Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maite Goiriena: "Gazte ikertzaileak AEBetan tentsio handiko giroan bizi dira, Euskal Herrikoa askoz nahiago dut"

Dokumentuaren akzioak

Maite Goiriena: "Gazte ikertzaileak AEBetan tentsio handiko giroan bizi dira, Euskal Herrikoa askoz nahiago dut"

2018/09/27 - Unibertsitatea.net
Maite Goirienak Ingeniaritza Kimikoko ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Unibertsitate berean defendatu zuen bere doktorego-tesia eta egun AEBetan ari da ikerketa lanetan, University of California Berkeley-n alegia.

Maite Goiriena gernikarrak (1990) Ingenitza Kimikoa ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU). Ondoren Leioako Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean Material Berriak masterra ikasi zuen eta bertan aurkeztu zuen bere doktorego tesia ere. Egun, University of California Berkeley-n ari da lanean.

Ingeniaritza Kimikoa ikasten ari zinela hasi zitzaizun dagoeneko ikerketarekiko grina? Nola sortu zen tesia egiteko aukera?

Ez, grina ez zitzaidan sortu ikasketetan, ez nekielako ikerketan jarduteko aukerarik zegoenik ere. Bilboko Ingeniaritza Eskolan ez nuen ikerkuntzari buruzko informaziorik jaso. Harrigarria badirudi ere, ez nekien zientzia artikulu bat zer zen ere. Ikasgaiak industriara zuzenduta zeuden guztiz eta argi neukan bide horretatik ez nuela jarraitu nahi. Ikasketak amaitzerakoan, lagun min baten gomendioa jarraituta, Material Berriak izeneko masterrean eman nuen izena. Unibertsitateko bigarren ziklo horretan, Leioako campuseko ikerkuntza talde pilo bat ezagutu nituen eta Euskal Herriko zientzia bizirik zegoela ikusi nuen. Orduan hasi zitzaidan ikerketarekiko grina.

Masterrean zehar, bizpahiru ikerkuntza talderekin izan nuen hartu-emana. Ikasturtea bukatzerakoan, irakasle batek tesia berarekin egitea proposatu zidan eta pozik esan nion baietz. Horrela sartu nintzen “Magnetismoa eta Material Magnetikoak” ikerkuntza taldera. Nire tesia Basque Center for Materials (BCMaterials) fundazioak finantzatu zuen.

Ikerketa minbiziarekin loturiko nanopartikula batzuen fabrikaziora bideratu zenuen.

2010ean artikulu oso interesgarri bat argitaratu zuen Chicago-ko Argonne National Laboratory-ko ikerkuntza talde batek. Bertan, disko formadun partikula magnetikoak erabili zituzten, iman baten eraginez, minbizi zelulak apurtzeko. Partikula hauek ordea oso handiak ziren, mikra bateko diametroa zuten (1 mikrometro=1000 nanometro). Normalean erabilera klinikoetara zuzendutako partikulen diametroa nanometro gutxi batzuetakoa baino ez da, izan ere gorputzean ahalik eta material arrotz kantitate txikiena sartzea komeni da, albo-kalteak murrizteko. Nire tesian, nano-fabrikazio teknika berri bat garatu genuen disko formadun partikula ahal bezain txikienak sortzeko. Horrela, 70 nanometroko diametrodun diskoak fabrikatzea lortu genuen 2010eko artikuluko mikrodiskoen ezaugarri berdinekin, alegia, minbizi zelulak apurtzeko gaitasunarekin.

Minbizi-zelulak suntsitzera bideratutako nanopartikula horien eraginkortasuna frogatzeko aukerarik izan duzue?

Bai, tesiaren azkeneko urtean birikietako minbizi zelulekin froga batzuk egin genituen nanodiskoen eraginkortasuna aztertzeko. Zelula bakoitzeko ehun bat nanodisko gehitu genituen eta 24 orduz inkubatzen utzi, zelulek nanodiskoak “jan” zitzaten. Ondoren, kanpoko iman baten bidez nanodiskoak bibrarazi genituen. Mikroskopioa eta tindagai berezi bat erabiliz (hildako zelulak bakarrik koloreztatzen dituena), tratamenduak minbizi zelulen %30a suntsitu zuela neurtu genuen. Guk proposatzen dugun azalpen biologikoa hurrengoa da: nanodiskoen bibrazioak barne-kalteak eragiten dizkio zelulari (zehazki, lisosoma izeneko organuluak apurtzen ditu zelularen azidotasuna handituz) eta bere heriotza programatzen du nolabait. Hala ere, prozesuaren alderdi asko daude hobetzeko oraindik, batez ere, nanodiskoen gainazala (bio-bateragarria eta minbizi zelulekiko espezifikoa izan behar du) eta kanpoko imanaren konfigurazioa (nanodiskoen bibrazioa handitzeko). Eta hau guztia lortuta ere, nanodisko magnetikoen erabilera erreala oso urruti egongo litzateke. Unibertsitate mailako ikerkuntzatik maila klinikorako jauzia izugarri handia da.

Tesia Euskal Herrian eta Erresuma Batuan egin zenuen.

