Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Badator X. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Badator X. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia

2017/01/12 - unibertsitatea.net
Ikus-entzunezko Komunikazio graduko 4. mailako ikasle talde batek antolatzen du jaialdia eta martxoaren 28tik 31ra bitartean izango aurtengoa. Urtero legez hainbat sail izango ditu eta ia 6.000 euro banatuko dira saritan.
Badator X. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia

2017ko Huhezinema jaialdiko antolatzaile taldea. MU

Martxan da berriro ere, Huhezinema. Huhezi fakultateko (Mondragon Unibertsitatea) Ikus-entzunezko Komunikazio graduko 4. mailako ikasle talde batek antolatzen duen jaialdia. Martxoaren 28tik 31ra bitartean izango da aurtengoa, ohiko lekuan, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Euskal Film Laburren Jaialdiaren X. Edizioa izango da eta lanak aurkezteko epea 2017ko otsailaren 16ra arte egongo da irekita. Urtero legez aurten ere hainbat sail izango ditu jaialdiak eta ia 6.000 euro banatuko dira saritan.

Sail ofizialean Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) jaiotakoek edo Euskal Herrian erroldatuta daudenek parte hartu dezakete. Sail honetarako 10 film labur aukeratuko dira eta horietako bakoitzak 200 euroko diru-saria jasoko du. Hiru sari nagusi banatuko dira aukeratutako hamar lan horien artean. Goiena sariak euskarazko film labur onena sarituko du. Goiena Komunikazio Taldearen eskutik 800 euro jasoko ditu irabazleak eta horrez gain, Ogeita4 Camera Solution enpresak 1.500 euroko balioa duen kamera ekipamendua utziko dio irabazleari,  euskarazko film bat egin eta 2018ko Huhezineman sail ofizialetik kanpo aurkezteko. 500 euroko Vertigo saria eta 300 euroko Ikusleen saria ere banatuko dira.

Urtero legez Mondragon Unibertsitateko ikasleek ere hiru sari berezi izango dituzte. Fikzio onenarentzat zein dokumental onenarentzat 300 euroko sari bana eta Ikusleen saria (100 euro).

Basque Culinary saririk ere ez da faltako. MUko Donostiako Gastronomia Fakultatearekin gauzatutako lankidetzari esker, bosgarren aldiz gastronomiak bere tartea izango du jaialdian. 500 euroko saria jasoko du lanik onenak eta Ikusleen saria, berriz, 100 eurokoa izango da. Kasu honetan ere Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) jaiotakoek zein Euskal Herrian erroldatuta dagoen edonork parte hartu ahal izango du.

Berritasunak ere badira aurten. Izan ere, lanak aurkezterako orduan nahikoa izango da izen-emate fitxa bete eta Vimeo bideo plataformara igotako lanaren esteka bidaltzea.