Bederatzi unibertsitatetako tokiko ligen irabazleak


NUPeko taldea G-9 taldea osatzen duten unibertsitateen eztabaida ligetako irabazleen aurka arituko da Eztabaida Liga honetan. Unibertsitate hauek osatzen dute G-9 Taldea: Oviedo, Gaztela-Mantxa, Zaragoza, Errioxa, Kantabria, Extremadura, eta Balear Uharteetako unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Norgehiagoka otsailaren 29tik martxoaren 2ra egingo da Oviedoko Unibertsitateko Eraikin Historikoan. Sailkapen fase eta finalerdiak martxoaren 1ean egingo dira, eta finala biharamunean.