Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Miren Amuriza: “Geroari begira euskara nola indartu eta biziberritu dezakegu landu behar dugu”

Dokumentuaren akzioak

Miren Amuriza: “Geroari begira euskara nola indartu eta biziberritu dezakegu landu behar dugu”

2012/06/01 - unibertsitatea.net
Miren Amuriza 22 urteko bertsolaria da. Azken urteetan, 2010ean Durangaldeko txapelduna eta 2011n Bizkaian hirugarrena geratu da.

Miren Amuriza 22 urteko bertsolaria da. Hamabi urterekin hasi zen bertsotan eta 2008ko Durangaldeko Bertsolari Txapelketako txapeldunordea, 2010ean Durangaldeko txapelduna eta 2011n Bizkaian hirugarrena geratu da. Horrez gain, ikaslea ere bada. Azkenengo lau urteotan Euskal Filologia ikasten aritu da Gasteizko EHUn.


Zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? 12 urterekin bertsotan hasi zinenean piztu zitzaizun letretarako zirrara? Eta zergatik letrak eta ez zientziak? Momentuz, bertsotan aritzea ogibide bihurtu duzun hori hobetzeko eta bertan hobeto trebatzeko aukeratu zenuen Euskal Filologia?

Txiki-txikitatik izan naiz letren zalea, beti izan dut gurago ipuin bat irakurtzea edo idaztea kalkulu matematikoak egitea baino. Egia esan zenbaki kontuetan ez dut sekula abilezia handirik izan. Ikasketak aukeratzean hainbat aukera nituen: kazetaritza, magisteritza... Azkenean filologian sartu nintzen eta egia da bertsotan ibiltzeko osagarri ona izan daitekeela, baina ez nuen horregatik aukeratu.


Ikasketak asterakoan imajinatutakoa topatu duzu? Espero zenuenaren berdina da unibertsitatea?

Ez. Esango nuke gehienok unibertsitatearen irudi idealizatu batekin hasten garela karreran. Gutariko askorentzat etxetik joateko aukera izaten da eta egia esan asko ikasi dut Gasteizen eta fakultatean, baina gehiago klasetik kanpora klasean baino. Alde horretatik pentsatzen nuena baino gehiago aurkitu dut. Baina akademikoki beste zerbait espero nuen egia esan.


Faltan botatzen duzu zerbait?

Gure karrerari dagokionean, batasun falta nabarmena sumatu dugu alor ezberdinetan. Euskararen iraganari buruz asko ikasi dugu baina hizkuntza minorizatu batekin lanean aritu behar dugula kontuan izanik, faltan bota dut geroari begira euskara nola indartu eta biziberritu dezakegun lantzea edo antzera dauden beste hizkuntza batzuen egoerak ezagutzea.


Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan noski, ez da halakorik gertatu. Baina zer uste duzu euskararen egoeraz unibertsitatean? Hobetu daiteke? Eta hobetzeko premiarik al dago?

Aurkakoa esango nuke. Egia da gure karreran ikasgai guztietan euskaraz matrikulatzeko aukera dugula baina erdarazko material ugari erabili behar izan dugu. Hizkuntzalaritzaren esparruan, fonologian eta abar, ingelesezko materiala nagusitzen da eta beste alor batzuetan ere sarritan tokatu zaizkigu gaztelera edota frantsesezko artikuluak adibidez. Euskaraz geroz eta ikerketa eta bitarteko gehiago dagoen arren, oraindik lan handia dago egiteko.

Unibertsitatean aldiz, hainbat hutsune sumatu ditut. Gure kasua ez den arren, beste karreretako ikasle asko ezagutu ditut ikasgai batean euskaraz matrikulatu eta eskolak gazteleraz eman dituztenak irakasle euskaldunik ez zeukatelako edo zegoenak euskara maila kaskarra zuelako. Ikasgeletatik kanpora ere, sarritan tokatu zaigu unibertsitateko idazkaritzetan, tabernetan edo fotokopistegietan euskaraz hitz egin eta langileak gazteleraz erantzutea. Denak du bere garrantzia, baina gauza txiki hauetan ere egin beharko lirateke aldaketak.


2009an Euskal Herriko Txapelketan ibilbide bikaina egin zenuen, 2010ean Durangaldeko txapeldun izan zinen eta 2011n Bizkaian hirugarren. Gaur egun zertan zabiltza?

Karreran hasi nuenetik urtero tokatu zait txapelketaren batean parte hartu beharra: Eskualdekoan, Bizkaikoan, Euskal Herrikoan... Alde horretatik aurtengoa izan da lehen deskantsu urtea eta gehiago aritu naiz beste gauza batzuetan. Dena den oso gustora jarraitzen dut bertsotan eta udan urrian hasiko den Bizkaiko Txapelketari begira jarri beharko dugu berriz ere.

 

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Orain arteko martxarekin gustora nabil egia esan; han kantatu, hemen idatzi... Kulturgintzatik bizimodua ateratzea, ezinezkoa da ordea beraz laster hasi beharko dugu curriculumak batera eta bestera bidaltzen... Beti egon naiz proiektu berriak hartzeko prest eta gerora ere gauza ezberdinak egiteko gogoz nago.