Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nerabe gehienak ez dira gai publizitatean sexismoa hautemateko

Dokumentuaren akzioak

Nerabe gehienak ez dira gai publizitatean sexismoa hautemateko

2017/11/27 - unibertsitatea.net
Pablo Vidal UPV/EHUko doktoreak Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako zortzi ikastetxetako 528 ikasleren erantzuna aztertu du (266 mutil eta 261 neska, 15 eta 16 urte bitartekoak), eduki sexista nabarmeneko zazpi iragarki erakusterakoan.
Nerabe gehienak ez dira gai publizitatean sexismoa hautemateko

Argazkia: UPV/EHU

Publizitatean txertatutako sexismoak nerabeengan duen eragina ikertu du Pablo Vidal UPV/EHUKO Bilakaeraren Psikologia eta Hezkuntzako doktoreak. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako zortzi ikastetxetako 528 ikasleren erantzuna aztertu du (266 mutil eta 261 neska, 15 eta 16 urte bitartekoak), eduki sexista nabarmeneko zazpi iragarki erakutsi ondoren. 

Ikerlanean parte hartu duten nerabe gehienak ez dira gai publizitatean sexismoa zer den hautemateko edo zailtasun handia izan dute horretarako. Ikasleen % 34ak bakarrik (gehienak emakumezkoak: % 65 neska eta % 35 mutil) izan dute hautemateko gaitasuna; gainerakoek, nahasi egiten dute edo ez dute argi. Sexismoa iraganeko zerbait bezala ikusten dutelako gertatzen da hori, berdintasunean oinarritutako oraingo gizarteari ez dagokion zerbait, eta gainera ez dira jabetzen publizitatean erabiltzen den lengoaiaren manipulazio eta eraginkortasunaz. “Publizitatean ikusten dena errealitatean ere gertatzen da. Horrelakoa da publizitatea”, adierazten dute beren erantzunetan.

Vidalen hitzetan, “publizitateak erraztu egiten du bidea genero estereotipoak, emakumeen rol gaindituak eta irudi sinbolikoak nerabeek bere egin ditzaten, gizonak eta emakumeak nolakoak diren erakusten dituen errealitatea balitz bezala; eta lortu egin du maskulinotasun eta femeninotasun kontzeptuek, duela 40 urte bizirik zeudenek, berriro indar hartzea”.

Atera dituen ondorioetan ikertzaileak nabarmendu duenez, desberdintasun handiak daude nesken eta mutilen artean sexismoa onartzeko garaian. “Mutilen gehiengo batentzat onargarria, normala eta justifikagarria dena, gaitzesgarria, desegokia edo matxista da neska askorentzat. Sexismoa onartzea naturaltzat ikusten dute mutilen % 70ak eta nesken % 30ak, gizartean ohiko eta berezko zerbait bezala”.

Landa munduko ikasleen sexismo maila baxuagoa da bere hitzetan, argiago ikusten dituzte estereotipoak, modu aktibo batez salatzen dute emakumeekiko tratu txarra publizitatean eta neurri handiagoan babesten dituzte emakumeekiko errespetuzko jarrerak eta berdintasuna. “Hiri inguruneko ikasleek beren munduaren ispilua balitz bezala ikusten dute publizitatea, eta imitatzeko diren joera berrien eta bizi-estilo berrien isla gisa. Hau da, hirietako ikasleak ez dira landakoak bezain kritikoak eta haiek baino sexistagoak dira, kritikarik egin gabe onartzen baitute iristen zaien guztia”.

Azkenik, ikasle migratzaileak ez dira hain sexistak Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoen aldean. Ikasle autoktonoengandik bereizten dira kritikoagoak agertzen direlako tratu txarra ematen duen sexismoaren eta sexismo erasotzailearen aurrean. “Azken finean, ikerlan honen emaitzek gogoetara bultzatu behar dituzte estereotipo kulturalen eta klixe faltsuen eraginpean uste dutenak migratzaileak ez daudela hain aurreratuak genero arteko harremanetan eta berdintasunaren onarpenean, EAEko pertsona autoktonoen aldean”.

Ondorio orokor gisa, Vidalen arabera berdinen arteko harremanen diskurtsoa eremua irabazten ari da neska gazteen artean eta oso isiletik mutilen artean ere, kontuan hartuta mutilek aurre egin behar izaten dietela euren arketipo eta estereotipoei, euren ‘gizontasunari’ (maskulinotasun hegemonikoa)”.

Iturria: UPV/EHU