Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maria Molina Intxaustegi arkeologoak jaso du V Premio Iberoamericano del Mar Cortes de Cádiz saria

Dokumentuaren akzioak

Maria Molina Intxaustegi arkeologoak jaso du V Premio Iberoamericano del Mar Cortes de Cádiz saria

2015/02/25 - Unibertsitatea.net
Egun Texasen dihardu ikertzaile gonbidatu gisa eta Habanako XVIII. mendeko errege ontziola eta gudu portuei buruzko ikerketa bat egin du.

Maria Molina Intxaustegi ikertzaile donostiarrak irabazi du V Premio Iberoamericano del Mar Cortes de Cadiz saria. Cadizko udalaren eskutik jaso du Habanan XVIII. mendean zeuden errege ontziolen eta gudu portuen inguruan egindako ikerketa lana dela eta.

Espainia lehen mailako ontzigintzako potentzia izan zen garaia du ardatz historia lanak. Helburu nagusia, Habanako ontziolekin lotutako gertakariak aztetzea izan da. Gertaera horien ondorioz, gerra portu hori Espainiako XVIII. mendeko gudu ontzitegi garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, penintsulakoak baino garrantzitsuagoa, alajaina. Habanako ontziola hiriko industria instalaziorik handiena izan zen eta itsasontziak ezagunak egin ziren kalitate oso onekoak izatearren. Espainiako ontzien herena bertan ekoiztu zen.

UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko ikertzailea eta “Euskal Herria eta Amerika: Lotura eta Harreman Atlantikoak” izeneko ikerketa taldeko kidea da Maria Molina. Gainera, urpeko arkeologoa ere bada, baita Isla Grosa izeneko proiektuko eta INSUB urpeko ikerketarako kultura elkarteko kidea ere. Historian lizentziatu zen UPV/EHUn, ondoren 'Europa eta mundu atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea' unibertsitate arteko masterra burutu zuen.