Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nekane Miranda: "Ikastetxeetako kanpo espazioei erabilera eskasa aitortzen zaie"
Erabiltzailearen akzioak

Nekane Miranda: "Ikastetxeetako kanpo espazioei erabilera eskasa aitortzen zaie"

2018/02/15 - Unibertsitatea.net
Nekane Mirandak (Bergara, 1985) 2017ko ekainean defendatu zuen bere doktorego tesia: "Jolas soziala eta inplikazioa haur hezkuntzako kanpo espazioan". Bere ikerlanaren emaitzek erakutsi dute ikastetxeek balio eskasa ematen dietela kanpo espazioei.

Nekane Miranda (Bergara, 1985), 2007an Mondragon Unibertsitatean diplomatu zen Haur Hezkuntzako espezialitatean. Bi urte geroago Psikopedagogiako lizentziatura amaitu zuen eta 2017ko ekainean defendatu zuen bere doktorego tesia: "Jolas soziala eta inplikazioa haur hezkuntzako kanpo espazioan". Berarekin gai honen inguruan aritu gara:

 

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea?

Bere momentuan ilusio handiz ekin nion ikerketari eta tesiari, jakin-minarekin eta datuen bilketarekin hasteko gogo biziz. Tesi lan edo ikerketa prozesu guztiak bezala, une gazi-gozoak bizi izan ditut baina zailtasunak zailtasun esan dezaket pozik nagoela. Ikertzaile gaztea izateak hainbat esparrutako ezjakintasuna ekar dezake, baina ilusioa eta gauza berriak egiteko gogoa ere bai.

 

"Jolas soziala eta inplikazioa haur hezkuntzako kanpo espazioan" tesia defendatu zenuen joan zen ekainean. Zerk eraman zaitu arlo horretara?

Lan askok haur hezkuntzako eskaintzaren aldagai askotan eta garapenaren hamaika dimentsiotan jarri dute arreta. Hala ere, ikerketa gehienak haur hezkuntzako geletan gertatutakoak aztertzera mugatu dira. Haur hezkuntzako kanpo espazioan kokatutako ikerketak gutxi dira eta Euskal Herrian ez zegoen izaera honetako ikerlanik.

Gainera geletako jolas soziala edo inplikazioa aztertu dituzten ikerketak ugariak badira ere, kanpo espazioan aztertu dutenak, gutxi dira. Are gehiago, ez da aurkitu inplikazioaren eta jolas sozialaren erlazioa aztertu duen lanik, ezta erlazio horretan genero ezberdintasunetan arakatu duenik. Esparru horretako ikerketa falta zela eta nire ekarpena egin nahi izan dut.

 

Zein da azterketarako erabili duzun metodoa?
Ikerketarako helburuen izaera eta asmoen arabera metodo desberdinak erabili ditut. Ikerketako lehen helburua edo urratsa, haur hezkuntzako kanpo espazioen diseinua eta erabilera ezagutzea eta bere kalitate orokorraren lehen hurbilpena egitea izan da. Bigarrena, Haur hezkuntzako kanpo espazioko jolas sozialaren eta inplikazioaren arteko erlazioa aztertzea. Baita generoaren araberako ezberdintasunik ote dagoen ezagutzea. Hirugarrenik, Haur Hezkuntzako kanpo espazioak hobetzeko ekintzak proposatu, gauzatu eta emaitzak ebaluatu nahi izan ditut.

Ikerketako lehen urratserako Gipuzkoako ikastetxeetako 19 kanpo espazio hartu dituzu kontutan.

Ikerketan, herri txiki, ertain eta handietako kanpo espazioetako nolakotasuna eta bertan gertatzen diren jolas soziala eta inplikazioa aztertu dira. Horretarako, Gipuzkoako 19 kanpo espazio aukeratu ziren eta hauek erabiltzen zituzten 1.156 haur eta 51 irakasle.

Ikerketarako Ikastetxeetako Kanpo Espazioaren Ebaluaziorako Eskala (POEMS) erabili dut. POEMS eskalak haur hezkuntzako kanpo espazioetako kalitate orokorra neurtzen du eta 5 dimentsioetan banatutako 56 itemez osatuta dago: ingurune fisikoa, elkarrekintzak, jolasteko eta ikasteko eszenatokiak, programa eta irakaslearen rola. Behaketaren bidez kanpo espazioaren konfigurazioa eta erabilera aztertzen dira eta horretarako haurrak eta irakasleak kanpo espazioa erabiltzen ari direnean behaketa egiten da. Gero, parte hartutako irakasleei elkarrizketa egiten zaie.

Datuak jasotzearekin batera ekimena babestu egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, ondorioz, konpromisoa hartu zen Haur Hezkuntzako kanpo espazioen konfigurazioa eta erabilera aztertzeko eta parte hartuko zuten ikastetxeei horren berri emateko. Halaber, ardura hartu zen parte hartuko zuten zentroei bere berariazko emaitzen berri emateko eta, baleude, hobetzeko iradokizunak emateko. Hori dela eta emaitzen berri emateko jardunaldi publiko batean, ikastetxe bakoitzari txosten bana luzatu zitzaion, hain justu, sozializazio lan hori egiteko.

Ikerketaren bigarren urratsean 173 haurren kanpo espazioetako jolas sozialaren eta inplikazioaren arteko erlazioa aztertu zenuen.

Hasieran parte hartu zuten 1.156 haurretatik 173 hautatu genituen ikerketaren bigarren urratserako. Prozedurari dagokionez, haurren kanpo espazioko jolasa behaketaren eta bideo grabazioen bitartez jaso zen. Haur hezkuntzako haurren jolaseko parte-hartze soziala eta eremu kognitiboaren nolakotasuna neurtzeko berriz Jolasa Behatzeko Eskala (POS).

Ikerketan haur bakoitzaren kanpo espazioko jolas librea erregistratu zen eta parte-hartze sozialaren ebaluazioa grabatutako bideoen behaketaren bitartez egin zen. 10 segundotako bitarte bakoitzeko parte hartze soziala sei aldagaien artean kodifikatu zen: eginkizun zehatzik gabeko portaera, behaketa, bakarkako jolasa, jolas paraleloa, berdinkideen arteko elkarrizketa eta talde jolasa.

Bestalde, umea garatzen ari den ekintzarekiko inplikazio edo konpromiso maila aztertzeko Leuven Eskala erabili dugu. Haur bakoitzeko minutu bateko iraupeneko 6 denbora tarte kodifikatu ziren, eta sekuentzia bakoitzean inplikazioa maila 1etik 5erako eskalan sailkatu zen.

Ikastetxeekin kanpo espazioak hobetzeko prozesu parte-hartzailea burutzea izan da hirugarren urratsa.

Bai. Hirugarren helburua gauzatzeko Haur Hezkuntzako 7 ikastetxek hartu zuten parte. Ikastetxe bakoitzeko kideekin batera, kanpo espazioen berrikuntza egiteko prozesu parte-hartzaile bana adostu zen. Horretarako, irakasle, zuzendaritza talde eta familiei proiektuaren aurkezpena egin ostean, ebaluazioa eta hobekuntza posibleak identifikatu ziren. Familia, profesional zein haurren parte-hartzearekin, proposamenen definizioak egin, lantaldeak osatu eta hobekuntza proposamenak gauzatu ziren. Berrikuntzak gauzatzearekin batera, prozesu parte-hartzailea ebaluatzeko prozesua ere burutu zen eta bertan parte hartu zuten guztien ahotsak jaso ziren.

Kanpo espazioan gauzatutako berrikuntzak neurtzeko POEMS tresnaren bost dimentsioetako biren kalitatea ebaluatu zen: jolasteko eta ikasteko eszenatokiak eta programa. Prozesu parte-hartzaileari esker bideratutako ekintzak bi dimentsio horien arabera burutu ziren.

Aldaketak ematen ari dira orduan?

Apurka-apurka aldaketak ematen ari diren arren, kanpo espazioen diseinu gehienak kirolean (futbolean eta saskibaloian, besteak beste) oinarritzen dira oraindik. Esan bezala, aldaketak ematen ari dira eta hainbat tokitan ikastetxeetako kanpo espazioak birplanteatzeko eta beste erabilera bat emateko lana egiten ari dira. Edonola ere, diseinuari dagokionez, emaitzek agerian utzi dute aztertutako kanpo espazioek ez zituztela betetzen adituek gomendatutako irizpideak. Adibidez, kanpo espazio gehienak muga ziren haurrek beraien trebetasun psikomotorrak frogan jartzeko, hainbat mailatako erronkei aurre egiteko edo naturarekiko elkarrekintza estua izateko. Muga hauen arrazoi nagusia kanpo espazioen diseinua kirolean oinarritutakoa izatea zen.

