Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Musikarekin ikastearen onurak ikertu dituzte Bilboko Unamuno Institutuko ikasleek Zientzia Azokan

Dokumentuaren akzioak

Musikarekin ikastearen onurak ikertu dituzte Bilboko Unamuno Institutuko ikasleek Zientzia Azokan

2018/04/09 - Unibertsitatea.net
IES Unamuno BHI-ko (Bilbo) Musikasi Taldeak Zientzia Azoka ekimenaren baitan bizitako esperientzia jaso dugu atarian. Oier Arana irakaslea eta Irantzu Rico ikertzailea izan dituzte bidelagun proiektuan.

Elhuyarrek kultura zientifikoa gizartean sustatzeko egiten dituen ekimenetako bat da Zientzia Azoka (#zientziazoka). Ekimenean 12-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte eta 2018ko edizioan 33 ikastetxetako 911 ikasle ari dira proiektua lantzen.

UEUk bat egiten du proiektuarekin eta lanean ari diren bost talderen esperientziak jasoko ditugu atarian.

Asteon Bilboko IES Unamuno BHI-ko Musikasi Taldearen esperientzia jaso dugu. Iñigo de Amezaga, Oier Mollinedo eta Javier Palaciosek osatzen du taldea eta musikarekin ikastearen onuraren gaia landu dute Oier Arana irakaslea eta Irantzu Rico ikertzaileen gidaritzapean.

Idatziz edo ikastetxean egindako bideo grabaketen bitartez jaso dugu prozesuan bizitakoa. Hona hemen:

 

Musikasi (Iñigo de Amezaga, Oier Mollinedo eta Javier Palacios) ikasle taldeari egindako elkarrizketa:

 

 Oier Arana irakasleari egindako elkarrizketa:

 

Irantzu Rico ikertzaileari egindako elkarrizketa:

 Irantzu Rico

 

Zerk bultzatu zaitu ekimen honetan parte hartzera?

Duela hiru urte hasi nintzen Zientzia Azokako ekimenean parte hartzen. Ekimen honek ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera eskaintzen die gazteei, eta preseski, alor horretan, zeregin garrantzitsua daukagu euskal ikertzaileok; alde batetik, zientzia esparrura gerturatzen ditugu ikasleak, barnean daramaten zientzialari bokazioak piztuz eta bultzatuz, eta bide batez, euskal kultura zientifikoa sustatzen da.

Nola antolatu duzu ikasleekin lana? Zer da azpimarratu diezuna?

Urtero prozedura berdina jarraitzen dut. Lehenik eta behin egokitutako ikasle taldea nire lantokira etortzen da, laborategira hain zuzen ere. Bertan, ikertzaileok egiten dugun lana aurkezten zaie, aurrera eramaten ari garen proiektu ezberdinak azalduz eta erabiltzen ditugun teknikak eta aparatuak erakutsiz. Horrez gain, beraiek aukeratu dituzten eta gerora Bilboko plaza berrian aurkeztu behar dituzten proiektuen bidelagun izaten gara, ideia zein iritzi konstruktibo ezberdinak emanez.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Oso esperientzia ona eta polita izaten ari da.  Aurten Bilboko IES UNAMUNO institutuko ikasleak egokitu zaizkit; arreta eta jakin-min handiko ikasle-taldea. Sormen handiko gazteak, ideia eta burutazio nabarmenekin.

Zientziarekiko interesa sustatzeko modu egokia dela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Zientzia Azokako ekimenak gure gizartean hain ezarrita dagoen biologiako, geologiako, teknologiako edo kimikako klase tradizionaletik eta ohikotik aldentzeko aukera ematen du. Zientzia aurrez aurre ikus daiteke; ikasleen sormena sustatuz, talde lana bultzatuz eta ateratako emaitzak gizarteratuz. Gertaera horiek guztiak, gazteengan, ageriko motibazio eragileak dira.

Errepikatuko al duzue esperientzia?

Bai, noski. Datorren urtean parte hartuko dut berriro ere.

Eta zer esango zenieke beste ikasleei parte hartzeko?

Zientziaren eta teknologiaren inguruko esperientzia ezberdin bat da. Esperientzia aberasgarria oso. Hasiera-hasieratik ikasleek gustuko dituzten proiektuak sortu, landu eta garatu egingo dituzte, etorkizunerako garrantzitsuak diren trebeziak eta abileziak landuz. Aukera ezin hobea beste eskoletako ikaskide berriak ezagutzeko eta  zientziaren eta teknologiaren inguruko ideia berriak partekatzeko. Anima zaitezte eta parte hartu!

 

logo_elhuyar                        ueu_logo

 

Zientzia Azoka