Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Landareetan nitratoaren ordez amonioa erabilita minbiziaren kontrako propietateetan aberatsago

Dokumentuaren akzioak

Landareetan nitratoaren ordez amonioa erabilita minbiziaren kontrako propietateetan aberatsago

2017/04/05 - unibertsitatea.net
Gutxiago kutsatzen duten ongarrien bila, oinarrian amonioa duten ongarriak aztertu ditu UPV/EHUko ikerketa talde batek. Nitratoa baino gutxiago erabiltzen da amonioa, landareak gutxiago hazten direlako. Hala ere, amonio bidezko elikadura glukosinolatoetan aberatsago dela ikusi dute. Glukosinolatoak intsektizida naturalak izateaz gain, glukorrafanina izenekoak minbiziaren kontrako propietateak ditu.
Landareetan nitratoaren ordez amonioa erabilita minbiziaren kontrako propietateetan aberatsago

Daniel Marino. Nate Steiner/UPV/EHU

Landareek nitrogenoa behar dute hazteko, eta nekazaritza intentsiboan, nitrogenodun konposatuak ematen zaizkie landareei. Normalean nitratoan oinarritutako ongarriak izaten dira eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu. Horren aurrean bestelako ongarriak bultzatu nahian dabiltza. 

UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Pedro Aparicio-Tejo doktorearekin elkarlanean oinarrian amonioa duten ongarriak aztertu ditu. Nolanahi ere, nitrogeno-iturri horrek badu berezitasun bat: Landareentzat toxikoa izan daiteke, eta landareak nitratoarekin baino gutxiago haztea eragin. Landareek nitrogeno-iturri horrekiko duten tolerantzia eta sentikortasuna ikertzen dugu gure ikerketa-taldean” Daniel Marino ikertzailearen esanetan

Hain zuzen ere, landare-eredu baten (Arabidopsis thaliana) proteoma aztertu dute, “arreta inongo proteina zehatzetan jarri gabe. Pentsatu genuen landareek ongarritze-mota bakoitzarekin sintetizatutako proteina-multzoen arteko desberdintasunei erreparatzea".

Elikadura-motaren arabera pilatutako proteinak aztertzerakoan amonio bidez elikatutako landareetan  "glukosinolatoen metabolismoarekin lotutako proteina batzuk” maila altuagoan pilatu zirela ikusi zuten. Glukosinolatoak intsektizida naturalak izateaz gain, horietako batek, glukorrafanina izenekoak, minbiziaren kontrako propietateak ditu.

Brokoli-landarearekin errepikatu zuten esperimentua, eta lorea aztertu ez bazuten ere, ikusi zuten landare gazteen hostoetan glukorrafanina gehiago pilatzen zela amonioa ematerakoan, nitratoa ematerakoan baino.

Emaitzak ikusita, ikertzen jarraitzen dute eta interesa izan dezaketen enpresekin ere hasi dira harremanetan.