Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 40 urte

Dokumentuaren akzioak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 40 urte

2016/10/19 - unibertsitatea.net
1976an sortu zen Eskoriatzako Irakasle eskola, euskal irakasleak prestatzeko helburuarekin. HUHEZIren historia laburbiltzen duen "40 urtean euskal gizartean eragiten" izeneko liburu zein dokumentala aurkeztu dituzte urteurrenaren harira.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 40 urte

HUHEZI

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 40 urte beteko ditu aurten eta ospakizunen barruan, besteak beste, 40 urtean euskal gizartean eragiten izeneko liburu zein dokumentala aurkeztu dituzte. Ikasturtean zehar, hala ere, ekitaldi gehiago izango dira, batez ere maiatzean. Atzerritik etorritako adituen hitzaldiak, Euskal Herriko pertsonaia ezagunekin mahai-inguruak, musika kontzertuak, ate irekiak zein jai bereziak. Urtean zehar antolatuko dituzten gainerako ekitaldietan ere presente izango da urteurrena. 

1976an sortu zen Eskoriatzako Irakasle Eskola, "orduko hezkuntza sistemak zuen erronka handi bati" erantzuteko. Euskal irakasleak prestatzea hain zuzen ere. 1997. urtean, Mondragon Unibertsitatea sortu zuten Arrasateko Eskola Politeknikoarekin eta Oñatiko ETEO enpresa eta ekonomia eskolarekin batera.

Sorreratik hona 7.000 ikasle baino gehiago pasatu dira fakultatetik. Horietatik 5.000tik gora dira Hezkuntza ikasketak egin dituztenak. Izan ere, gaur egun hezkuntza graduaz gain, ikus-entzunezko gradua ere eskaintzen da fakultatean bertan. Baita lau unibertsitate master eta hainbat aditu titulu ere. Gainera, gaur egun bi campus ditu, Eskoriatzakoa eta Aretxabaletakoa.