Tesiaren zati handiena UPV/EHUn egin nuen, baina hiru hilabetez University of Cambridge-en (Erresuma Batuan) aritu nintzen ikerketa lanetan. Bartzelonan ospatu zen kongresu batean mikrodisko magnetikoekin lan egiten zebilen ikertzaile bat ezagutu nuen. Bata bestearen emaitzei buruz eztabaidatu ostean elkarrekin kolaboratzea interesgarria litzatekeela pentsatu genuen. Erasmus+ Europako Batzordeko programari esker lortu nuen finantziazioa Cavendish Laboratory-n (Cambridge) egonaldia egiteko. Nire tesiari begira emaitza azpimarragarriena bertako taldeak garatutako imana izan zen; partikulen bibrazioa maximizatzeko prestatutako imana alegia. Nik ez nuen astirik izan iman hori nanodiskoekin erabiltzeko baina kolaborazioa martxan dago eta UPV/EHU-ko nire taldekide batek frogatuko du laster.

Orain AEBetara joan zara, han ari zara lanean.

Bai, orain San Franciscon bizi naiz eta Berkeley-ko Unibertsitatean (University of California Berkeley) nabil lanean. Aukera, berriz ere, kongresu batean sortu zen. Nire ustez kongresuen alderdi positiboena hori da, mundu osoko zientzialariak ezagutzea eta aurrerapausoak emateko zubiak eraikitzea. Kasu honetan, Dublinen ospatu zen kongresu batean ezagutu nuen Berkeley-n lanean zebilen ikertzaile bat. Bere ikerketa-lana interesgarria iruditu zitzaidan, berria baina aldi berean nire tesiarekin zerikusia zuena. Taldeko zuzendaria postdoc berri baten bila zebilela esan zidan eta e-mail bat idatzi nion bi aldiz pentsatu barik. Bideo-dei bidezko elkarrizketa gogor pare baten ostean euren taldera ongi etorria eman zidan. Tesia aurkeztu eta bi astetara AEBetan nengoen. Hemen, nanodiskoekin jarraitzen dut lanean baina erabilera desberdin bat daukagu buruan. Labur esanda, elektrizitatearen bidez nanodiskoen izaera magnetikoa aldatu nahi dugu zelulak manipulatzeko, zehazki zelula desberdinak banatzeko, minbizi zelulen diagnostikorako.

AEBetako ikertzaile gazte baten egunerokotasuna eta Euskal Herrian lanean ari den batena antzerakoa da?

Ez, nahiko ezberdina dela esango nuke. Lehiakortasun maila askoz ere handiagoa da hemen. ARWU-ren arabera (Academic Ranking of World Universities), Berkeley munduko 5. unibertsitate onena da. Horrek esan nahi du eskaera kantitate ikaragarri handia jasotzen duela eta, beraz, aukeraketa zorrotza egiteko boterea daukala. Goi-mailako ikertzaileak eta baliabide ekonomiko nabarmenki handiagoak izateak, ikerkuntzaren abiadura asko igotzea dakar. Ondorioz, tentsio handiagoko giroa nabaritzen da, bai doktoretza, bai postdoc-a egiten ari diren gazteen artean. Hemen, badirudi jendea kontu gehiagorekin dabilela ideiak edo edonolako ezagutzak gordetzeko. Norberekeria hori da atentzio handiena eman didana unibertsitate mailako ikerkuntzaren oinarriaren guztiz kontra doalako. Horregatik, nik neuk, UPV/EHUko ikerkuntza giroa askoz gustukoago dut. Oso kalitate maila handiko zientzia egiten da Euskal Herrian, giro osasuntsuago batean.

Noiz arte egongo zara bertan?

Urtebeterako kontratuarekin etorri nintzen, aurtengo azaroan amaitzekoa zena. Baina geroago, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza lortu nuen: bi urte atzerrian gehi urte bat UPV/EHUn. Horrek esan nahi du 2020ko urtarrilera arte egongo naizela hemen eta, ondoren, Leioako campusean ikertzeko beste urtebeterako kontratua izango dudala.

Egia esan, oso gustura nago Kalifornian. Askotan esaten dut kanpora ikastera zein lanera joatea oso aukera ona dela norberak gogoa badu. “Kanpora joan behar duzu” esaldia ez dut bat ere gustuko. Jende gazte eta ez hain gazte askok kanpora joateko beharrizana izan dute euren gogoaren kontra. Oso tristea iruditzen zait egoera hori. Hala ere, aukera eta gogoa izanez gero, ez pentsatu bi aldiz, esperientzia, pertsonala batez ere, oso aberasgarria da.

Zeintzuk dira epe laburrean dituzun planak.

Nire planak beti dira epe laburrekoak egia esan. Ikerkuntzan, tamalez, ez dago epe luzerako planak egiteko aukera handirik. Burua beti hurrengo diru-laguntzan, hurrengo “jokaldian” dago. Esan bezala, 2020ra arte Berkeley-ko Unibertsitatean egongo naiz. Buru-belarri ikertu eta UPV/EHUra bueltatu nahi dut ikusi eta ikasitakoa erabiltzeko eta zabaltzeko.

Eusko Jaurlaritzako laguntzak aukera hori ematen dit zorionez. Gero, nire helburua UPV/EHUn irakasle eta ikertzaile lanetan jardutea denez, ordezkapen-poltsetan emango dut izena. Horrez gain, minbiziaren aurkako material berrien ikerkuntzarekin jarraitzeko beste diru-laguntzaren bat eskatuko dut, ondo pentsatu beharra daukat zein oraindik. Helmuga argi daukat buruan, baina bertara ailegatzeko pausu txiki pila bat eman behar ditut aurretik. Egunean egunekoa eta aurrera.