Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta emakumeen aurkako indarkeriari laguntzen die
Erabiltzailearen akzioak

Maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta emakumeen aurkako indarkeriari laguntzen die

2017/03/08 - unibertsitatea.net
Rut Iturbide Rodrigok, "El barco" telesaila oinarri hartuta, gaur egungo gizonen eta emakumeen arteko harremanak aztertu ditu bere tesian, beti ere genero ikuspegitik
Maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta emakumeen aurkako indarkeriari laguntzen die

Rut Iturbide Rodrigo, NUPeko doktore berria.

Maitasun erromantikoaren gaur egungo ereduak mendekotasun emozionalari eta emakumeen aurkako indarkeriari laguntzen die. Hala ondorioztatu du Rut Iturbide Rodrigo (Iruñea, 1978) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko Saileko irakasle eta ikertzaileak bere tesian. Bikain "cum laude" jaso du lanak. 

Gaur egungo gizonen eta emakumeen arteko harremanak aztertu ditu Iturbidek genero ikuspegitik. Horretarako “El barco” izeneko telesaila aztertu du. “Filmetan eta fikziozko telesailetan proposatzen diren gizonen eta emakumeen arteko harreman-ereduek gure gizarteko genero-desberdintasunaren egiturari eusten diote” dio Iturbidek.

Utopia erromantikoak berak gizon eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunei laguntzen die. “Utopia erromantikoaren eraginez, esaterako, emakumeok ‘maitasunagatik’ bigarren mailara baztertzen ditugu gure karrera profesionalak". Maitasun erromantikoaren ereduak lan emozionalean ere badakar bereizketa. Hala, gizonengan onartu ez ezik sustatu ere egiten diren eta emakumeengan debekatzen diren emozioak daude, eta alderantziz. Horren adibide dira tristura eta negarra; eta amorrua, adibidez.

Utopia erromantikoaren ondorioak ezberdinak dira emakumeen eta gizonen kasuan. Batetik maitasunak emakumeentzat garrantzi handiagoa izaten jarraitzen du gizonentzat baino. “Emakumeen kasuan, maitasuna beren bizitzaren giltzarri da –Marcela Lagarde antropologoak dioen moduan–, beren nortasunaren oinarrizko euskarri bat". Gizonentzat ez da funtsezkoa, beraien kasuan ez da onarpen sozialerako iturri nagusia. Badituzte horretarako bestelako elementuak: lana, kirola...

Gainera, batzuek eta besteek gauza ezberdinak espero dituzte harreman batetik. Gizonentzako garrantzitsua harremanak funtzionatzea da eta emakumeek  “hurbiltasun sentimentala" espero dute bereziki. “Emakumeek konpromisoa nahi dute, eta gizonek, beren sozializazioa dela-eta, ez dute besteekiko hainbesteko loturarik”.

Hirugarren ondorio gisa, maitasun erromantikoaren eredu horri "gizonentzako eta emakumeentzako sexualitate bereizi bat lotzen zaio". Ustez, bada gizonezkoen sexualitate-eredu hegemoniko bat, batzuentzat zein besteentzat sustatzen dena, baina, berez, “koitoan eta gizonei gozamena ematen dieten sexu-praktiketan oinarrituta dago, eta hori da telesailetan, filmetan eta telebistako iragarkietan ikusten duguna”.

Azkenik, lankide izan duen Eva Illouz soziologo eta idazlearen lanean oinarrituta, gizonek “ezkontza-merkatu” izenekoan duten nagusitasunari erreparatu dio. “Beraiek kontrolatzen dituzte ezkontza-merkatu horien arauak, emakumeek baino baliabide gehiago –ekonomikoak, sozialak eta sexualak– baitituzte, merkatu horietan denbora luzeagoa igarotzen baitute eta, hortaz, emakume gehiago baitituzte aukeran. Horrek azalduko luke zenbaitetan emakumeek izaten duten egiturazko mendekotasun emozionala eta gizonek haiengan gauza dezaketen indarkeria".

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari