Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nahia Idoiaga: "Euskaraz plazaratutako ikerkuntza orokorrean oso gutxi baloratua dago, militantzia ekintza bat da oraindik"

Dokumentuaren akzioak

Nahia Idoiaga: "Euskaraz plazaratutako ikerkuntza orokorrean oso gutxi baloratua dago, militantzia ekintza bat da oraindik"

2017/03/07 - unibertsitatea.net
“Osasun izurriteen gizarte irudikapenak: jakintza zientifikotik egunerokotasuneko pentsamendura. Komunikabideen eragina” tesia aurkeztu zuen iaz Nahia Idoiaga Mondragon bilbotar gernikartuak (1985, Bilbo). Psikologian eta Psikopedagogian lizentziatua eta Psikologian Doktorea da Idoiaga eta irakasle lanean dabil orain Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan.

Osasun-izurriteetan komunikabideek duten eragina ikertu duzu. Ebola eta A gripearen kasuak aztertu dituzu, besteak beste. Zergatik gai hori? Zerk eraman zaitu hori lantzera?
Nik aldez aurretik Gizarte Irudikapenen alorrean ikerlan batzuetan parte hartu nuen eta marko teoriko gisa oso polita iruditu zitzaidan. Marko teoriko hori oinarritzat hartuta egunerokotasuneko gairen bat aztertzea erabaki nuen tesirako, justu 2009-2010eko A gripea pasa berri zegoen eta gai polita iruditu zitzaidan. Bereziki deigarri egin zitzaidan osasun izurriteak bezalako osasun arloko gai zientifikoak egunerokotasuneko pentsamenduan nola barneratzen eta ulertzen ditugun jakitea.

Komunikabideek erabilitako diskurtsoek eragin zuzena dutela gizarte-irudikapenen sorkuntza prozesuan. Horixe atera duzun ondorioa.
Bai, ondorioetako bat bai behintzat. Azken finean izurriteak bezalako gaiei buruz gure pentsamoldea eraikitzeko beraiek ditugu informazio iturri nagusia eta honenbestez haien diskurtsoa gure gizarte irudikapenetan zuzenki islatzen da. Halere, honek ez du esan nahi komunikabideen diskurtso bera dugunik guk zuzenean, informazio horren prozesamendu sakon bat egiten baitugu.

Zein funtzio betetzen dute komunikabideek halakoetan? Zein eragin dute gure irudikapenetan, emozioetan, sentimenduetan..?
Gaur egungo informazio gizartean komunikabideetara jo baino haiek inbaditzen gaituzte une oro, informazio gainkarga ere badugu. Beraz alde batetik egia da izurriteei buruzko iturri nagusi ditugula, sarritan gizartean beldurra sortuaz; baina gure ikerketek frogatu dute beraien beldurraren diskurtsoak bereziki izurriteekiko neke bat ere sortu digula. Nekatuta gaude behin eta berriro diskurtso alarmistak jasotzearekin eta neke hau haserre ere bihurtu da hainbat kasutan.

Nola bizi ditugu era horretako izurriteak?
Ziurgabetasun maila handiarekin. Hau da izurriteen zurrunbiloaren barnean gaudenean sentitzen dugun arrisku sinbolikoa oso altua da (nahiz eta sarritan arrisku fisiko zuzenik ez egon). Gaur egungo Osasun Arduradunek gainera ziurgabetasun hau gutxitu beharrean normalean handitu egiten dute gaiari buruzko diskurtso nahaskorrekin. Beraz nahasmenaren aurrean normalean informazio objektibo bila ez dakigu nora jo.

Nora jotzen dugu guk informazio bila? Zein komunikabide da iturri nagusia halakoetan?
Hori da arazoa hain justu, ez dakigula nora jo! Komunikabide tradizionalak (Telebista, egunkariak, etab.) oso kritikatuak izan dira osasun izurriteetan zehar izandako diskurtso eta jarrerengatik. Goi eliteen (bai alor publiko zein pribatuko agintarien edota boteredunen) txotxongilo izatea leporatu izan zaie; baita arriskuaren diskurtsoa jarraituz hauen agenda propioari jarraitzea ere, interesatzen zaiena puztuaz. Hau da, adibidez, Ebola izurritean zehar mendebaldeko kutsatuek (zuriek) sekulako oihartzuna izan zuten, Afrikan milaka pertsona hiltzen ari ziren bitartean.

Beraz, komunikabide tradizionalez ez gara fio eta haien kontrako diskurtsoak oso zabalduak dira Twitter bezalako sare sozialetan. Hau ikusita sare sozial hauek informazio iturri gisa fidagarriago antzematen ditugun aztertu genuen, baina jasotako emaitzek ezetz adierazi zuten. Beraz, hasieran esandakora bueltatzen gara, osasun izurriteen aurrean baretuko gaituen eta informatuko gaituen informazio bila ez dakigu nora jo.

Ebolaren kasuan Twitter-en egin duzu azterketa. Sare sozialek eta orokorrean aro digitalak zein aldaketa ekarri dute osasun-izurriteen kasuan?
Sare sozialek beste iturri batzuetatik jasotako informazioa (komunikabide tradizionaletatik kasu) lantzeko oholtza eskaintzen digute. Ikerketa askok frogatu izan dute orokorrean Twitterren eta komunikabide tradizionaletan antzeko gaiak lantzen direla. Hori horrela da, baina gure ikerketek frogatu dute gaiak antzekoak izan arren diskurtsoa guztiz ezberdina dela. Diskurtsoa bera, eliteen hizkuntz monologiko batetik partekatutako hizkuntza dialogiko batera pasatzen da; non emozioak, balioztapen moralak, kritikak etab esponentzialki handitzen diren. Beraz, sare sozialak partekatutako pentsamendua edo gizarte irudikapenak lantzeko plaza direla esan dezakegu.

Azken Txiotesian aurkeztu zenuen zure lana. Zerk bultzatuta? Nolako esperientzia izan zen?
Euskarazko ikerkuntzaren aldeko edozein ekintzatan parte hartu behar dela uste dudalako. Hori da arrazoi nagusia. Euskaraz plazaratutako ikerkuntza orokorrean oso gutxi baloratua dagoela uste dut, militantzia ekintza bat da oraindik, eta horren alde egiten den edozerk nire babes guztia izango du. Gainera, onartu beharra dut Twitterri buruz ikerketak egin ditudan arren ez naizela txiolaria; hau da, nire egunerokotasuneko bizitzan ez dut erabiltzen, beraz, esperientzia berria izan zen niretzat.

Zer da zuretzat IkerGaztea izatea? Zer suposatzen du?
Ikertzaile, gazte eta euskalduna definizioz… lehen esan dudan bezala euskararekiko militantzia hutsa. Ikertzaile gazteok nahiko bide gogorra dugu aurretik, exijentzia askokoa, artikuluak inpaktu handiko aldizkarietan publikatzeko presio gogorra dugu, baita nazioarteko kongresuetara joatekoa ere. Hau da gure lanari etekin handiena ateratzera behartuta gaude. Zoritxarrez, euskaraz ikertzea ez da paradigma horren barnean sartzen, edo ez dute paradigma horren barruan sartu nahi. Beraz, hori da niretzat IkerGaztea izatea gure lana gure hizkuntzan bultzatzea eta horren aldeko apustua egitea.

txiotesia,elkarrizketa