Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Manex Agirrezabal: "Konputagailuek bertsoak modu naturalean sortzea lortuko dute"
Erabiltzailearen akzioak

Manex Agirrezabal: "Konputagailuek bertsoak modu naturalean sortzea lortuko dute"

2014/10/15 - Unibertsitatea.net
Manex Agirrezabal "Hizkuntzalaritza konputazionaleko teknikak poesia sortzaile automatikora bidean" doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko IXA Taldean. Elkarrizketatu egin dugu gazte zumarragarra.

Manex Agirrezabal (Zumarraga, 1988) Informatikan Ingeniaria da (UPV/EHU) eta ikasketa amaierako lana dagoeneko bertsolaritza munduarekin lotuta egin zuen: Bertsotarako Arbel Digitala. Ondoren Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra burutu zuen eta bertan aurkeztu zuen proiektua ere bertsoaren munduarekin erlazionatutakoa izan zen: BertsoBOT: Lehen urratsak (2012).

Egun, doktorego-tesia egiten ari da IXA Taldean, hau ere bertsolaritzaren munduarekin lotuta: Hizkuntzalaritza konputazionaleko teknikak poesia sortzaile automatikora bidean. Berarekin izan gara eskuartean duen proiektuaz hitz egiteko:

 

Zure doktorego-tesiak bertsolaritzaren munduan murgildu zaitu guztiz. Zer da ikertzen ari zarena?

Gure ikerkuntza-lerro nagusia bertsoen analisia eta sorkuntza egingo duen kutxa beltz bat garatzea da. Makinak bertsoak sortzeko gai dira? Eta sortuko balitu, nolako kalitatea izango lukete?. Hori egiaztatzeko, Turingen testaren antzeko bat egin beharko genuke. Bertan, hainbat bertso emango genizkieke pertsona batzuei (bertsolariek eta konputagailuak sortutakoak) eta hauek makinak sortutakoak edo bertsolarienak diren asmatu beharko lukete. Baina oraindik sorkuntza mailan gaude, hastapenetan. Izan ere, lan handia dago egiteko Hizkuntza Naturalaren Sorkuntzan, batez ere euskaraz.

Bertsoak aztertuko dituen kutxa beltz bat garatzen zabiltzatela diozu. Zein da kutxa horrek izango duen funtzionamendua?

Bi noranzkotan lan egin beharko lukeen kutxa beltz bat litzateke. Analisia egiterakoan, sarreratzat bertsoa emango genioke kutxari eta honek, bertsoaren analisia itzuliko liguke (neurria, errimak, bertsoaren gaia, ...). Sorkuntza egiterakoan, aldiz, gaia eta neurria emango genizkioke kutxari hark metrikoki eta semantikoki egokia den bertso bat itzultzeko. Orain arte egin ditugun lanekin, gai gara metrikoki egokiak diren bertsoak sortzeko, baina bertsoek esanahia ere eduki behar dute. Orain horretan ari gara gure indarrak jartzen.

IXA taldean hizkuntzalariak eta informatikariak elkarren eskutik lanean aritzen zarete. Zure ikerketan ere horrela izaten ari da?

Orotan behar izaten dugu laguntza eta informatikarien eta hizkuntzalarien laguntza izaten dugu, eta hori, benetan eskertzekoa da. Gure sistemaren garapenak aurrera egin ahala, hizkuntzalariekin elkarlanean ebaluatu beharko ditugu bertsoak edota puntuak, batez ere gramatikaltasunaren arloan. Taldean dugun etxeko giroak horrelako lankidetzak ahalbidetzen ditu.

Posible ikusten duzu konputagailuak poesia eta bertsoak sortu eta naturala izatea?

Egia esan bai. Duela gutxi lagun hizkuntzalari batekin hitz egin nuen, eta berak ere posible ikusten zuen. Azken urteotan informatikak izan duen garapena ikustea besterik ez dago. Duela 20 urte imajinaezina zen konputagailu batek xakean munduko xake txapelduna garaituko zuenik, eta IBMren Deep Blue makinak 1997an lortu zuen. Guk ez dugu gure helburua datorren urtean lortuko agian, baina ikerkuntzak aurrera egin ahala, ez zait iruditzen ezinezkoa den zerbait.

Beraz... noizbait plazan makinak eta bertsolariak buruz buru ikusteko aukera izango dugu?

Fisikoki posible ikusten dudan arren, gure helburua ezberdina da. Gure helburua ez da bertso-sorkuntza sistema zuzenean robotean txertatzea eta bertsolariekin plazan ikustea. Konputagailuen kreatibitatea eta hizkuntza naturala sortzeko gaitasuna ezagutu nahi dugulako egiten dugu ikerkuntza hau.

Bertsozaletasunak eraginda hautatu zenuen bertsolaritzaren ikerlerroa ala bertsolaritzaren bat-batekotasun horrekin "lehiatzeko" grinak eraginda?

Bai bata eta baita bestea... Batetik, bertso batek dituen ezaugarri metriko, semantiko eta pragmatikoek egunez-egun gehiago harritzen naute. Bestetik, beti gustatu izan zait zientzia-fikziozko filmetan makinek eta gizkaiek duten elkarrekintza naturala (HAL 9000 eta parekoak). Nik uste dut gure ikerkuntza-lerroak elkarrekintza hori naturalagoa egiten lagun dezakeela.

Epe laburrean zeintzuk dira eskuartean dituzun proiektuak?

Une honetan, Delawareko unibertsitatean (AEBtan) egonaldi bat egiten ari naiz eta gure lanak (orain arte egindako lanak eta egin nahi ditugunak) kanpoko ikertzaileei aurkeztea eta haien oniritzia lortzea da helburu nagusia. Oneritzizrik lortu ezean ere kritikak ere ongi etorriak izango dira, honek tesiaren kalitatea igoko duela uste baitut. Behin egonaldia bukatutakoan, Hizkuntza Naturalaren Sorkuntzako sistemaren inplementazioan jarriko ditugu gure indarrak.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari