Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta UEUk elkarlanerako hitzarmena aurkeztu dute
Erabiltzailearen akzioak

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta UEUk elkarlanerako hitzarmena aurkeztu dute

2017/09/27 - unibertsitatea.net
Zazpi saio programatu ditu UEUk Nafarroako Hezkuntza Graduetako ikasleen beharrizanei erantzun asmoz. Horretaz gain, aurrerantzean UEUk Udako Ikastaroetarako egoitza iraunkorra izango du Iruñeko Ezpeleta jauregian

Ia bi hamarkadaren ondotik, Nafarroako Gobernuak eta UEUk hitzarmena sinatu dute, Iruñean ere euskarazko ikastaroak eskaintzeko eta finantzaketan laguntzeko. Oraingo honetan 7 saio programatu ditu UEUk Nafarroako Hezkuntza Graduetako ikasleen beharrizanei erantzun asmoz. Hala ere, aurrera begira, eskaintza hedatu eta bestelako ezagutza-arloetara zabaltzeko asmoa adierazi dute Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta UEUko zuzendari Iñaki Alegriak.

"Aspaldi alde batera utzita" zegoen elkarlana berreskuratzeko eta denboran iraunkortzeko asmoz sinatu dutela azpimarratu dut Maria Solana Hezkuntza kontseilariak.  Izan ere, gobernu honi ere badagokio euskarazko unibertsitate mailako ikasketak osatzea, eta oro har, formazio etengabea euskaraz bermatzea. Oraingo honetan, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik gauzatu dugu kalitatezko hezkuntzarekin gobernu honek duen konpromisoa”.

Bide horretan UEUK euskara eta unibertsitatea lotzeko aukera ematen diela gaineratu du Solanak, "kalitatezko formazioan sakontzeko osatzen duten eskaintza interesgarriren bidez, unibertsitate arloari zuzenduta bai, baina ez bakarrik, interesa duen ororentzat ere badirelako ikastaroak”. Aurtengo eskaintza Hezkuntza graduetako ikasleei begira antolatu bada, bestelako ezagutza-arloetara heltzea da asmoa.

UEUko zuzendari Iñaki Alegriak ere hitzarmenaren garrantzi estrategikoa azpimarratu du: “UEUk Nafarroan lanean dihardu 1977az geroztik. Urte horretatik aurrera Nafarroako hiriburuan antolatu ditugu udako ikastaroak, hau da, 40 urteko ibilbidea dugu bertan. Azken ikasturtea inoizko arrakastatsuena izan da antolatu dugun jarduerei dagokienez, eta hori nafar eragileekin batera lan egin dugulako da. UEU euskarazko formazioan erreferentzia bilakatu nahi du Nafarroan eta horretarako ezinbestekoa da indarrak bildu eta elkarlana sustatzea”.  Iruñeko Udalarekin duten elkarlana edota NUPekin sinatutako hitzarmena ere izan ditu gogoan. Eta baita maiatzean Iruñean egin zen IkerGazte kongresuak izan zuen arrakasta ere

Sinergiak indartzea ezinbestekotzat jotzen dituztela esan du Alegriak, "lortu nahi ditugun helburuak ere handiak direlako: euskara normalizatzea unibertsitatean, nafar profesionalak formatu, tokiko behar akademikoei erantzun eta etengabeko euskarazko formazioaren erreferentzialtasuna areagotu”.

Udazken honetarako 9 ikastaro antolatu ditu Iruñean UEUK, horietatik 7 Hezkuntza sailaren laguntzarekin.

Hori bakarrik ez, aurrerantzean Ezpeleta jauregia izango du UEUk egoitza egonkorra Iruñean. Hala jakinarazi du Alegriak: “Ilusio handiz esan dezakegu urte askotan zehar toki batean eta bestean ibili ondoren, udako ikastaroentzat egoitza egonkorra eskaini digula Hezkuntza sailak Ezpeleta jauregian, Iruñeko bihotzean. Bihotzez eskertzen dugu gure alde egin duzuen apustua, eta ziur gaude emaitza oparoak ikusiko ditugula #ElkarEkin”.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari