Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nerea Osinalde: "IkerGazte bezalako ekimen heterogeneo ez hain espezializatuak aukera ematen du oso arlo ezberdinetako ikerkuntza lanak edonorengana heltzea"
Erabiltzailearen akzioak

Nerea Osinalde: "IkerGazte bezalako ekimen heterogeneo ez hain espezializatuak aukera ematen du oso arlo ezberdinetako ikerkuntza lanak edonorengana heltzea"

2015/06/02 - Unibertsitatea.net
Nerea Osinalde bergararrak osasun arloko saria eraman zuen IkerGazte kongresuan “2Interleukina (IL-2) eta IL-15ak T linfozitoetan piztutako seinalizazio bidezidorren sakoneko azterketa proteomikoa” izeneko ikerlanarekin. Bere lanaz gehiago jakiteko eta IkerGazte kongresuan jasotako inpresioak nolakoak izan ziren jakiteko egon gara berarekin solasean.

Zertan datza egin duzun ikerketak?

T linfozitoak IL-2arekin eta IL-15arekin estimulatzean zelularen gainazalean piztutako seinalea zelulan barrena nola hedatzen den aztertzea izan da ikerketa honen helburua. Gure gorputzeko zelula guztiek momentu oro jakin behar dute beraien inguruan zer gertatzen den baldintza horietara moldatu ahal izateko. Gure gorputzera elementu arrotzen bat sartzen deneko kasuan adibidez, linfozitoak aktibatu eta ugaldu egin behar dira elementu arrotza suntsitu ahal izateko. Besteak beste, IL-2 eta IL-15 dira linfozitoei “esnatzeko” eta proliferatzeko seinalea ematen dieten molekulak. Bi interleukina hauek hainbat funtzio partekatu arren ez dira guztiz berdinak eta bakoitza gai da besteak eragin ezin ditzakeen erantzun immunologikoak eragiteko. Hori nola den posible ulertzeko, IL-2rekin zein IL-15rekin kitzikatutako T linfozitoetan zelularen gainazaletik nukleoraino hedatzen den seinalea nola transmititzen den ikertu dugu.

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?

Guk egiten dugun ikerkuntza oinarrizko ikerkuntza edo ikerkuntza basikoa da eta alde horretatik gure gorputzean gertatzen den prozesu konkretu baten ezagutzan sakontzeko balio izan du lan honek. IL-2 eta IL-15ak piztutako seinalizazio bidezidorren konparaketatik ondorioztatu ahal izan dugu kasu bietan proteina berdinak direla zelularen gainazalean hasitako seinalea zelulan barrena nukleoraino transmititzen dutenak. Halere, bi interleukinak berdin-berdinak ez direla ere frogatu dugu, izan ere, IL-2rekin estimulatutako zeluletan interleukina hartzailea IL-15ekin tratatutako kasuetan baino lehenago barneratzen dela eta horrenbestez seinalea lehenago amatatzen dela erakutsi baitugu.

90. hamarkadatik gaur egun arte IL-2a izan da minbiziaren aurkako tratamenduetan sistema immunitarioa kitzikatzeko interleukinarik erabiliena, nahiz eta albo kalte desatseginak eragiten dituen maiz. Hain zuzen ere, IL-2aren erabilerarekin lotutako kalteak eragin gabe T linfozitoen hazkundea bultzatzeko duen ahalmena dela eta, IL-15a da etorkizunean IL-2a ordezkatuz immunoterapian erabiltzeko aukerak dituen zitokina. Hori dela eta, ezinbestekoa da IL-15ak sistema immunitarioan eragiten dituen erantzunak modu zehatzean ezagutzea. Alde horretatik, gure lanak ekarpen nabarmena egin duela esango nuke, IL-15ak T linfozitoetan pizten dituen seinalizazio bidezidorrak zehaztasunez deskribatuz. Horrez gain, IL-2arekin alderatuz IL-15ak piztutako seinaleak T linfozitotan luzeago irauten duela ere frogatu dugu horrek terapian izan ditzakeen ondorioak agerian utziz.

Ikerketa amaitu baduzu zertan ari zara? Eta bukatzear bazaude...gero zer?

IL-2 eta IL-15ak T linfozitoetan pizten dituzten seinalizazio bidezidorren azterketa amaitutzat eman dugu. Halere, gai bera jorratzen jarraitzen dugu ikuspuntu desberdin batetik bada ere. Momentuan IL-2a eta IL-15a T linfozitoen gainazalean dauden hartzaileei batzen direnean eratzen diren proteina konplexuak zeintzuk diren aztertzen eta konparatzen ari gara, hots, bi seinaleen hastapenean zeintzuk proteinek parte hartzen duten ikertzen ari gara.

Ze aldizkaritan argitaratuko da zure lana?

Joan den udan Proteomics aldizkarian argitaratu zen lan hau.

Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan saria irabazteak?

Lehenik eta behin izugarrizko poztasuna eta ondoren lanean jarraitzeko indarra. Ikerkuntza oso lan gogorra dela esango nuke mila arrazoirengatik... Maiz gauzak ez dira nahi bezala irtetzen, zure hipotesia ez da guztiz zuzena eta berriz ere hasieratik hasi behar zara, hamaika saiakera egin behar dituzu gauza bat frogatu ahal izateko eta azkenean aurkikuntza bat egin duzuenean hori zientzia aldizkari baten argitaratzea oso neketsua da. Horrek guztiak askotan etsipena dakar baina IkerGazte saria bezalako errekonozimenduek ikerkuntzaren erronka honetan aurrera jarraitzeko kemena ematen dizula esango nuke... Nire kasuan behintzat hala izan da!

Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?

Esparru desberdinetako jendea kongresu berean batzea oso interesgarria eta aberasgarria iruditu zait. Normalean, gure antzeko lana egiten duten ikerlariekin soilik daukagu kontaktua eta ez gara konturatzen besteek zer egiten duten. IkerGazte kongresuari esker, neukan ikerkuntzaren ikuspegia apur bat gehiago zabaldu zaidala esango nuke, izan ere Euskal Herrian pentsa ezin nezakeen kontuak ikertzen direla konturatu bainaiz. Horrekin lotuta, IkerGazte kongresuan lanen aurkezpena modu dibulgatiboan egin izana oso egokia iruditu zait ez soilik esparru desberdineko ikertzaileen artean lanak ezagutarazteko baizik eta ikertzaile ez direnei ere gure lanen berri eman ahal izateko. Gehienetan ikerkuntza lanak aldizkari espezializatutan argitaratzen dira eta ondorioz gai horretan buru belarri dabilen jendearengana besterik ez dira heltzen. Aldiz IkerGazte bezalako ekimen heterogeneo ez hain espezializatuak aukera ematen du oso arlo ezberdinetako ikerkuntza lanak edonorengana heltzea eta hori beti ere oso aberasgarria dela uste dut.

Eta euskarari dagokionez?

IkerGazte kongresuak erakutsi du euskarak ez duela mugarik eta egunerako bizitzako edozein esparrutan ez ezik ikerkuntzan ere erabili daitekeen hizkuntza bat dela. Ikerkuntzari dagokionez nazioarteko hizkuntza ingelesa da eta argi dago gure lana mundura zabaltzeko ingelesa dela erabili beharreko hizkuntza. Baina horrek ez du baldintzatzen gure artean, euskara hiztunen artean, ezin dugunik Euskara erabili gure ikerkuntzaz mintzatzeko. Gainera, kontuan izanda gero eta jende gehiagok burutzen dituela bere goi mailako ikasketak euskaraz, kongresu honen bitartez jende horri erakutsi zaio behin beraien ikasketak amaituta posible dela lanean zein ikerkuntzan euskaraz mintzatzen jarraitzea.

Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena?

Jendarteko giroa oso ona eta erlaxatua izan zela esango nuke eta hori eskertzekoa da. Askotan kongresuetan jendea lotsatu egiten da galderak egiteko edota komentarioak/iritziak ematerako orduan. Baina kasu honetan, kongresuaren formatuari esker jendea orokorrean erlaxatuta eta elkarrekiteko arazorik gabe nabaritu nuen.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari