Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian NUPeko ikertzaileek egindako nanofotonikari buruzko ikerketa saritu dute

Dokumentuaren akzioak

NUPeko ikertzaileek egindako nanofotonikari buruzko ikerketa saritu dute

2016/10/03 - unibertsitatea.net
Errekorrezko denboran nanoantenen diseinua eta erantzuna ebaluatzeko metodoari esker lortu dute saria. Nanoantenak biomedikuntzan, segurtasunean eta energia berriztagarrietan erabili daitezke.
NUPeko ikertzaileek egindako nanofotonikari buruzko ikerketa saritu dute

Miguel Beruete (ezk.) eta Víctor Pacheco. NUP

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzailek egindako nanofotonikari buruzko ikerketa saritu dute Erradioaren Nazioarteko Zientzia Batasunaren XXXI. Nazio Sinposiumean (URSI frantsesez). Biltzarra Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin da eta Víctor Pacheco Peña ikerketaren egile nagusiak Ikertzaile Gazteak URSI 2016 saria jaso du du,  errekorrezko denboran nanoantenen diseinua eta erantzuna ebaluatzeko metodoari esker. Nanoantenek atomoen antzeko tamaina dute, eta biomedikuntzan, segurtasunean eta energia berriztagarrietan erabili daitezke.

“Transformation electromagnetics for nanoantennas and localized emitters” (“Transformazio elektromagnetikoa nanoantena eta igorgailu lokalizatuentzat”) izenburua du ikerketa lanak eta ACS Photonics aldizkarian (American Chemical Societyk argitaratzen duen aldizkaria) argitaratutako artikulu batean du oinarria.

Pachecorekin batera Miguel Beruete Diaz NUPeko ikertzailea (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailera atxikia eta aurrekoaren doktoretza-tesiaren zuzendaria) ere izan da lanaren egilea beste zenbait ikertzailerekin batera. Hala nola, Antonio Fernández Domínguez (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa), Yu Luo (Singapurreko Nanyang Technological University) eta Miguel Navarro Cíarekin (Birminghameko Unibertsitatean lan egiten duen NUPeko tituluduna). Hain zuzen ere, azken honen gainbegiradapean Víctor Pachecok Birminghamen egindako doktoretza aurreko egonaldi baten emaitza da saritutako ikerketa.

Nanofotonika materiak eta argiak eskala nanometrikoan dituzten interakzioak aztergai dituen zientzia da. Ikertzaileek hurbileko igorgailu batek (molekula fluoreszente edo puntu kuantiko batek, adibidez) aktibatutako “bowtie” motako (tximeleta-begizta, euskaraz) nanoantena optikoen erantzuna ebaluatzeko metodo analitiko bat proposatzen dute.  

Ohiko simulazio elektromagnetikoak baliatzen badira, antenaren analisia korapilatsua eta konpontzeko zaila da. Saritutako lanak zailtasun hori elektromagnetismoaren funtsezko ekuazioak aplikatuta gainditzen du,  transformazio elektromagnetikoaren bidez.