Haur Hezkuntza giltzarri bada eta haurraren garapenean kanpo espazioaren gaitasuna onartzen badugu, ezinbestekoa da gure eremu geografikoko kanpo espazioetan hobekuntzak egitea.

Hobekuntzek kanpo espazioen diseinua eta erabilera hobetzea izan behar dute helburu. Beraien kalitatea hobetzeko eta horrela, haurraren garapenean eta ikaskuntzan eragin positiboa izango duten testuinguruak sortzeko.

Nolakoa behar luke kanpo espazioak?

Haur Hezkuntzako kanpo espazioa parte-hartze soziala bultzatzeko diseinatu behar da eta bereziki, talde jolasa sustatzeko. Kanpo espazioetan talde jolasa sustatzeko estrategiei dagokienez, kirolean oinarritutako diseinuak baztertu eta naturarekiko harremana baimentzen duten espazioak hobesten dira.

Honez gain kanpo espazioak, genero berdintasuna eta neska eta mutilen inklusioa bermatu behar ditu. Kiroletatik aldendu eta baldintza horiek betetzen dituzten diseinuen erabilera handiagotu behar da. Honek neska eta mutilen parte-hartze soziala sustatuko du eta garapenerako eta ikaskuntzarako gako den inplikazioa bultzatuko du.

Ematen al zaio behar lukeen balio pedagogikoa?

Erabilerari dagokionez, aztertutako ikastetxe gehienetan, kanpo espazioan emandako denbora atsedenerako edo mugimendu beharrari erantzuteko tartetzat hartzen zen. Denbora hori, gainera, 30 minutura mugatzen zen, Eskandinaviako herrialdeetako ohiko erabileratik oso urrun esaterako.

Orokorrean ikastetxeetan kanpo espazioari balio eskasa aitortzen zaiola esan daiteke eta ondorioz, oso urria dela ematen zaion erabilera. Irakasleek, oro har, ez zuten kanpo espazioa jolaserako, ikaskuntzarako eta haurraren garapenerako goi mailako baliabide pedagogikotzat hartzen.

Ildo horretatik, beharrezkoa da kanpo espazioari bestelako erabilera bat emateko eta barne eta kanpo espazioen arteko jarraikortasuna eta osagarritasuna sustatzeko irakasleekin lan egitea.

Zenbat eta jolas sozial gehiago, orduan eta inplikazio maila altuagoa dela diozu. Zeintzuk dira ateratako beste ondorioak?

Diseinuari dagokionez, emaitzek agerian utzi dute aztertutako kanpo espazioek ez dituztela adituek gomendatutako irizpideak betetzen. Erabilerari dagokionez, oro har, ikastetxeetan balio eskasa aitortzen zaio kanpo espazioari eta, ondorioz, gutxi erabiltzen da. Kalitate orokorrari dagokionez, aztertutako kanpo espazioak kalitate ertainekoak ziren.

Kanpo espazioko jolas sozialaren eta inplikazioaren arteko erlazioari dagokionez, emaitzek agerian utzi dute haurrek inplikazio maila altuagoa erakusten dutela jolasak parte-hartze sozialagoa behar duenean. Hauetatik talde jolasa da inplikazioa iragartzen duena. Bestalde, eta generoari dagokionez, talde jolasak inplikazio maila altuagoa iragartzen du mutil zein neskengan. Baina, nesken artean ikusi da talde jolasen maiztasuna zenbat eta handiagoa izan orduan eta handiagoa dela inplikazioarekiko duen efektu positiboa.

Azkenik, ikerketaren hirugarren helburua Haur Hezkuntzako kanpo espazioak hobetzeko ekintzak proposatzea, gauzatzea eta beren emaitzak ebaluatzea zen. Asmo horrekin zenbait ikastetxeetako kanpo espazioen diseinuetan egindako berrikuntzek erakutsi dute nabarmen hobetu zirela bertako jolasteko eta ikasteko eszenatokiak eta programa. Aldi berean, parte-hartzaileek positiboki baloratu zuten bideratutako prozesua.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari