Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Murrizketen aurka protestatzeko ikasleek greba eguna izan dute Euskal Herrian

Dokumentuaren akzioak

Murrizketen aurka protestatzeko ikasleek greba eguna izan dute Euskal Herrian

2012/10/11 - Unibertsitatea.net
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan ikasleek mobilizazio eguna izan dute gaur “Hezkuntza herritik eta herriarentzat” lemapean. Euskal Herriko ikasleak kalera atera dira euren eskubideak aldarrikatzeko eta murrizketen aurka protesta egiteko.

Ikasle Abertzaleek egindako deialdiari erantzunez, milaka ikasleek greba egin dute gaur Euskal Herrian murrizketen kontra protestatzeko. Manifestazioak, agerraldiak, eserialdiak eta beste hainbat ekintza gauzatu dituzte ikasleek.

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazio jendetsuak izan dira. Gazteek murrizketen aurka eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza uniformatzeko asmoen kontra aldarrikapenak egiten dituzte kaleetan zehar.

Protestaldien baitan hainbat istilu izan dira Ertzaintzarekin Bilbon eta foruzainekin Iruñean. Bilbon Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza delegazioaren parera protesta egitera joan diren ikasleak eseraldia egin dute eta kolpeka altxarazi dituzte ertzainek. Iruñean aldiz, foruzainek trabak jarri dizkiote goizean manifestazioan NUPetik atera den zutabeari.

Ikasle Abertzaleek oso positibotzat jo dute ikasleen erantzuna; bigarren hezkuntzako ikastetxeetan jarraipena "erabatekoa" izan dela azpimarratuz.